Kerman Azkarraga: "Belauneko lesioengatik utzi dut futbola, buruak eta bihotzak jokatzen jarraitzeko esan arren"

Mireia Bikuña 2013ko mai. 29a, 02:00

Kerman Azkarragak (Arrasate, 1980) UDAko jokalari, zale eta arduradunen omenaldia jaso zuen hilaren 19an: 20 urteren ondoren, futbola utzi du. Eskuineko belaunean izan dituen lesioak erabaki hori hartzera bultzatu zuen, buruak eta bihotzak kontrakoa agintzen zioten arren. "Penaz" utzi du futbola, baina futbolak emandakorekin geratzen dela esan digu: lagunekin, zaleen babesarekin eta ikasitakoarekin. 

UDAkoen omenaldiarekin bukatu duzu futbolari ibilbidea. Zergatik erabaki duzu orain dela unea?

Nik baino gehiago, eskuineko belaunak hartu du erabakia [Barre]. Lesio larriak izan ditut belaunean, eta horien eraginez utzi dut futbola. Buruak eta bihotzak kontrako esaten zidaten, baina une aproposa dela uste dut. Aurtengo denboraldian ere larri ibili naiz: minarekin, nahi baino gutxiago jokatzen... Erabakia hartu dut, eta, oraingoz, ez naiz damutzen.

Ze lesio daukazu belaunean?

Hiru ebakuntza egin dizkidate: bitan lotailu gurutzatua apurtu nuen eta bestean meniskoa. Azken denboraldiak belauna minduta bukatu dut. Futbola uzteko esan dit askotan medikuak, eta heldu da momentua. 

Agur esanda, nola sentitzen zara?

Arraro. Belauna ondo edukita, futbolean jarraituko nuke. Ez daukat zalantzarik. Futbolak asko eman dit, eta asko baloratzen dut hori guztiori.

Zer eman dizu bada futbolak?

Jokatu dudan talde guztietan lagunak ditut, lagun onak. Talde guztietan gustura egon naiz. Ondo hartu naute, eta hori asko baloratzen dut. Lagunak, zaleen babesa, entrenatzaileekin eta talde kideekin ikasitakoa eta beste hainbat gauza eman dizkit futbolak.

Eta hemendik aurrera, zer egingo duzu?

Ez dakit geldi egoten. Bizikleta bat prestatu dut. Neskalagunari ere bizikletan ibiltzea gustatzen zaio. Mendira joatea ere gustuko dut. Akaso beste kirolen bat...

Futbolari izateari utzita, futbolean jarraitzeko asmoa daukazu? Akaso, entrenatzaile lanetan?

Ez. Futbol jokalari izateak konpromisoa handia eskatzen du. Bada, talde baten ardura hartzeak ere bai. Konpromiso handia da: entrenamenduak antolatu, aste bukaeratako partiduak... UDAn jarraitzeko proposamena egin didate, baina ez dut nire burua entrenatzaile lanetan ikusten. Gaur gaurkoz, ez.

Futbol zale amorratu horietakoa zara?

Ez. Futbola jokatzeko gustatzen zait, baina ez ikusteko. Partidu inportanteak ikusten ditut, baina ez naiz zale amorratua. 

20 urte egin dituzu futbolean.

13 urterekin hasi nintzen, Aretxabaletako harrobiko taldetan, eta maila eta talde ezberdinetan jokatu ostean, maiatzaren 19an utzi nuen futbola.

Denboraldiz denboraldi erronka berriak topatzea erraza da?

Ez dakit erraza ote den, baina nik urtero nuen erronka bat. Harrobiko taldetan hasi nintzenean, lehen erronka talde nagusira heltzea zen. Ohorezko Erregional Mailan jokatu gura nuen. Hori lortuta, hurrengo pausua Hirugarren Maila izan zen.

Hor jokatzeko aukera izan nuen Elgoibarren. Bost urte zoragarri bizi izan nituen: maila eta taldekide berriak, baina giro bikainarekin.

Joan-etorriko bidai baten antzera Elgoibarretik Aretxabaletara joan nintzen.

UDAk Hirugarren Mailan jokatzeko txartela lortuta, zu izan zinen fitxajeetako bat.

Pozik joan nintzen Aretxabaletara. Hirugarren Maila ezagutzen nuen, eta gainera etxean jokatzeko aukerarekin. Pena urtebeteko bidea izan zela.

UDAran joan nintzenean, asmoa zen taldea Hirugarren Mailan egonkortzea, eta bizpahiru urte jokatu ondoren futbola uztea. Zoritxarrez maila galdu genuen lehen urtean, eta nire asmoak ez ziren bete.

Zer geratu zen urtebetean maila galtzeko?

Denboraldi intentsua izan zen, baina gauza batzuk ez genituen ondo egin. Une zehatz batzuetan kale egin genuen.

Maila galduta, beste erronka bat ipini nion nire buruari: taldea berriro Hirugarren Mailara igotzea. Azken lau denboraldietan goiko postuetan egon gara, eta askotan eskura izan dugu lehen postua, baina une erabakigarrietan, huts egin dugu.

Hirugarren Maila galdu zenutenetik, urtez urte, igotzea izan duzue helburu. Aurten ere bai?

Bai, zalantza barik. Denboraldi hasieran galdetu izan bazenit, hori esango nizuke: igotzeko taldea genuela. Jokalari beteranoak, baina aldi berean gazteak; eta gazte mailatik igotako jokalariak. Nahasketa polita eta indartsua lortu dugu, baina aurten ere ihes egin digu igoerak.

Non egin duzue huts orduan?

Ez gara konstanteak izan. Oiartzun, Real Union eta Hernanik ez dute hutsik egin. Erregularrak izan dira, eta gu ez. Hainbat alditan hirugarren postura igotzekotan egon gara, baina guztietan kale egin dugu.

Helburua lortu ez arren, UDAk talde indartsua dauka orduan?

Bai. Talde sendoa da. Jokalari askok lau urte daramate elkarrekin jokatzen, eta horrek esperientzia eman die. Taldearen bizkarrezurra mantentzen bada, hurrengo denboraldian ere goian egoteko taldea izango da. Modu berean lan egin, aurtengo akatsak zuzendu eta zorte apur batekin... zeresana emango dute Ohorezko Erregional Mailan. 

Mailaz igotzea oso zaila da.

Bai. Norberak denboraldi perfektua egin behar du eta beste taldeek huts egin. Gainera, lesiorik ez edukitzea oso inportantea da, taldea erregularra izateko.

Futboletan bizi izandako unerik onena eta txarrena?

Futbolak une on asko eman dizkit, eta ezingo nuke bakar bat aukeratu. Eta txarrena, batez ere gogorrena izan zelako, Hirugarren Mailatik jaitsi ginenekoa.

Bukatzeko, zerbait gaineratu gurako zenuke?

Bai. Zaleei eskerrak emateko aprobetxatu gura dut: eskerrik asko Ibarran eta etxetik kanpo emandako babesarengatik. Asko eskertu dut euren berotasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak