Maite Toledo: "Liburu berri honetako poesiak gozamenetik daude sortuta"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko mai. 28a, 11:30

Bakarkako bigarren poesia liburua argitaratu berri du Toledok; 'glamour'-a oinarri duten 37 poesia batu ditu 'Hemen' bilduman.

Elgetan bizi da Maite Toledo (1966) antzuolarra. 2004an argitaratu zuen lehenengo lana; harrezkero, askotariko arloak jorratu ditu literaturan eta kazetaritzan. Bakarka idatzi duen bigarren poesia liburua du Hemen (Beta) argitaratu berria.

Zergatik Hemen?

Olerkiak orainean daude idatzita, hemen orain da beti olerkietan. Hemen deiktikoa da, irakurlea olerkiaren leku eta unera lekualdatuko du.

Leku askotatik idatzi dituzu eta leku askotara eramango gaituzu.

Bai; Hemen-ek, besteak beste, itsasora, ozeanora, Etiopiara eramango gaitu; baina, eta batez ere, Sardiniara, liburuko ia olerki erdiak han idatzi nituen-eta, familiarekin iaz egin nuen bidaia batean.

Egin dezagun atzera... zergatik erabaki zenuen eta noiz hasi zinen Hemen idazten?

Etengabe nabil olerkiak idazten eta horretan nenbilen udaberrian Beta argitaletxetik liburua idazteko eskaera jaso nuenean. Enkarguaren ondorioz, nituen poesia batzuk batu eta beste berri batzuk sortuta, liburua atondu nuen. Aurrez banuen Beta argitaletxearekin harremana, bi lan argitaratuta nituen-eta haiekin.

Liburua eskuetan, azalari egingo diogu lehenengo begiratua.

Bai azalean eta bai barruan modarekin lotutako ilustrazioak daude. Liburua idazten ibili naizen bitartean, glamour hitzaren inguruan hausnartzen jardun dut. Normalean, zinemarekin eta dotoreziarekin lotzen dugu, baina, nire ustez, glamour-a haratago doan zerbait da. Idazten nenbilela, glamour-a artea dela konturatu nintzen eta arte horrek norberaren izaerarekin duela lotura: idazteko modu bat, estilo bat, besteak beste. Poesia-zerrenda osatu nuenean, ardatz moduan glamour-a izan nuela ikusita, moda diseinatzaile batzuengana jo nuen laguntza eske. Diseinatzaileek emandako irizpide eta aholku teknikoetatik sortu nituen azaleko eta barruko irudien zirriborroak. Argitaletxeko ilustratzaileak txukundu zituen gero liburuan jasotako irudiak.

Liburuan sartuta, mamitu ditzagun 37 poesiak batzen dituzten atalak.

Liburua lau ataletan banatu dut; atal guztiek dute glamour-a oinarri, betiere, glamour-a norberaren izaera edo adierazteko kontzeptutik abiatuta. 

Atalez atal azaltzera bagoaz, lehenengoari Hilezkortasunera igaroa izena jarri diot eta hor adierazten dudana da ez natorrela hutsetik, aurrez idatzitako Jetlag liburuari egiten diot, besteak beste, erreferentzia. Bigarren atala Poesiak salbatuko gaitu da eta hor, gaur eguneko gizarte gaiak jorratu ditut. Zu zeu da hurrengoa eta atal horretako olerkiek norberaren buruarekin fidela izatearen garrantziaz dihardute. Laugarrena Nabigazioak da; egunerokotasunean sortutako idatziak ekarri ditut.

Liburuari sarrera Sophia de Mello Breyner Andresen Portugalgo olerkariak ematen dio.

Orain dela hamar urte deskubritu nuen olerkari hura eta aspalditik nuen gordeta sarreran sartu dudan olerki hori, oso identifikatuta sentitu nintzen-eta. Laugarren atalari hark eman dio izena.

Olerkien gaiak azalduta, zer diozu olerkien ezaugarriez?

Poesia laburrak eta luzeak daude, nahiko ulerterrazak, nire ustez. Istorio laburrak modu sintetikoan kontatzen dituztenak. Plastikotasuna oso gustuko dut eta uste dut, gainera, irakurleak estimatu egiten duela idazkera hori. Nire poesia ez da barrokoa.

Nori gomendatuko diogu?

Publiko guztietara heltzeko moduko lerroarteak idatzi ditudala esango nuke; eta publikoa poesian hezten hasita dagoen ustea ere badut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak