Larraitz Ugarte: "Bidegorri gehiago ireki ahala, lortuko dugu herritarrek haiek erabiltzea lantokira joateko"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko mai. 20a, 16:22

Maiatzaren 19an inauguratu zuten Oñati-Arrasate bidegorria. Gipuzkoako Foru Aldundiarendako lehentasunezko azpiegitura da, oinezko zein bizikletan doazenendako, aisialdirako ez ezik, lanera joan-etorria egiteko ere bai. Horren gainean, Mugi txartelaren gainean eta errepideen gainean jardun dugu Larraitz Ugarterekin; era berean, Diputazioaren beste proiektu batzuk ere errepasatu ditugu.

Zer dakarkio Gipuzkoako Foru Aldundiari Oñati-Arrasate bidegorria zabaltzeak?

Edozein bidegorri irekitzeak poztasun handia ematen digu; gure ustez, mugikortasunari dagokionez egiten den edozein urratsek iraunkortasunaren ingurukoa izan behar du. Hortaz, bidegorri gehiago ireki ahala, ahalbidetuko dugu herritarrak joan ahal izatea oinez edo bizikletaz euren lantokira, ikastetxera…

Eta Debagoienean irekitzea beste bidegorri zati bat?

Herrien arteko distantzia nahiko handia da bailara honetan, beste eskualde batzuekin alderatuta, eta, lurralde ikuspegitik, Debagoienean ere inbertsio publikoa egitea ona da, bereziki, oñatiarren bizi baldintzak hobetu egingo direlako. Bidegorri hau ona da aisialdirako, baita mugikortasunaren ikuspegitik ere.  

Zelakoa da bidegorria?

Herrien arteko bidegorri foralek ezaugarri batzuk bete behar dituzte, segurtasuna bermatze aldera, eta horrek eskatzen du inbertsio handiagoa. Oñati eta Arrasate artekoak malda txikia dauka, trenaren lehengo trazatua hartzen duelako. 

Ze beste bidegorri geratzen zaizue egiteko gure eskualdean?

Elorregitik Bergarainokoa geldi dago eta berraztertu egin beharko dugu. Bestetik, Deskargako autobideko obra amaitutakoan Bergara eta Antzuola artekoan geratuko zaigu zati bat amaitzeko. Eta, bailarari dagokionez, bi horiei heldu nahiko genieke.  

Bidegorriak zeintzuek erabiltzen dituzte gehiago: oinezkoek, bizikletan doazenek?

Gaur egun, batez ere, oinezkoek. Eta, bizikletan doazenek, normalean lanera joan-etorria egiteko, gero eta gehiago. Hori datu pozgarria da guretako. Inbertsio handia eskatzen du bidegorriak. Orain egin dugun honek, esaterako, 3,4 milioi. Eta aisialdirako bakarrik izatea kapritxo garestia izango litzateke. Autoari alternatiba moduan ulertu behar ditugu bidegorriak, onura sozial gisa. Bestalde, emakumeek gehiago erabiltzen dute gizonezkoek baino. Egia da, halere, bidegorri tramuaren arabera ezberdina dela. Kiroleko txirrindularitza, bestalde, errepidean egiten da batez ere.

Mugi txartela indarrean jarri zela badira hilabete bi. Ze balorazio egiten duzue?

Legegintzaldiko apustua da. Ezinbesteko ikusten dugu garraiobide sistema guztiak koordinatzea, ze gaur egun eskumenak banatuta daude administrazio ezberdinen eskuetan. Erabiltzaileari gauzak errazte aldera, erakunde ezberdinen arteko koordinazioarekin tarifa sistema bakarra ezarri dugu. Gipuzkoako Foru Aldundia lehena izan da hori abian jartzen eta iraultza bat izan da. Bidaia eta bidaiatzeko era ezberdina izanda ere, deskontu sistema bateratua eta prezio bateratua erabiltzea aurrerapauso handia da. 

Zenbatek darabil?

Mugi eta Lurraldebus txarteldunak 400.000 inguru dira. Azkeneko bi hilabeteotan 100.000 tramitazio egin ditugu eta 50.000 Mugi txartel berri egin ditugu. Gipuzkoa 700.000 biztanleko lurraldea dela kontuan hartuta, datu adierazgarriak.

Kexuak ere izan dira, ordea…

Intzidentziak oso txikiak izan dira, %2koak. Aspektu positiboak askoz ere gehiago dira. 100.000 tramitazio egin badira, intzidentziak 2.000 inguru izan dira. Lehen, 6.000 Lurraldebus txartel egiten ziren hilero, eta, gaur egun, 27.000 Mugi txartel egiten ditugu. Izugarrizko lan karga handia izan dugu epe laburrean eta jendeari arreta eskaintzeko zerbitzua ere indartu egin dugu. Hori guztia kontuan izanda oso balorazio ona egiten dugu. Gaur egun lurralde osoan dago hedatuta eta deskontu handiak ditu. Onura handiak ditu. 7.000 pertsonari, esaterako, dagoeneko, %90eko deskontua aplikatu zaie. 

Gipuzkoako errepide azkar ordainpekoak erabiltzearren, gehienez ere, 25 euro hilean ordaindu behar da orain. Ze balorazio egiten duzue?

Autobidearen gatibu garenondako eta sarri erabili beharra daukagunondako, lanera joan-etorria egunero egiteko, esaterako, onura handia ekarri digu. Urteko aparteko paga moduko bat izan da, ze badago jendea urtean 1.000 eurotik gora aurreztuko baituena. 15.000 bat erabiltzailek dute, hilero, deskontu horren onurak jasotzeko aukera eta, batzuetan, 30.000 erabiltzailek. Gainera, orain, jende gehiago dabil ordainpeko autobideetan, nahiz eta garraio kopurua jaitsi egin den, jarduera ekonomikoa murriztu delako krisiaren ondorioz.  

Zeintzuk dira gabezia handienak gure bailarari eta garraio publikoari dagokionez?

Hiriburuekin konexioa ez da bermatzen herri batzuetan. Oñati, Antzuola… aparte geratzen dira, baita Elgeta ere. Herri batzuk hobeto daude beste batzuk baino. Eta aldaketa batzuk eginda, hiriburuarekiko eta herrien arteko konexioak hobe daitezke. 

Hiri hondakinen gainean zein da Foru Aldundiaren jarrera?

Guk dioguna da birziklatu egin behar dela. Berrerabili, prebenitu, hondakinak ez sortzeko politikak bultzatuz. Orain arteko birziklapen politikak herritarren borondatezko jarreretan oinarritu dira eta horrek ez gaituzte eroan birziklatze tasa handietara. Horretaz gain, Aldundira ailegatu ginenean, aurkitu genuen mahaiaren gainean proiektu bat: errauskailua Zubietan egitea. Eta guk uste dugu ez dela egin behar, ez delako ona lurralde honetarako, osasunarendako eta ingurumenarendako. Gure marra gorria da errauskailua ez eraikitzea eta horren ordez alternatibak proposatzen ditugu. Zero zabor filosofiarekin egiten dugu bat eta Europak Gipuzkoa eredu hartzen du. 

Atez atekoaren kontrako ahotsak asko dira….

Kontrako estrategia bat garatu da, ez oso modu naturalean, estrategia politiko bati erantzunda. Gatazka sozial bat bultzatu dute, hedabide jakin batzuek modu interesatuan haizatu dutena. Eta bihurtu da kontu gatazkatsua Gipuzkoan, berez, gatazkatsua izan beharko ez litzatekeen kontu bat, beste konturik ez balego bezala. 

%60ko birziklatze tasetara heldu nahi duzue 2016rako…

Bai, nik oso garbi daukat zein den bilketa sistemarik on eta eraginkorrena: atez atekoa. Hori frogatu da atez atekoa ezarri den herrietan. Orain, herri batzuetan. Bilketa sistema udalen eskumena da eta horren inguruan ez daukagu ezer esaterik. Planteatzen dugu 2015erako %60ko birziklapen tasara heltzea. Ezinbesteko helburua da. Gipuzkoarrok geure buruari ezarri beharrekoa, Gipuzkoa solidarioago eta garbiagoa izateko. 

Herrietan biltzeko eredu ezberdinak aztertzen ari dira, Oñatin bat, Bergaran beste bat… Hori eraginkorra da lurralde ikuspegi batetik?

Gure planteamendua da ez dela egingo errauskailua gu gobernuan gauden bitartean. Helburuetan dago gakoa. Eta herri bakoitzak ikusi behar du zein den sistemarik onena. Birziklapen tasak daude lotuta beharrezkotasunari eta derrigortasunari. Inork ez dauka zikintzeko eta ingurumena kaltetzeko eskubiderik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak