Grebaren jarraipena ezberdina izan bazen ere, sindikatuak "pozik" daude erantzunarekin

Jon Berezibar 2013ko mai. 31a, 11:46

Arrasate eta Bergarako manifestazioekin amaitu ziren greba eguneko mobilizazioak atzo, eguena. Arrasateko Greba Plataformakoek "gutun sozialaren eskaerekin aurrera jarraitu beharra" dagoela azpimarratu zuten eta "pozik" agertu ziren ibarrean grebak izandako erantzunarekin, kooperatiba handietan greba egin ez izanak eragin nabaria izan bazuen ere. Jaurlaritzarentzat "normaltasuna" izan zen nagusi, eta Confebaskentzat, zortzigarren greba orokorrak "porrot" egin zuen. Lasai joan zen eguna Debagoienean, baina arratsaldean Fagorren kamioi baten erremolkea erre zuten, Gasteizen.

BIDEOAK:

Kronika:

Kale inkesta:

ARGAZKI GALERIAK:

Informazio gehiago

Arrasate eta Bergarako manifestazioekin amaitu ziren greba eguneko mobilizazioak atzo, eguena. Bertan, Arrasateko Greba Plataformakoek mezu garbia izan zuten herritarrentzat, "gutun sozialaren eskaerekin aurrera jarraitu beharra" dagoela. Aizpea Otxandiano plataformako kidea pozik agertu zen ibarrean grebak izandako erantzunarekin eta nabarmen zuen "Euskal Herriak iritzi propioa duen langileria duela" erakutsi zela, indarrak batzen jarraitu beharra dagoela azpimarratuz.

Kooperatiba handietan greba egin ez izanak eragin nabaria izan zuen eta, espero moduan, askotariko erantzuna izan zuen grebak gurean. Arrasate eta Oñatiko lantoki nagusietan ez zuten grebarik egin eta industriagune txikietan jarraipena ezberdina izan zen, tokian tokiko. Horrek kontrastea egin zuen Hego Euskal Herriko gainerako ibar eta hiri industrialetan gertatutakoarekin, sindikatu deitzaileen arabera "zabala" izan baitzen erantzuna. Jaurlaritzarentzat "normaltasuna" izan zen nagusi eta, emandako datuen arabera, sektore pribatuan %18,7ko eragina izan zuen eta Gipuzkoan %43,1koa –eguerdiko datuak. Confebaskentzat, zortzigarren greba orokorrak "porrot" egin zuen.

Deitzaileek, balorazio ona

Datu zehatzetan sartu barik, LAB sindikatuko Ander Gallegok "kooperatiben eragina kenduta, grebaren balorazioa oso ona" egin zuen, ibarrari dagokionez. LABeko ordezkariak nabarmendu zuen Bergaran Arcelor eta Oñatin Garai moduko gune handiak grebara atera zirela eta hezkuntzan eta administrazioan geldialdia "ia erabatekoa" izan zela. Balorazio on hori "Gasteizko manifestaziora Debagoienetik joandako jendetza handiak" berretsi zuen, Gallegoren iritziz.

Pikete informatiboa, Bergarako DIAn.

Bare, goizean goizetik

Lantoki handietan, Fagor Elektratresnen kasuan bezala, ohiko lanegun bateko okupazioa erakutsi zuten aparkalekuek, esate baterako. Industriagune txikietan, ostera, bestelakoa zen goizean goiz atera zitekeen argazkia. Elgetako Pagatzan, esate baterako, itxita zeuden tailerrak eta auto barik. Enpresa txiki eta handien arteko aldea ikusi zen. Unibertsitateak ere zabalik egon ziren eta zenbait ikasle ere joan ziren zentroetara. Gertaera berezien berri ere ez zuen eman Ertzaintzak egunean zehar.

Fagorren kamioi baten erremolkea sutan

Intzidentzia batzuk izan ziren, ordea: Fagorren kamioi bateko erremolkearen erreketa tartean. Segurtasun sailetik adierazi dutenez, atzo, 17:15ean izan zen gertaera: Fagor Taldeko kamioi baten erremolkeari su eman zioten, Gasteizko Osinagea kalean.

Piketeak saltoki handietan

Bergara eta Oñatin izan ziren pikete informatibo aktiboenak goizean. Bergaran taldea 08:30ean abiatu zen eta merkataritza gune nagusietara joan ziren. Barruan langileak aurkitu zituzten kasuetan, piketea eta gero itxi egin zituzten saltokiak. Arrasateko Eroski, aldiz, zabalik egon zen, baina bezero kopurua txikia izan zen, jende emaria ikusita, LIDL ala DIA saltokietan bezala. Zenbait banketxek erdizka egin zuten lan, pertsiana erdi-zabalik, eta beste batzuek itxi egin zuten.

Komertzio txikia, itxita

Gainerako komertzio eta dendetan, ia guztietan, itxita egon ziren ateak herri guztietan. Grebaren eragina, hortaz, herrietako erdiguneetan igarri zuten gehienbat, komertzioak eta tabernak itxi egin zituztelako. Debagoieneko Ospitalean ere igarri zen egunaren ezohikotasuna jende aldetik, behintzat.

Udaletxeetan eta zerbitzu publikoetan, erabatekoa izan zen lanuztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak