Bergarako 'Peter Pan' hegaz doa Bilbora, Elorriora eta Donostiara

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko mai. 24a, 22:00

Pozik daude Bergarako Musika Eskolan, Gabonetan herrian arrakastaz estreinatu zuten Peter Pan musikala Euskal Herriko hainbat  aretotan erakutsiko dute-eta. Elgetako Espaloian izan ziren otsailean; Bilbon, Elorrion eta Donostian izango dira ekaina eta urria bitartean.

Estreinaldia bukatu ahala, konturatu ziren egindako ikuskizuna esportagarria zela eta aurrez egindako lanak merezi zuela ahalegin hori egitea; are gehiago, musikalaren inguruan batutako ikasle, irakasle eta gurasoak ere prest zeudela ikusita eta eskolak dituen diru beharrak oinarri hartuta. "Lan zailena proiektua martxan jartzea izaten da beti, errepikapenek ez dute horrenbesteko lana suposatzen" dio Valen Moñux, musikaleko zuzendari artistikoak, gaineratuz, umeekin lana egitea abantaila dela eta duten ilusioarekin, segituan harrapatuko dutela berriz ere haria. Urria bitartean, bospasei entsegu egingo dituzte Bergaran.

Momentuz, hiru tokitan

Hiru dira momentuz, lotuta dituzten agertokiak hala ere ez dute alboratzen beste hainbat lotzeko aukerarik, dagoeneko jaso dituzte hainbat eskaera, nahiz eta aitortzen duten azpiegitura handia eskatzen duen ikuskizuna dela eta ondorioz, katxe merkea ez duena. Era berean, Moñuxen esanetan, ez da bat ere samurra, taularen gainean zein atzean dagoen 100 laguneko taldearen agendak egoki uztartzea "Udako boloak lotzea ez da erreza izan, udalekuak eta oporrak tarteko daude-eta. Gurasoek horretan ere, asko lagundu digute".

Ekainaren 15ean Bilboko Gau Zuria egitarauaren barruan Euskalduna ondoan dagoen Itsas Museoan egingo dute lehenengoa. "Ez da ohiko emanaldia izango, 16 kanturekin osatutako laburpen bat baizik. Konpainia osoa joango garen arren, museoko bospasei gunetan banatuko gara aktoreak taldeka, bakoitzak musikalaren pintzelada bat antzeztuz. Talde bakoitzak, lau aldiz egingo du dagokion zatia, 20:00etaik 24:00 bitarteko ordubeteko saioetan. Zailtasun artistiko handirik ez duen arren, ondo koordinatzea da zailena" kontatu du Moñuxek. Orkestraren zuzeneko musikarekin beharrean, aurrez grabatutako soinuarekin egingo dute. Ez dute ia dekoraturik muntatu beharrik izango, paregabeak direlako museoak eskaintzen dituen aukerak. "Gustura izango gara hango itsasontzi, aingura eta bestelako itsas tresnen artean, eramango dugun dekoratu bakarra museoko auditorio dotorean muntatuko dugun Darlinen gela izango da".

Elorrion izango da hurrengoa, uztailaren 7an, Bergarako Pikupe Ekoiztetxeak Musikaire jaialdiari egindako eskaintza onartuta. Moñuxen esanetan, honek ere badu bergararrentzako berezitasuna, estreinakoz egingo dute-eta aire librean. Erronka bikoitza izango da baina, antolatzaileendako ere lehenengo aldia da-eta musikal bat aukeratu dutela. "Plazan egingo dugu ikuskizun osoa orkestra eta dekoratu guztiekin. Niretako pertsonalki, Elorriokoa berezia da, asko miresten dudan herria da, kultura arloan egiten duten lan izugarriagatik" gaineratu du.

Donostiako Kursaalen ostera, urriaren 26an izango dira eta bost ordutako antzerki maratoia egingo dute, jarraian bi ordu eta erdiko bi emanaldi oso egingo dituzte-eta. Aurrez ezagutzen dute aretoa, laugarrenez izango dira-eta Kursaalen, bergarakoak.  Gustuko aretoa dela dio Muñoxek, eta teknikoki ezaugarri eta abantaila asko dituena. "Ohiko ikuskizuna egingo dugu baina han dena politagoa ikusten da, ikaragarriak dira argiak eta aretoak duen akustika" azaldu du.

Sarrerarik oraindik ez

Hiru emanaldietatik bi, Elorriokoa eta Bilbokoa dohainik dira. Bilbokoan baina, aurreko edizioetako datuak aintzat hartuta, ilara luzeak egoten direnez, Kako Oker kapitainari kukuka ibiltzeko eskatu diote ilarakoak entretenitzen. Donostiarako sarrerak ez dituzte oraindik salgai jarri.

Bost ibilgailu gutxienez

Auto partikularrez gainera, bi autobus, kamioi bat eta bi furgoneta behar dituzte, aktoreak, musikariak eta materiala garraiatzeko.

Euskarazko moldaketa

James M. Barrie eskoziarrak 1904an estreinatu zuen Peter Pan musikalaren euskarazko moldaketa da Bergarako Musika Eskolako 100 lagunek egindakoa.

Lan korala da hau, baina badira hainbat protagonista: besteak beste, Aitor Garitano (Peter Pan), Miren Gutierrez (Wendy), Karlos Etxaniz (Darlin aita), Valen Moñux (Kako Oker...).

Marije Ugalde, Musika Eskolako zuzendaria

Eguneroko lan zerrendaz gainera, musikalak lagun askoren esfortzua handia eskatzen badu ere, Ugaldek ere ilusioa du Peter Pan Euskal Herrian zehar zabaltzeko.

Arrakasta lortzeko lan asko egin behar izan duzue lagun askok.

Antolakuntzan lana da bai; baina ingurukoek erakusten duten ilusioak asko laguntzen du guztia antolatzen. Estreinaldia bukatu ahala guraso eta ikasleek behin eta berriz galdetu izan didate ea ez dugun gehiagotan egingo.

Peter Pani eskolan aldarea jarriko diozuela diozu.

Horrela da bai (barrez); sekulako murrizketak izan ditugu Eusko Jaurlaritzatik jasotzen dugun diru-laguntzetan eta Peter Pan musikalari esker ari gara ohiko jarduerako gastuei aurre egiten.

Ez zen hori baina, hasierako helburua.

Ikasleei musikalean parte hartzeko aukera ematea zen hasieratik nahi genuena eta egia esan, proiektua sekulako ikasgaia izan da guztiontzat. Orain berriz, helburuak bestelakoak dira: egindako lana herritik kanpo ezagutaraztea eta bide batez, diru apur bat lortzea. Hala ere, ez da  askorik ateratzen musikala alde batetik bestera mugitzeak gastu handia suposatzen du-eta. Gastuak kubritzea da lehentasuna.

Bergarako enbaxadore bihurtu zarete neurri batetan.

Guztioi esker Bergarak beste behin, lan artistikoagatik oihartzuna izango du. Eskerrik asko!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak