Kartzelak husteko helburuarekin plazak bete dituzte, herriz herri

Goiatz Arana Begiristain 2013ko mai. 18a, 19:57

Euskal Herri osoko 200 bat plaza herritarrez bete dira gaur, maiatzak 18, Herrirak egindako deiari erantzunez; tartean, Debagoienekoak. Presoen eta haien senitartekoen eskubideak aldarrikatu dituzte, eta "salbuespen neurriek gure gizartean izugarrizko sufrimendua sortzen" dutela salatu dute. Jai giroan egindako aldarrikapen eguna izan da.

Kale agerraldiak, kalejirak, triki-poteoak, bertso bazkariak... egin dituzte gure bailaran. Eguerdian izan dira ekintza gehienak, nahiz eta iluntzerako eta gauerako ere antolatu duten zer edo zer, Oñatin eta Bergaran, adibidez: Oñatin, 19:00etan giza katea plazatik Errekaldera; eta Bergaran, 19:30ean Mugitzen baga, mugituko da, eta 00:00etan Bideberrrin Bi herri, borroka berbera, Euskal Herria, Maputxe herria elkartasuna.

Arrasaten, korrika egin dituzte lehen aldarrikapenak: kros herrikoia egin dute 11:30ean, eta 50 bat lagun animatu dira ibilbideak barne hartzen zituen lau kilometroak atxintxika egitera.

Baina 13:00etan izan da ekitaldia nagusia  eta jendetza batu da Arrasateko Herriko Plazan. Giza eskubideak, bakea, irtenbidea. Euskal presoak herrira zihoen pankarta erdian, bertso, musika eta hitzekin osatutako ekitaldia egin dute. 

"Sakabanaketaren ondorioz asteburu honetan ere bizia arriskuan jarriz errepidean daudenentzat, euskal presoen senitarteko eta gertukoentzat" izan dituzte lehen hitzak. "Besarkada eta elkartasuna" helarazi dizkiete, eta estatuei "herri hau bake justutik urruntzea egotzi" diete: "Salbuespen neurriek gure gizartean sortzen duten sufrimendu izugarria gogoratzeko gaude hemen, presoen eta haien senitartekoen giza eskubideak urratzen direla salatzeko. Estatuek berariaz ezartzen dituzten neurri hauen funtsa, min egitea, konponbiderako bidea oztopatzea eta herri hau bake justu batetik urruntzea da".

Aldarriak

Plazara ateratzeko arrazoiak "giza eskubideen errespetuari inork prezio politikorik jar ez diezaion eskatzea eta, beste behin ere, jendartearen gehiengoaren nahia islatzen duten aldarriak zabaltzea" izan direla adierazi dute: sakabanaketaren amaiera, 197/2006 doktrinaren derogazioa eta gaixotasun larriak dituzten 15 preso politikoen askatasuna.

Giza eskubideak, konponbidea, bakea lelopean kalera atera dutena "herri honen gehiengo sozialaren mandatua" dela adierazi dute, eta  eskakizun horren defentsan gero eta norbanako, alderdi, sindikatu eta eragile sozial eta instituzional gehiago biltzen ari direla gaineratu dute. Ildo horretatik, kritika egin diete Espainiako eta Frantziako gobernuei, "kontrako: norabidean" doazela argudiatuz: "Rajoyren eta Hollanderen gobernuak kontrako norabidean doazela ikusten dugu, eta kezkagarria iruditzen zaigu egiaztatzea giza eskubideak urratzearen aldeko apustuari eusten diotela. Ez dugu nahi hildako gehiagorik, Angel Figueroaren edo Xabier Lopez Peñaren kasuak errepikatzerik, eta horretarako urgentzia osoz, nahitaezkoa da salbuespen neurriak bertan behera geratzea". 

Horregatik, ideia bat nabarmendu nahi izan dute gaurkoan: "Asko egin dugu orain arte, baina ez da aski izan gure helburuak lortzeko. Asko dugu egiteko oraindik; antolaketa, sentsibilizazioa, parte-hartzea zabaldu eta areagotu eta mugimendua herritarrei eta gizartearen sektore guztiei irekitzea beharrezkoa zaigu. Gehiengoaren nahiarekin bat eginez, gai izan behar gara esparru guztietan gobernuen kontrako presioa areagotzeko". 

Euren erronka nagusia salbuespen neurrien amaiera lortzea dela berretsi eta helburu horri begira indarrak batzen jarraituko dutela azaldu dute: "Olatu sozial erraldoi baten premian gaude. Zeregin horretan denon indarra, denon kemena eta denon ideiak dira beharrezkoak. Aurrera, beraz: jarrai dezagun lanean, eskakizun hau ikastetxe, lantegi, elkarte, gure herri eta auzoetako txoko guztietara eramateko zeregina dugu".

Herri bakoitzeko hizki bat

Gaur plazak betetzeko deialdiarekin bat egin duten Debagoieneko herri denen artean, Plazara hitza osatu dute; hizki bat irudikatu dute herri bakoitzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak