Fagor Taldeko bazkideen seme-alabek bazkide izaera izaten segituko dute

Ubane Madera 2013ko mai. 24a, 13:28

Alde txikiarekin, baina halaxe onartu zen atzo, eguena, Arrasaten Fagor Taldeko ordezkariek egindako batzarrean. 159 lagun izan ziren batzarrean. Eta hain zuzen, batzarrera eramandako proposamena zen bide hori baimentzen zuen puntua kentzea. Bada, bertaratu zirenen %47ak kentzearen alde bozkatu zuen eta %53ak, berriz, kontra.  

Gauzak horrela, beraz, 60 urte baino lehen erretiratzen diren bazkideek euren bazkide izaera seme-alaben esku utz ditzakete. Bazkide izaerak, gainera, lanpostua ere badakar berarekin.

100 langile egoera horretan

Gaur egun ezaugarri hori betetzen duten 100 bat langile daude Fagor Taldean, "ebentual modura daude lanean une honetan, bizi dugun egoerarengatik ezin ditugulako fijo egin", azaldu du Elena Goirizelaiak, Fagor Etxetresna Elektrikoen komunikazio arduradunak. 

"Horrez aparte, bazkideen seme-alabei begira, bada prozesu bat zuzeneko lanerako haien lehentasuna bermatzen duena. Puntu hori ez da ukitu batzarretan, beraz, bere horretan geratzen da. Baina krisia hasi denetik badaramatzagu urteak ez ditugula sartzen langile berririk taldean, ez dagoelako lanik. Azkenean, Fagor Etxetresnetatik ere beste kooperatibetan birkotatuta dauden langileak ditugu, beraz, ezin ditugu kanpotik gehiago hartu", gaineratu du Goirizelaiak.

Xehetasunen arabera, 90eko hamarkadan abiarazi zituzten bazkideen seme-alabei lehentasuna ematen dieten prozesuak.  

Soldata jaitsiera

Bestalde, atzoko batzarrean, soldaten jaitsieraren zenbatekoa zehaztea ere landu zuten batzarkideek. Kasu horretan, taldeko gehiengoak euren soldata Lagun Aroren indizearen arabera, %89an lagatzea erabaki zuten, botoen %76arekin. Baina salbuespenak izango dira Fagor Etxetresna Elektrikoak eta Fagor Electronica. Bi horien egoera kontuan hartuta, erabaki dute biotan apurtxo bat gehiago jaistea soldata: Fagor Etxetresna Elektrikoetan %80an lagako dute; eta Fagor Electronican, %86,3an. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak