Larraitz Ugarte diputatuak animatzen ditu herritarrak lanera joateko ere bidegorria erabiltzera, aisialdirako bakarrik ibilita "kapritxo garestia" delako

Domekan inauguratuko dute Oñati eta Arrasate arteko bidegorria, 3'4 milioi euroko inbertsioa eskatu duena. Mugi txartelari, autobideetako ordainsari bakarrari eta hondakinei buruz ere jardun du Azpiegitura eta Mugikortasun diputatuak Goiena Magazinea-n.

Domekan inauguratuko duten Oñati eta Arrasate arteko bidegorriaren gainean Larraitz Ugarte Azpiegitura eta Mugikortasun diputatuak adierazi zuen estrategikoa dela Aldundiarentzat, bailara honetan herrien arteko distantziak dezentekoak izanda komunikazioak ez direlako beste leku batzuetan bezain errazak. Ugartek animatu zuen jendea lanera joateko bidegorria erabiltzera, esan zuenez 3,4 milioi euroko inbertsioa “kapritxo garestia” litzatekeelako aisialdirako bakarrik erabiltzekotan. Aurrerantzean, Bergara arteko zatiari eta Bergara-Antzuola tartean falta denari heltzeko asmoa agertu zuen diputatuak.

Mugi txartelaren gainean ere “balorazio ezin hobea” egin zuen. Erakunde desberdinen menpeko garraio sistemak koordinatzea ezinbestekoa zela azaldu zuen, besteak beste tarifak bateratu eta herritarrek deskontu hobeak izateko eta deskontuetara errazago iristeko modua izan dezaten. Ugarteren esanetan orain egin behar dutena da intermodalitatea bermatu, garraio sistema desberdinen arteko ibilbide, maiztasun eta ordutegiak koordinatu. Horretarako herritarren beharrak eta iritziak aintzat hartzeko asmoa agertu zuen.

Oso balorazio ona baita ere Gipuzkoako autobideetarako 25 euroko ordainsari bakarraren gainean. Orain arte ikusitakoaren arabera hilero 15.000 erabiltzaile izango omen dira neurri honen onuradun eta hilabete batzuetan 30.000 ere bai.

Hondakinen gaian, Aldundiak dio birziklatze maila %60ra iritsi behar dela 2016rako, hori dela helburua. Helburuari garrantzia emanda, bilketa nola egin erabakitzea udalen eskumena dela adierazi zuen, nahiz eta onartu atez atekoa dela gaur egun sistemarik eraginkorrena. Bildu Diputazioko agintean dagoen bitartean erraustegirik ez dela egingo adierazi zuen Larraitz Ugartek.

Elkarrizketa osorik

Lehen zatian, Mugi txartela, bidegorria, garraio publikoa... mugikortasun gaiak izan zituen hizpide Larraitz Ugartek:

Elkarrizketaren bigarren zatian, hondakinez, erakundeen arteko harremanez eta legegintzaldiko lehen bi urteez hitz egin zuen, besteak beste:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.