Aitor Urtzelai: "Ekintzailetasuna beharrezkoa da baina horrek bakarrik ez gaitu krisitik aterako"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko eka. 4a, 10:00

Unibertsitateko irakasle izana da eta Oñatiko Enpresgintzako MIK ikerketa guneko zuzendari ere bai. Urtarriletik Jaurlaritzan dihardu, ondo ezagutzen duen alorrean: enpresekin elkarlanean, ekintzailetasuna eta berrikuntza bultzatzeko lanean. Ekintzailetasunaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria da. Oñatiarra, 38 urte ditu.

Zela Jaurlaritzako esperientzia?

Oso interesgarria, baina, era berean, hitzorduen aldetik-eta oso intentsua, oso betea. Eginkizun berri honek ematen dit aukera alor jakin batzuetan Euskadi mailako politikak edo estrategiak diseinatzeko eta hori oso erronka aberasgarria da. Norbaitek pentsa dezake administrazio publikoan erritmoak geldoagoak izan daitezkeela, baina oso eskakizun handiko lana da. Halere, gogoko lanetan aldaparik ez esan ohi da eta bat egiten dut esaldi horrekin. 

Motibazio berria ere bada, ezta?

Bai. Lan berri batean denok bilatzen dugu motibazio berria, gustura egoteko. Kasu honetan, lan honen eginkizun nagusia da kontrolatzen dudan alorrean jardutea neure herriaren alde lanean. Gauza gutxi hori baino motibagarriagorik.

MIKeko zuzendari lanetan ibilia zara. Badute antzik bi lanek?

Edukien aldetik bai. Nire ardura berria eta lehengoa alor berekoak dira, gai berekoak. Ekintzailetasuna, berrikuntza… azkeneko urteotan jorratu ditudan gaiak dira. Badut esperientzia horretan. Baina, gaiak berdinak edo antzerakoak izanik, ikuspuntua aldatzen da. Orain arte ikerkuntza gune bat gidatzen eta kudeatzen jardun dut. Orain, Eusko Jaurlaritzan, ikuspegi zabalagoarekin diseinatzen ditut estrategiak enpresendako. 

Ekintzailetzaren, berrikuntzaren eta informazio gizartearen alorra da zurea... Zer da?

Euskadin ekintzaileak baditugu. Gauza berriak probatu eta indarrean jartzeko lanean dihardute asko hemen. Eta gure lana da ekintzaileendako baldintza egokiak ezartzea, erraztasunak ematea finantziazio aldetik, zergen aldetik, administrazioaren burokraziaren aldetik… Bestetik, berrikuntzaren alorrean, batez ere, enpresekin dihardugu. Gaur egun enpresak mundu globalizatuan, lehiakorrean, dihardute. Eta nire ardura da zela lagundu enpresa horiei berritu daitezen munduan lehiakorrak izateko. Azkenik, informazioaren gizartearen alorretik, IKTak edo Informazio Komunikazio Teknologiak jendartearen eskura zela jarri asmatzen saiatzen gara: herritarrei, enpresei, administrazioari IKTak eskura jartzea izango litzateke helburua. Herritarren ongizatea hobetzeko, enpresen lehiakortasuna handitzeko eta administrazioaren efizientzia handitzeko. 

Aspektu ekonomikoari dagokionez, ez da garairik onena... Zela eragiten dio krisiak zuen sailari?

Egia da, aurrekontuei-eta dagokienez, murrizketez dihardugula etengabe, baina zenbaki errealei erreparatuz gero, gure sailean, konparatzen badugu 2012ko aurrekontuarekin, murrizketa %8koa da. Ez da horrenbestekoa. Gainera, konfirmatzen bada horrenbeste entzun dugun zorpetze gaitasunaren malgutzea, Europatik datorren agindua, Tapia sailburuak eta lehendakariak konfirmatu dute 20 milioi euro gehiago izango genituzkeela berrikuntzarako eta gure sailerako, justu, 5 milioi euro gehiago. Diru hori gehituko bagenio gure aurrekontu proposamenari eta iaz exekutatu zen aurrekontuarekin alderatuz gero, esan genezake, gure sailean berrikuntzako inbertsioetarako iaz baino diru gehiago edukiko genukeela. 

Pentsatzekoa da, era berean, egoera ekonomiko honen aurrean berebiziko garrantzia izango duela zuen departamenduak?

Bai. Ekonomiaren garapena eta lehiakortasuna da gure egiteko nagusia. Hori ardatz hartuta, beste sail batzuekin batera, enplegua sustatzeko plana ere egin dugu edo foru aldundiekin batera ekonomia indartzeko plana diseinatzen ari gara.

Zeintzuk dira zuen lehentasun nagusiak?

Ekintzailetasunean pentsatzen dugunean, lehentasun nagusia da ekintzaileei eurei entzutea, arazoen berri jakitea eta, ondoren, dauzkagun tresnak edo programak haien beharretara egokitzea. Hori era koordinatuan egiten saiatzen gara, administrazio publiko ezberdinetan eta erakunde ezberdinetan laguntza mota asko daude-eta. Berrikuntzaren alorrean, lehenbizi, balioan jarri nahi dugu berrikuntza ez teknologikoa. MIKen nengoenean horren alde egin nuen borroka. Jakina, berrikuntza teknologikoa beharrezkoa da, baina berrikuntza horri kudeaketa eredu berria ezartzen ez badiogu edo negozio eredu egokia aplikatzen ez badiogu, alperrik gabiltza. Eta, zentzu horretan, enpresei laguntzeko eredu berria garatu nahiko genuke. Eredu berri horretan, erabaki beharko dugu, lehenbizi, zeri eman garrantzia: pertsonen parte hartzeari, marketin estrategiei edota produktuen diseinuari. Bestetik, ze eratako enpresei lagundu behar diegun, txikiei, handiei, ertainei; sektore bateko edo bestekoei. Azkenik, enpresa bakoitzarendako tresna egokienak topatzen ahaleginduko gara. 

IKTen eta informazioaren gizartearen alorrean?

Lehentasuna da zela ezarri IKTak enpresa txiki eta ertainetan batik bat. Agenda digitalaren adierazle guztietan ondo kokatuta gaude, baina ez horrenbeste enpresa txiki eta ertainek duten teknologia mailaren inguruan. Ahultasun hori gainditu nahiko genuke. 

Euskadiko ekintzaile mapa berriro aztertu nahi duzuela adierazi izan duzu. Zer da mapa hori?

Kaotikoa da. Izan ere, ekintzailetza bultzatzen ehunka agente eta erakunde daude. Eta hori ona da, berez, baina eraginkortasunaren aldetik, akaso, ez da horren ona. Ekintzaileari erraztasunak eman behar dizkiogu. Mapa hori foru aldundiekin batera koordinatu eta ordenatzea nahiko genuke.

Ekintzailetasuna da krisitik ateratzeko gakoa?

Bai, baina ez da guztia. Beldurra ematen dit ez ote den moda bihurtuko ekintzailetasuna. Ematen du guztiok izan behar garela ekintzaileak eta horrek aterako gaituela krisitik. Horren guztiaren aurrean, kontuz!. Guztiok ez dugu balio ekimen berriak abiatzeko. Ondo dago ekintzailetasuna jarduera ekonomiko berriak bultzatzen dituelako eta, ondorioz, lana bultzatzen duelako. Baina horrek, berez, ez gaitu krisitik ateratzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak