Alternatiba eraikitzen hasi nahi du Gunek greba egunean

Leire Kortabarria 2013ko mai. 24a, 02:00

Bi greba egun bizi izango dira Gipuzkoan eta Debagoienean, aste bateko epean: gaur, hilak 24, metal sektoreko greba izango da, eta datorren eguenean, hilak 30, Hego Euskal Herrian Gune plataformak deitu duen greba orokorra. Euskal sindikatu nagusiak, CCOO eta UGT izan ezik, eta 50 bat elkarte eta eragile sozial batzen dira Gunen; sindikatuak hauek dira: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU eta CNT.

Greba horretarako arrazoi nagusitzat hauek dituzte: "Zerga-politika zuzena ezartzea eskatzen dugu, aurrekontuak gizartearen zerbitzura jartzea, pentsioen murrizketak ekiditea, soldata jaitsierei eta kaleratzeei aurre egin nahi diegu, patronalaren asmooi trabak jarri nahi dizkiegu", dio Debagoieneko ELAko ordezkari Amagoia Lasagabasterrek.

Debagoieneko LABeko Ana Sebal ordezkariak esaten duenez, "greba hau ez da eraso puntual bati erantzuteko soilik, alternatiba bultzatu eta eraikitzeko greba da. Alternatiba badagoela aldarrikatu dugu, alternatiba hori zein parametrotan egon behar den argi eta garbi azaldu eta zabaldu dugu ere. Orain, alternatiba hori aldarrikatzetik alternatiba eraikitzera jauzia egitera goaz". 

Eguaztenean, Debagoieneko EH Bilduk "zalantzarik ez" zuen agertu maiatzaren 30ekoak arrakasta izango duela, eta "burujabetza eta eraldaketa soziala posible eta beharrezkoak" direla esan zuten. Martitzenean, Arrasateko greba batzordeak –tartean, LAB, ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek eta Sortu, Gaztetxea edo Gorripidea bezalako eragileek osatua– kale agerraldia deitu zuen astelehenerako, hilak 27, Seber Altubetik irtenda, 19:00etan. Greba egunean bertan, eskualdeko kale agerraldia egingo dute, 18:30ean, Seber Altubetik.

Urkullurendako mezua 

Honako greba "alternatiba eraikitzeko" dela azpimarratu du Gunek, eta horretarako tresna prestatu dute: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna. Orain pare bat urte, Guneko kideen aldarrikapen guztiak batzen zituen dekalogo bat egin zuten, eta orain horiek guztiak jasotzen dituen gutun sozial delako bat egin dute. Guneren nahia da beste eredu bat eraikitzea, eta  horren lehenengo pausotzat dute esandako Gutuna. Ana Sebalen hitzetan, "gutun soziala burutzeak berak indar metaketa prozesua ekarriko du. Euskal Herri osotik zegar eztabaidatu eta eraikiko dugu zein den Euskal Herriak behar duen eredu hori". Prozesu horren hurrengo pausoa "herriak erabaki duena instituzioek errespetaraztea" izango da.

Deialdiaren aurka badago faktore bat, azken bost urteotan, 2009a ezkero deitzen den zazpigarren greba orokorra izango dela –orain arteko seietatik bostek eragin nabarmena izan dute Debagoienean, Euskal Herriko sindikatu abertzaleek deitutakoek, hain zuzen–; baina horren aurrean langileek konpromisoarekin erantzungo dutela espero dute Gunekoek. ELAko batzorde eragileko formazio arduradun Xabi Anzak dioenez, "greba orokor bat aurrera ateratzen saiatzen direnek badakite errealitatea ez dela bat-batean aldatzen", eta "militanteok uste dute greba egun bat berebiziko garrantzia duen unea dela borroken bilakaeran". Anzaren ustez, militanteek "prozesu baten baitan ikusten dute" greba, eta ez "ultimatum" edo hordago gisa. "Eta badakite gure lorpen guztiak mobilizazioaren eta grebaren emaitza izan direla".

Debagoienean eta Euskal Herri osoan izandako atzerapauso batzuk aipatzen dituzte Guneko kideek greba egiteko arrazoi gehiago gisa: "Pentsioei legezkoa den KPIa ez diete aplikatu, 55 urtetik pasa ondoren subsidioa jasotzeko baldintzak erabat zaildu dira; erretiroak, aurre-erretiroak eta errelebo kontratua egiteko zeuden baldintzak ere zaildu egin ditu Rajoyk; zerbitzu publikoetako langileriari lan orduak gehitu dizkiote dekretuz (hortaz, soldata jaitsi diote)…", dio ELAk. Eskualdearen egoerak "txarrera" egin duela dio LABek ere.

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakari denetik bizi izango duen lehenengo greba orokorra izango da eguenekoa. ELAko Amagoia Lasagabasterren hitzetan, "politikariak behar ditugu, baina guk horiek (eta hemen guztiak sartzen ditugu) egiten dituzten politiken kontra gaude eta horiek aldatzeko egiten ditugu grebak". Gaineratzen du Urkulluri "esan nahi" diotela "entzun ditzala langileriaren eta gizartearen aldarrikapenak". 

"Greba bat akabera da" 

Guneren planteamentuen guztiz kontrakoak egiten dituzte CCOO eta UGT sindikatuek. Arrasateko CCOOk argi eta garbi dio "greba horrekin batere konforme ez" dagoela. "Neurri baten, greba politikoa dela uste du CCOOk", esan dute. Sindikatu horren esanetan, probintziako hitzarmenak sustatu eta lortu behar dira eta hori da eurendako orain lehentasuna: "Sektoreetako lan-hitzarmenak uztailaren 7an bukatuko dira eta denok probintziako hitzarmenak lortzera egin beharko genuke, eta ez enpresa bakoitzeko hitzarmen bat lortzera". CCOOk esan du Polmetasa enpresan dagoeneko bozkatu dutela eta 30ean grebarik ez egitea erabaki dutela. 

UGTk ere ez du hilaren 30ean grebara deitzen. "Murrizketen kontrako greba da eta hori oso zentzuzkoa da, baina guk azaroan deitu genuen greba orokorra arrazoi beragatik zen", diote sindikatuko iturriek.

Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak, Adegik, bere balorazioa egin du: "Arrazoiak oso nahasiak dira: funtzionarioen haserrea, lan-erreformarekiko haserrea… eta sindikatuek diote langabezia erreformaren errua dela; baina euren argumentuak banan-banan desmunta daitezke", esan du Adegiko Negoziazio Kolektibo saileko arduradunak, Juan Ramon Apezetxeak. Bere iritziz, "grebek ez dute ezer konpontzeko laguntzen" eta, gainera, "sindikatuek, grebaren bidez, zer ez egin esaten dute, baina greba eta gerorako ze alternatiba eskaintzen dute? Guk argi daukagu: lan egin, eta lan egin, eta lan egin behar da". Beste hau ere egozten diete sindikatuei: "grebaren ondorioz enpresaren bat itxi eta gero, aurretik eskaini zitzaiena eta ukatu zutena eskatzen dute".

Adegik gogorarazi du Gipuzkoako enpresa asko oso egoera txarrean daudela: "Horiendako, greba bat akabera da".

Metalekoa, "ulergaitza"

Gaur, egubakoitza, LABek deituta eta beste sindikatu guztiek babestuta (CCOO eta UGT tartean), Gipuzkoako metaleko langile guztiak grebara deituta zeuden; tartean, Debagoieneko 5.000 baino gehiago. Adegik uste du "harritzekoa" dela Gipuzkoan greba deitu izana eta Araban eta Bizkaian ez, "egoera berdin-berdina dela jakinda". Patronalak ez du "ulertzen nola deitu daitekeen grebara, jakinda enpresak ahal duten guztia egiten dabiltzala; eta metalean, ezer ez jaistea eskaini dugunean". Adegik dio hitzarmen eza balego enpresek ez luketela "aprobetxatuko soldatak jaisteko; hori sindikatuek saltzen dutena da. Langileek enpresengan konfiantza dute".

Sei greba bost urtean

2009-05-21 Krisiko lehenengo greba orokorra. 

2010-06-29 Rodriguez Zapateroren lan-erreforma proiektuaren aurkakoa.

2010-09-29 CCOOk eta UGTk deitutako greba. Bailaran,oso eragin txikia.

2011-01-27 Pentsioen sistema eta erretiroa murriztu zituen Zapaterok. Euskal gehiengo sindikalak deitu zuen greba.

2012-03-29 PPren lan-erreformaren kontrako greba. Azken urteetako erantzunik zabalena.

2012-09-26 Murrizketen  aurkako greba deitu zuten euskal sindikatu gehienek.

2012-11-14 CCOOk eta UGTk deitutako greba.

Egunotan, "sozializatzen"

Greba orokor egunera arte, sindikatuak gaia sozializatzen dabiltza eta hainbat ekintza deitu dituzte. Herri batzarrak egin dituzte azken egunotan: Bergaran, hilaren 16an izan zen bat; Oñatin, hilaren 21ean… Horrez gain, batzarrak egin dituzte enpresetan, ikastetxeetan, udaletxetan, anbulatorioetan… Joan den martitzenean, Arrasateko greba batzordeak egin zuen prentsa agerraldia, eta datorren astelehenean Bergarakoak egingo du gauza bera. Greba egunean, ohi bezala, eskualdeko kale-agerraldi nagusia egingo dute: Arrasateko Seber Altube plazatik irtengo dira, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak