Emakume birak ekainaren 7an ekarriko ditu munduko ziklistarik onenak gurera

Jon Berezibar 2013ko mai. 29a, 14:40

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Aretxabaletako udaletxean herrian hasi eta amaituko den Emakumeen Birako etapa. Emakumeen eskubideen aldeko egitarau zabala antolatu dute datozen egunetarako, Martxoak zortzi... egunero izan dadila lemapean.

Euskal Herriko Emakumeen txirrindularitza bira datorren barikuan igaroko da guretik. Aretxabaletan hasi eta bukatuko den etapa izango da eta bertan izango ditugu munduko emakumezko kirolaririk onenak: munduko eta olinpiar jokoetako txapeldunak, besteak beste. Emakumeen Egunaren bueltan antolatutako egitarauaren parte bat izango da. Hitzaldiak, musika eta kirol jarduerak egongo dira, baita ere datorren astean Aretxabaletan.

Emakumeen eskubideen aldeko egitarau zabala antolatu dute datozen egunotarako, Martxoak zortzi... egunero izan dadila lemapean. Eguenean, ekainak 6, hasiko dira ekimenak, emakumea eta kirolaren gaineko mahai-inguruarekin. Leire Olabarria txirrindulari olinpikoa, Ainhoa Azurmendi aholkularitza, Oñatiko kirol zinegotzi Ainhoa Martin eta Jaurlaritzako teknikari Dorleta Ugaldek hartuko dute parte 19:00etan, Arkupeko Zaraia aretoan hasiko den berbaldian.

Egun potoloa, ostera, ekainaren 7koa izango da, Datorren barikukoa, atzo udaletxean aurkeztu zutena. Euskal Herriko Emakumeen biraren bigarren etapa Aretxabaletan hasi eta bukatuko da eta Debagoiena osoa, goitik behera, hartuko du ibilbideak. Honela, Debagoieneko Udalek, Mankomunitateak eta Iurretako Emakumeen Bira Ziklismo Kirol Elkarteek indarrak batuta lortu dute etapa bertan egitea. Ahalegina bereziki eskertu dute antolatzaileek, krisi garaian kirol probak, orokorrean, eta emakumeenak, bereziki, gutxitu direlako.

Ekainaren 7an, Euskal Herriko Emakumeen Bira lasterketaren etapa hasi eta bukatu egingo da Aretxabaletan. Etapa gogorra izango da baina antolatzaileek diote polita ere izango dela. Elgeta eta Aramaio izan ezik, gainontzeko herri guztietatik igaroko dira txirrindulariak. Munduko onena etorriko dira aurtengo bihar, urtero moduan.

Emakumeen artean kirola sustatzeko eta eragileen arteko inplikazioa eta berdintasunaren aldeko urratsak bultzatzeko asmoz, Iurretako Emakumeen Bira Ziklismo Kirol Elkarteak urtero antolatzen du proba hori. Plazan hasiko da etapa, birako bigarrena eta plaza girotzen joateko, gainera, jaialdia hasiko da ordu erdi lehenago.

Gauzak ez dira hor amaituko. Aste osoan zehar, emakumeendako debaldeko kirol eskaintza izango da Ibarra kiroldegian: hain justu, korrika taldeak osatzearekin batera, spinning saioak eskainiko dira. Parte hartzeko interesatuek udaletxean edo kiroldegian eman behar dute izena.  Horrez gain, argazki lehiaketa antolatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak