Animaliak eta jaiak, ondo pasatzeko gogoa eta eskubideak

Julen Iriondo 2013ko mai. 22a, 02:00

Udaberrian ondo sartuta, festa sasoia hemen da dagoeneko eta askotariko ospakizun eta ikuskizunen artean hor izango dira animaliekin egiten direnak ere gure herri eta auzoetako kale eta plazetan. Animalien erabilpen horrek iritzi desberdinak eragiten ditu jendearengan, gizon-emakumeon ondo pasatzeko moduek haiei ekar diezazkieketen ondorioengatik, ondorio fisiko zein bestelakoengatik.

Debagoienetik kanpo, gaurkotasuneko gai dira, berriki, Galdakaon Gorritiren animalien ikuskizuna bertan behera utzi izana eta asto-karrerarekin gauza bera egiteko Equo alderdiaren eskakizuna eta, iaz Zestoan (Gipuzkoa) bezala –aldekoek irabazi zuten botoen %63arekin, iritzia emateko aukera zuen herritar kopuruaren erdiak bozkatuta–, egunotan Karrantzan (Bizkaia) zezenketen gainean egin duten galdeketa –nahiz eta, egungo egoera zailean, osagai ekonomikoa ere hor egon, 7.200 euroko kostua duelako zezenketak–.

Zezenketen kasuan, ezagunak dira tradizioaren defendatzaileen eta animalien kontrako tratu txarren eta azkenean haiek hiltzearen aurka daudenen arteko diferentziak. Debagoienean, dena den, bestelakoak dira animaliekin egiten diren ikuskizunak. "Hemen dago ezaugarri nabarmen bat; hemengo jaietan ez dagoela heriotzarik, ez dela animaliarik hiltzen", dio Jose Ramon Bujanda albaitari oñatiarrak. Eta gehitzen du: "Diferentzia ikaragarria da animalia jaian hil edo ez hil". 

Baina zezenekin ikuskizunak herri gehienetan, txerri-harrapaketak, zaldi eta idi-probak, asto-karrerak... Animaliak erabilita bailaran egiten diren ikuskizun edo ekintzetako batzuk dira horiek. Eta galdera: animaliok sufritzen al dute jardun horren ondorioz?

Animalien erabilera honen inguruan askotarikoak dira iritziak. Jose Ramon Bujanda zezenekin egiten diren ikuskizunetan ibiltzen da, animalien baldintzak egokiak direla zaintzen; Iñigo Almorza da Bergarako Zezenak ganadutegiko arduraduna –100 buru ditu, eta 70 ikuskizun aurtengo hitzartuta–; Josu Garitaonandia, berriz, Bergarako Equo alderdiko kide da –animalien eskubideen defentsa da Equo alderdiaren ezaugarrietako bat–.

Animalien estresa 

"Animaliek sufritu egiten dute, bai, bai; karreren kasuan, adibidez, behartzen ari zara gauza batera bere borondatearen kontra"; Equoko Garitaonandia da hori dioena. Badio, baita ere, "sufrimendu" horrek "estresa" eragiten diela, albaitarien esanetan.

Bujandak ere badu, noski, zer esan honen gainean. "Sokamuturra tratu txarra da?". Galdera erantzun gabe utzi du albaitariak, sorbaldak eta bekainak jasota. "Animalia horiek estresatuta daude? Bai. Estres hori jasan ezinekoa da? Ez"; berak galdetu eta berak erantzun: "Nik ezagutzen ditut 12-14 urteko animaliak plazaz plaza dabiltzanak; hori da euren bizitza. Batzuek esaten dute euren duintasunaren kontra doala...", eta berriz ere sorbaldak eta bekainak gora Bujandak.

Iñigo Almorzarekin ganaduetako batzuk dituen Bergarako Bitxurtu baserrian egin dugu hitzordua; plazara eraman ohi dituen behiak atzean dituela, dio: "Badugu bat, adibidez, 100 aldiz baino gehiagotan joan dena kalera, eta zezen hark ez du inolako problema psikologikorik". Eta gehitzen du: "Nahi nuke nik hauek moduan bizi: urtean hiruzpalau egunetan lan egin eta gero egon trankil".

Animalia horiek "bizimodu erosoa" dutela baieztatzen du Bujandak ere, eta zezenekin egiten diren ikuskizunen aldekoek ematen duten beste argudio bat ere benetakoa dela badio: "Egia da; genetikoki oso animalia desberdinak dira sokamuturreko zezenak. Odolean dute jotzea eta eraso egitea". Baina animaliok estresa izateko arrazoi bat ba omen da, adibidez, euren ingurunetik kanpora ibili behar izatea.

Almorzak ez du hori ukatzen, baina dio bere animaliek ez dutela kaleko animalia batek baino estres gehiago; "izatekotan, berdin": "Baina gauza batzuk ondo ikusten ditugu, eta beste batzuk ez. Sokamuturrean animalia sokarekin lotuta ibiltzen dugula; bai, eta txakurra ere lotuta joaten da, berdin-berdin". Eta bere postura berresteko zera, bere behi eta zezenek "nahi dutenean" egiten dutela txiza eta kaka: "Kalean bizi den animaliak egiten du bere nagusiak ahal duenean edo nahi duenean; etxean dagoen animaliak ere gauza asko egin behar ditu bere borondatearen kontra".

Hortaz, tradizioekin zer egin 

Equo alderdiko Josu Garitaonandiak argi dauka: "Animaliei, edozein izaki biziduni moduan, ahalik eta tratu etikoena, egokiena, eman behar diegu. Guk ondo pasatzeak ez du justifikatzen izaki bizidun bati sufritu araztea. Ohitura asko oso errotuta daude, eta ohitura aldaketa beti kostako da egitea, baina poliki-poliki joan behar genuke helbururantz". 

Baina Almorzak dio: "Animalia bat animalia bat da, eta animalia moduan tratatu behar da; horrek ez du esan nahi tratu txarrik eman behar zaionik, alderantziz, baina animalia bat da, ez da pertsona bat". 

Eta Bujandak: "Gizakiak gara, gure artean, eta gero naturarekin eta animaliekin, harrapari batzuk. Eta, orduan, gu gara animaliak baino gehiago, kito; eta eskubidea dugu egiteko nahi duguna. Orain arte horrela funtzionatu dugu pixka bat, baina aldatzen ari da". Albaitariaren esanetan, gizarteak jartzen du neurria: "Ohitura batzuk onartu egiten ditu, eta beste batzuk onartzeari utzi egiten dio; adibidez, Lekeition: lehen onartzen zen antzara bizirik egotea eta pertsona bat zintzilik jartzea lepoa apurtu arte; gero anestesia ematen zieten antzarei; eta, orain, antzara hilda egoten da aurrez. Ondo pasatzearen truke animalien zenbaterainoko sufrimendua onartu gizarteak erabakitzen du". Eta Bujandak gehitzen du gizarteak daraman norabidea dela eskubideak zabaltzearena, baita animalien kasuan ere: "Baserritarrei ere animalien ongizatea eskatzen zaie; garbitasuna, argia, lurra garbi egon dadila eta abar". 

Iñigo Almorzak esaten du, ostera: "Oilasko granjekin inor ez da sartzen. Zenbat oilasko daude kaiola bakoitzean? Zergatik sartzen gara beti ikuskizunekin? Asko, politizatu egiten direlako gauzak. Ematen duelako gauza hauek denak ez direla gure herrikoak; eta bai, zezenak eta errekortadoreak, zehazki, hemengo kontua dira". Eta amaitzen du esaten: "Tradizio batzuk ditugu, eta mantendu egin behar dira; noski, animaliekiko ahalik eta errespetu handienarekin".

-----------------

Debagoienean ere aldatu edo aldarazi da ohitura zaharrik

Ikuskizunetan bakarrik ez, elikadurarekin lotutako tradizioetan ere erabiltzen dira, noski, animaliak. Txerribodarik, esaterako, izango da oraindik han eta hemen. Osintxun, berriz, bazuten Kofradixa jaietan txahala edo behia auzoan bertan jende aurrean hil eta harekin salda egin eta, okela puskarekin batera, auzokoen artean banatzeko ohitura, aspalditik zetorrena. Garai batean behartsuen artean banatzen omen zuten haragia. Baina ospakizun hau horrela egiteari utzi egin zioten Osintxun; legeak debekatu egiten du "animaliak kalean sakrifikatzea". 

-----------------

J. Ramon Bujanda (albaitaria): "Jendeak foie nola lortzen den ikusiko balu..."

Bujandak dio "moral bikoitza" izaten dugula sarri. Zenbait ikuskizunen kontra bai, baina jateari buruz ari garenean...

Nola lortzen da ba foie? Lortzen da ahateen elikadura behartzen. Karbohidrato ugari duen elikadura ematen zaio, gibelak ezin du hori prozesatu eta hasten da handitzen; eta, hartzen duenean tamaina oso dezente bat, hil egiten da, eta gibel hori jan egiten dugu, eta oso goxoa dago. Hor, moral bikoitz hori.

Ahateei propio eragiten diete gaixotasuna, beraz. Bai. AEBetako estatu batzuetan ezin da foie saldu, tratu txarra delako. Etorriko da hori? Planteatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak