Aramaion egingo dute aurtengo Uema Eguna, ekainaren 8an

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko mai. 27a, 14:11

'Aire berria euskarari' lelopean egingo da, "arnas-guneek airea behar dutelako bizitzeko" . Duela 17 urte sartu zen Aramaio Ueman, eta bigarrenez egingo dute han Uema Eguna.

17 urteren ostean, Aramaion ospatuko da berriz ere Uema Eguna, ekainaren 8an. Apirilaren lehen hamabostaldian bilera irekia egin zuten udaletxean, Uema Egunaren zentzua azaldu eta egitaraua prestatzeko lanetan zeintzuk egongo ziren jakiteko. Besteak beste, Udaleko ordezkariak, Txirritola euskara elkartea, Bizente Goikoetxea abesbatza, Trikitixa Eskola eta dantza taldea izan ziren bileran. Harrez gero egin dituzten bileretan batzen joan da jendea, eta herriko eragile gehienek hartu dute parte antolakuntzan.

Salaketa eta aldarrikapena

Aramaioko Udalak 1996ko urtarrilaren 25eko osoko bilkuran onartu zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea eta urte bereko maiatzaren 5ean Aramaion bertan ospatu zen Uema eguna. Hego Euskal Herriko 66 udalerri daude Ueman sartuta; Aramaio da Arabako herri bakarra da Uema barruan dagoena.
Aire berria euskarari lelopean ospatuko da, ekainaren 8an. "Oraindik orain, euskara bere sorlekuan tokia bilatu ezinik dabilela" salatuko dute, besteak beste. Egoera horretan, lurgune euskaldunen garrantzia azpimarratuko dute. Horretan, denek lana egin behar dutela adierazi zuen Malen Belastegi Uemako lehendakariak aurtengo Uema eguna aurkezteko egindako prentsa agerraldian: "arnas-guneek airea behar dute bizitzeko, aire berria. Eta horretan, udalerriotako ordezkari politiko, eragile sozial edota herritarrez gain, goi administrazioak ere badu zereginik. Ez orain dela hogei urte ezarritako legeak, ez eta instituzio nagusietatik bultzatutako neurriek ere, ez dute aipatu eremuen erabateko euskalduntzea bultzatzen. Horren adibide argia da, hainbat udaletatik hizkuntza politika aurrerakoiak landu ditugunean, legea bera izan dela bidea itxi diguna, euskarari airea kendu diona".

Lege aldaketa eskaera

Horri lotuta, eta euskararen alde, egungo legea aldatzeko eskaera ere egin zuen Belastegik: "Bada garaia, lurgune euskaldunek gure hizkuntzaren geroan jokatzen duten papera aitortu, eta udalerriotatik egiten ari den esfortzua laguntzeko eta bidea errazteko. Behar diren lege aldaketak gauzatu eta udalerri euskaldunen garapen linguistikoa bermatuko duten bestelako neurriak ere hartzeko".

Denendako gonbidapena

Ramon Ajuria Aramaioko alkateak, bestalde, eskerrak eman dizkie antolakuntzan parte hartu duten guztiei: "Aramaiok 17 urte baino gehiago daramatza UEMAn, eta Mankomunitateari esker, udalerria euskalduntzeko urrats eraginkorrak eman ahal izan ditugu. Horregatik, gustura eta  ilusioz hartu dugu UEMA eguna gure herrian antolatzea. Herri dinamikoa da gurea, eta herritar ugari inplikatu dira prestaketa lanetan. Herritarren esfortzua eskertu gura dut. Izan ere, beraiei esker egitarau zabal eta erakargarria osatu ahal izan dugu". Euskal herritar guztiak gonbidatu ditu Ajuriak Aramaiora joateko: "Aramaio ezagutzeko eta euskarari aire berria emateko aukera ederra duzue. Eskuzabalik hartuko zaituztegu".

Maren Belastegik ere luzatu du Uema Egunera joateko deia: "Arnasten jarraitzeko eta arnasgunea zabaltzen joateko, aire berria da euskarari eskaini nahi dioguna. Eta horixe da UEMAk ekainaren 8an, Aramaion, festa giroan eta egitarau zabalaren babesean aldarrikatu nahi duena. Euskalgintzako hainbat ordezkari izango ditugu gurekin, baita instituzioetako ordezkariak ere; egun eder bat pasatzera gonbidatu nahi zaituztegu".

Txartelak salgai

Bazkarirako txartelak salgai egongo dira Aramaioko ohiko tabernetan. Prezioak hauexek dira: langileak 18 euro, langabetuak 14 euro eta umeak (14 urte bitartekoak) 10 euro. UEMAko telefonora deituta ere eros daitezke: 94 627 91 95

Egun osoko egitaraua, agendan duzue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak