Baikorrenaren animoa ere apaltzeaz gain...

Julen Iriondo 2013ko mai. 30a, 02:00

Aspaldian beste konturik ez da: "Noiz arte giro triste hau?". Aspaldian, aspaldiegian –salbuespen apurren bat salbu–, zeru grisak, euria eta hotza ditugu gurekin. Eguraldiak askori umorean eragiten digula gauza jakina da; baina, umorean bakarrik? Ez, noski. Arropa dendetako kutxetan ere igartzea guztiz normala da –edo terrazatik bizi diren tabernetakoetan– eta ez dugu ezer deskubrituko hori esanda. Baina estetika zentroetan? Bizikleta dendetan? Fruta-dendetan? Galdetu egin dugu.

Arropa dendak, motel 

Bergarako Zubikua dendakoa da Kristina Agirreurrutia. Bere esanetan, eguraldiak eragin handia du salmentan: "Giro honekin jendea neguko jantzita dabil. Ikusten da jendea botekin, berokiarekin... Guretzako izugarrizko kaltea da". Agirreurrutiak nahi luke apur bat epeltzea eta beherapenak aurretik saltzen hastea: "Guk, printzipioz, apur bat eustea nahiko genuke. Ze bidea ez da deskontuak jartzea, nire ustez. Gertatzen dena da bakoitzak bere egoera ikusi behar duela".

Zubikuakoak dio eguzkia agertzearekin igartzen dela mugimendua, giroagatik beharra ikusi arte ez dela jendea erostera animatzen: "Neguko jantzita baldin bazabiltza ez duzu pentsatu ere egin nahi kamisetekin". "Hau desastre bat da", dio: "Ni 30 urte noa dendan eta udaberri euritsuak izaten dira, baina halakorik nik ez dut gogoratzen. Balitz euria egiten duela baina tenperatura ona, zerbait; baina hotza nola egiten duen...". 

Bergaran bertan, barruko arropak, pijamak, bainujantziak... saltzen dituzte Iratxon. Edit Egurenek argi dio: "Kokoteraino gaude eguraldiarekin. Ona egiten ez badu, jendeak ez du erosten. Egun, jendeak erosten du beharra duenean, eta momentuan beharrik ez badu ez da saltzen". Beste maiatz batzuekin alderatuta gauza oso geldi dagoela dio. "Eta hau ez da gero errekuperatzen. Ez da berdina saltzen. Gero beherapenak datoz, eta jendeak itxaron egiten du. Bainujantziak, udako pijamak... orain ez badituzu saltzen, gero ez dira saltzen". 

Eguzkia atera orduko igartzearena hala dela dio Egurenek, baina normalena hori lehenago gertatzea dela, askoz lehenago: "Bainujantziak erosten-eta Aste Santu aurretik hasten da jendea, eguraldi ona egiten badu; baina aurten ez". 

Aretxabaletan umeendako arropa denda du Amaia Elortzak. Aurrekoen antzera mintzo da: "Ekainera iristen ari gara eta jendea ari da aurreko urteetatik-eta duen arroparekin, ahal duen moduan. Niretzat lehen uda da denda zabalik dudala, eta ezin dut beste urte batzuekin alderatu; baina igartzen da arropa kontuan geldialdia, eta nik uste eguraldiak baduela zerikusia. Eguraldi txarrarekin jendea kalean ere gutxiago ibiltzen da, lotura zuzena du". 

Beherapenekin ere gogoratu da: "Denok antzera ibiliko gara. Hilabete falta da eta genero asko izango dugu dendan. Jendea egongo da beherapenei begira". Gaitz-erdi, negua "ondo" joan zela dio eta; "negua joan", negua joan zen beraz, ematen ez duen arren, adibidez, tabernetako terrazei erreparatuta.

Jende gutxi terrazetan  

Arrasateko Txoko tabernako Asier Altunak dio igartzen dela "jende gutxiago dabilela". Eguraldi txarrari aurre egiteko balioko dioten karpa batzuk jartzekoa da, hain zuzen, orain; noiz eta maiatzean; gogorra da gero. Baina "udarako ere balio dute, eguzkia dagoenean itzaletan egoteko", Altunaren ñabardura.

Eta beste hau ere badio: "Eguraldi txarra galera izaten da gehienetan, ze jendea gutxiago ateratzen da etxetik; baina kontrakoa ere gertatzen da noizean behin, eguraldi txarrarekin jendea barrura, epelera etortzea". Ogitartekoak eta plater konbinatuak ematen dituzte Txokon terrazan, "eta jendeak, gehienetan, kanpoan jaten du eguraldi onarekin".

Beste hainbeste gertatzen da Bergarako Kayak-en. Eta Naiara Gartziak amorrazioz dio: "Niri kobratzen dizkidate terrazako mahaiak, baina eguraldi txarrarekin ezin ditut erabili. Jaietan, adibidez, terrazatik bizi gara gu, eta terrazarik ez badago, lanean gauden denok soberan gaude. Iaz oso ona egin zuen eta jende asko ibili zen terrazan". 

Aurten, eguraldiari bestelakoak batu zaizkiola dio, "krisia eta Salourako bidaiak 100 eurotan, desastre". Egiten duen hotza, gainera, maiatzekoa ez dela uste du, "otsailekoa" dela.

Eta ohi baino jende gutxiago dabil Arantzazuko Sindikako terrazan ere. Nola ibiliko da ba, bertako Julen Arabaolazarekin izan ginenean ere zortzi gradu baino ez zeuden-eta: "Azken hilabeteetan eguraldi txarragatik igartzen da jende gutxiago dabilela, bai bisitariak, bai mendizaleak. Mendiari dagokionez, eguraldi txarrarekin, igotzen direnak ere bustita egon eta dutxa hartzera etxera joaten dira".

Eta eguzki artifiziala? 

Eta eguzki naturalik ezean, eguzki artifizialak eskari handiagoa izan dezakeela pentsa dezake batek. Baina ez ei da horrela, ez guztiz. Oñatiko Guztiz Eder estetika zentroko Arantzazu Txintxurretak dio jendeak ez duela hainbeste gogo solariumera joateko: "Ezin du egin planik, agian nahi du etorri baina ez daki hartuko duen koloreak balioko dion udako edo udaberriko arropak janzteko. Jendea endredatuta ikusten da, zer egin ez dakiela. Sandaliak erosteko gogoarekin, baina eguraldirik ez du egiten. Arropa argiak ditu agian erosita, baina ezin ditu jantzi. Jendea etortzen da, baina nik uste nuen lehenago hasiko zela; aurreko astetik hona igartzen da jendeak bai edo bai nahi duela kolore apur bat hartu, eta gorputzari poz apur bat eman. Denak ari dira hondartzarekin, bainujantziarekin ametsetan".  

Arrasateko Amagara estetika zentroko solariumera ere ez omen doa beste maiatz batzuetan adina jende: "Jendeari asko kostatzen zaio, pereza du. Beste urte batzuetan apirila aldean hasten da jendea mugitzen, Aste Santu ostean. Maiatza oso txarra doa beste urte batzuekin alderatuta. Nik uste orain galdutakoa ez dugula errekuperatuko; urte bukaeran igarriko da oso negu luzea eta gogorra izan dela, eta udaberri oso txarra", dio Maite Agirrek. 

"Batzuk hasi dira solariumean, baina eguzkia hartzeko ohitura duen jendea baino, zerbait duen jendea da: ezkontzaren bat, jaunartzeren bat... Baina gainerako bezeroak, normalean garai honetarako etortzen hasten d2 irenak, nagituta daude eguraldiagatik. Esaten dute badakitela gero etorriko dela eguraldi ona eta nahiko dutela tiranteak janztea, baina pereza izaten dute". Eta gero presak, hondartzarako joan-etorriak hasi aurretik azala eguzkitarako prest eduki nahi eta:  "Denek nahi dituzte emaitzak, gaur egin eta emaitzak herenegunerako. Eta hori zaila da". Eta antza dute Amaia Diaz de Monasterioguren dietista oñatiarraren berbek ere.

Kiloak kentzeko presa 

Diaz de Monasteriogurenek dio Aste Santu inguruan egin ohi ditugun lanak egin gabe ditugula oraindik: "Armairuan aldaketa egiten dugu eta udaberriko arropak atera, eta probatzerakoan ikusten dugu kiloren bat irabazi dugun eta erabakitzen dugu kilo horiek kentzea. Baina oraindik gaude neguko arroparekin, eta ez gara konturatzen zer datorren. Gero miraririk ez dago. Zortzi kilo irabazi baditugu urtebetean, ez pentsa bi hilabetean kentzea kilo horiek. Denboraz akordatu behar gara; Gabonen ondoren, adibidez. Apurka apurka kentzen dena hobeto mantentzen da". Eta ez bakarrik kiloengatik, osasuntsu egoteko ere oso garrantzitsua da ondo elikatzea. Zenbat aldiz entzun ote diogu dietista oñatiarrari: "Fruta eta barazki asko egunero".

Fruta gogo gutxiago 

Ba eguraldi txarrarekin gertatzen den beste bat da fruta eta entsaladak jateko gogo gutxiago izaten dela. Hala dio Bergarako Zare fruta-dendako Lierni Arregik: "Guretzako garai onena da orain, baina eguraldi txarrak kalte egiten digu. Jendeak gutxiago erosten du. Eguraldi txarrarekin jendeak ez du hainbeste gogo fruta jateko, barazkiak, entsaladak. Salmentetan nabarmena da, eguraldi onarekin gehiago saltzen da. Eguraldi onarekin gehiago saltzen dugu txarrarekin baino. Dendako komentarioa da tenporak direla orain eta eguraldi txarra datorrela San Juanak arte. Jendeak gero eta gehiago kontsumitzen du fruta eta berdura. Babarrunak-eta ere baditugu. Eta giro honekin jendeak jarraitzen du babarrunekin, azekin, azalorearekin". 

Bizikletak udarako? 

Sasoi onean egoteko, kirola egitea da beste modu bat. Udarako omen dira bizikletak, eta gertu dugun arren aspaldian ez du bi gurpilen gainean ibiltzeko girorik askotan egiten. "Eguraldi onarekin gehiago ibiltzen da jendea, eta bizikleta ondatu ere sarriago. Konponketetan igartzen da, zalantza gabe", dio Arrasateko Lizarralde Kirolak dendako Mikel Lizarraldek. Salmentei dagokienez ondo omen dabiltza, maiatza berez ei delako hilabete ona, "jaunartzeengatik", besteak beste, eta aurten Oñatirako bidegorria ireki dutelako ere bai. 

Bidegorriaren eragina asko igartzen dela dio Caravanas Oñate dendako Migel Angel Igartuak ere: "Bizikleta asko saldu dugu azkenaldian, paseorakoak, argiak, txirrinak... Bidegorria egitea ondo etorri zaigu, lanera joateko bizikleta, errekaduak egiteko... Hemen, jendea mentalizatuta dago bizikleta ibili behar dela".

Azken berba baikor hauekin, ikusitakoak ikusita ere: animo, eguraldi txarrak ezingo du eta gurekin!

-----------------

Lide Gomez (Bergarako Eroski Bidaiak): "Udako oporrak lehenagotik begiratzen hasten da jendea eguraldi txarrarekin"

Dirua eta denbora edukiz gero, ihes egitea izan daiteke eguraldi txarretik, aldi baterako behintzat, libratzeko modua.

Eguraldia ona edo txarra izan, igartzen al da zuen jardunean? Asko igartzen da, determinantea izaten da. Eguraldi txarrarekin hiru gauza gertatzen dira: aldatzen dira oporretarako lekuak, eguzki bila joanda –adibidez, hemen inguruan, penintsula iparraldean geratzeko asmoa zuenak plana erabat aldatu eta Andaluzia aldera joaten da, Almeriara esaterako, eta baita Kanarietara ere–; bestetik, udako oporrak lehenagotik begiratzen hasten da jendea, ze eguzki gogoa du eta erabakitzen du aldez aurretik programatzea; eta igartzen da asteburuko eskapadak falta direla. Eguraldi onarekin animatzen gara Nafarroara, Errioxara edo Kantabriara joatera, eguraldi txarrarekin ez. 

Eguraldi txarra luzaroan eginda, jende gehiagok erabakitzen al du kanpora joatea? Agian ez da jende gehiago ateratzen dela, batzuk badaude libre daudenak eta eguraldiarekin aspertuta bat-batean erabakitzen dutenak, baina normalean egutegi baten menpe gaude. 

Bulegoan ere ohiko komentarioa izango da aspalditxoan eguraldiarena. Komentarioa orokorra da. Denok falta dugu bizipoz apur bat, jendea goibel, triste, aspertuta dago eguraldi honekin. 

Zuei zer datorkizue hobe, eguraldi txarra edo ona? Bulego hau kalean dago eta eguraldi onak eta txarrak dituzte alde onak eta txarrak. Arrasateko hipermerkatuko bulegoari komeni zaio txarra egitea, jende gehiago ibiltzen da orduan-eta.

-----------------

Momentua zaila izanda ere, positibo

Dendek –batzuek behintzat– martxotik dituzte udaberri-uda garaiko arropak erakusleihoetan; baina, saldu, saldu apenas egiten den, eta negukoago diren jantziak ere ari dira oraindik eskatzen hainbat. Eta udako beherapenak iritsiko dira laster, eta dendak genero askorekin; bezeroak agian pozik, dendariak ez hainbeste.

Barruko arropa eta bainujantziak saltzen dituzte, besteak beste, Arrasateko Sikol-en. Bertako Yolanda Sanchezek dio eguraldiak denean eragiten duela: "Kanpoko arropan, barrukoan, mentalitatea beste bat da. Desberdintasuna igartzen da eguzki apur bat ateratzen den eguna izan edo hotza eta euria egin. Eguzki izpi gatzuk agertu orduko igarri egiten da asko. Jendeak badu gogoa koloreak aldatzeko eta positibo izan behar dugu, hilabete batzuk badaude-eta oraindik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak