Gaikako bilketa sistema berria ezartzeko hurrengo pausoen berri emateko prentsaurrea egin zuten Oñatiko Bilduren gobernu taldeak egubakoitzean, eta bezperan Gipuzkoako atez atekoaren aurkako koordinadoreak esandakoei erantzun zien.
Gobernu taldeari "erabat harrigarria eta bitxia" iruditu zaio "kanpoko herritar horiek Oñatiko herritarrak bigarren mailako bihurtzen ditugula esatea. Irain egin diete Oñatiko herritarrei eta hori ez dugu inolaz ere onartuko", esan zuen alkateak.
Ontziak jasotzeko deiari "kasurik ez egiteko" gonbidapena "arduragabea eta larria" zela esan ondoren, EAJri zuzenean galdetu zion "deialdi horrekin bat egiten" zuen, "bai edo ez?"
"Are larriagoa dena da, agerraldi horretara joan ziren kazetariek EAJko zuzendaritzatik bidalitako email baten bidez jaso zutela agerraldi horretara joateko deialdia. Zer esaten du Oñatiko EAJk horren aurrean?", gaineratu zuen alkateak.
Alkatearen galderei erantzuna EAJ-k
Alkateak EAJri zuzendutako galderoi erantzunez –galderei zuzenean erreferentziarik egin gabe– Oñatiko EAJk ohar batean adierazi du "bakarrik berak esandakoaren eta bere ekintzen ardura" hartzen duela eta udal gobernuari eskatu dio "egin dezala elkarrizketaren alde": "Horretan beti egongo gara geu alderdi bezala", diote jeltzaleek.