Nolatan hasi zinen ekoizle moduan?
Aitak betidanik izan du ortu txiki bat eta orain dela bost urte formazioa jasotzen hasi nintzen. Artean ez neukan lan finkorik eta erabakia hartu nuen. Kostata, baina, lurrak eskuratu nituen eta erakundeen laguntza handiarekin hasi nintzen ekoizten.
Hasiberria izanda, esperientzia faltan igarriko duzu, ezta?
Bai, noski. Biolurretik, hala ere, laguntza handia ematen didate: gaixotasunak, aholkuak, planifikazioa... Gainera, guztia ekologikoa da eta kontu handia eskatzen du horrek. Bertako garaiko produktu ekologikoak izateak, baina, balio handia du. Gaur bertan [eguaztena] etorriko da teknikaria bisita egitera, hain justu.
Aurten ortua berandu dabilela entzuten da, ezta?
Eguraldia ez dabil oso fin. Letxuga, kipulin, ilar eta baba handien garaia da. Landatu ditut tomateak eta piperrak, eta baita marrubiak ere. Hilabeteko atzerapenarekin dabil ortua; eskerrak berotegia daukagun. Ea eguraldiak hobera egiten duen, ze, bestela, neguko barazkiak agortu egingo baitira eta udakoekin hasita ere ez gara egongo. Gauza bakoitzak bere garaia dauka eta faktore horien mende egon behar duzu.
Nora bideratzen duzu ekoiztutakoa?
Aretxabaletako kontsumo talde bat daukat eta oso gustura nabil. Bi otarre mota egiten ditut: handiak eta txikiak; 25 otarre, guztira. Denetariko herritarrek hartzen dute parte kontsumo talde horretan. Astean behin, martitzenetan, banatzen ditugu otarreak. Konpromisoa hartu besterik ez dago, eta taldekoak gustura daude. Otarre handia nahikoa izaten da lau kideko familia batentzat astebeterako. 60 euro da hilean otarre handia; eta txikia, ostera, 32 euro da eta pertsona batentzat edo etxean, adibidez, afaldu besterik egiten duen bikote batentzat egokia izan daiteke. Kontsumo taldeaz gain, gustatuko litzaidake poliki-poliki Aretxabaletako azokara ere joatea. Asmoa daukat, irailean, udako sasoia oparoa izaten dela-eta, azokara ere joaten hasteko.