Emakume musikariak iruditan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko mai. 17a, 13:57

Emakume musikariak euskal rock esparruan duen presentzia islatzea du helburu, Emakume Sailaren eskutik, maiatzaren 31ra bitartean Arrasateko Kulturateko klaustroan ikusgai dagoen Emarock erakusketak. Erakusketako ateak atzo zabaldu bazituzten ere, gaur, egubakoitza, 19:15etatik aurrera egingo dute inaugurazio jaia.

Kulturateko areto nagusian Emarock dokumentala erakutsiko dute, hainbat musika emanaldi akustiko tartekatuz. Arrasateko Ain 1 taldeko kideak, Ines Gose eta Kokein taldeko Zaloa eta Iker musikariak igoko dira aretoko taularen gainera. Ondoren, luncha izango da erakusketa dagoen klaustroan.

Debagoienekoak ere bai

Euskal Herriko askotariko herri eta jaialdietako kontzertuetako zuzeneko argazkiez gainera, hainbat musikariei egindako elkarrizketekin egindako dokumentala, prentsan argitaratutako artikuluak eta diskoen azalak ere batu dituzte Klaustroan.

1999-2013 urte bitartekoak dira argazkiak; gehienak azken bost urteetakoak badira ere. Saioa Cabañas Gauilunak Bilboko argazkilariarenak dira erakutsitako gehienak. "Emakumeak taularen gainean ondoen dakitena egiten erakusten saiatu naiz, kantuan ikusiko ditugu batzuk, instrumentuak jotzen beste batzuk. Rock esparrukoak dira gehienak, orainari eman diogu-eta garrantzia. Hala ere, beste musika esparru batzuetako ikurrak diren musikariei ere egin diegu lekua, hori horrela, badira nireak ez diren beste batzuk ere, horien artean, Maixa eta Ixiarrek utzitako argazki originalak", azaldu du Saioa Cabañasek, Emarock erakusketako koordinatzaile eta Gauilunak argazkilariak.

Tolosan iaz abiatutako erakusketa ibiltariak 70 musikarien 100 argazkitik gora dituzte batuta, baina tokian tokiko moldaketak egiten dituzte; hori horrela, Debagoieneko protagonistak ere jaso dituzte iruditan Arrasateko Mery May, Ines Gose eta Ain 1 taldeenak eta baita Bergarako Emon taldeko garai bateko abeslariarenak ere.

Irudiez gainera, iritziak

Emarock-ek baina, musikarien ahotik jaso gura izan ditu bizipenak. Askotariko adin eta estilotako 16 emakumerekin ordubeteko elkarrizketa saioak grabatu zituzten hainbat gaien inguruan (amatasunaz, emakumearen rolaz, komunikabideen eraginaz...), eta horrela egin dute 40 minututako dokumentala. Telebistaren pantailan ikusiko ditugunen artean, Ines Gose. Gaurko, egubakoitzeko, ekitaldian gainera, erakusketak irauten duen bitartean izango da dokumentala ikusteko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak