Windows eta Office berriak euskaratzeko paketeak eskuragarri daude, doan

Windows sistema eragilearen eta Office ofimatika aplikazio sortaren euskarazko bertsioa aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Microsoftek. Softwarea behin instalatuta izanda, euskarazko bertsioa dakarren paketea deskargatu behar da. Doakoa da eta honako helbidean aurki daiteke: www.euskadi.net/euskara_soft. Arrasateko Garaian gunean aurkitzen den Microsoft-en Berrikuntza Guneak ere parte hartu du proiektuan.

Itzulpena behin instalatuta, sistema eragilearen azken bertsioa euskaraz egongo da. Microsoft Office aplikazio sortarako itzulpen paketea ere leku berberetik jaits daiteke eta ofimatika sorta osoa dago itzulita, azken bertsioan.

Windowsen zortzigarren bertsioa azken urteetako ezberdinena da tablet eta pantaila ukigarrietarako diseinu bereziarekin baitator, ez da aurreko bertsioen garapen bat. Hori dela-eta, itzulpen lanak zabalagoak izan dira sistemak berak orain dakartzan pertsonalizazio aukera handiak kontuan hartuta.

Office sortari dagokionez ere aldaketa nabarmenak ekarri ditu bertsio berriak. Language Interface Pack delakoan Word, Excel, PowerPoint eta One Note ezagunak eta baita Access, Publisher eta Outlook kudeaketa tresnen itzulpena deskargatu daiteke.

Bilbon egindako aurkezpenean Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak nabarmendu zuen informazio eta komunikazio teknologietarako tresnen euskaratzeak duen garrantzia, ze "euskarari ezinbestekoa baitzaio tresna horietaz baliatzea". Bereziki haur eta gazteek teknologia erabili eta eskuko gailuekin hasten diren lehen unetik euskarazko aplikazioak erabili ahal izatearen garrantzia azpimarratu zuen sailburuordeak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.