Txan magoa: "Helduak umeak baino errazagoak dira engainatzeko"

Txomin Madina Milikua 2013ko mai. 16a, 02:00

Clark Kent Superman bihurtzen den moduan, agertokira igotzean Xanti Antero donostiarra Txan magoa da; handi zein txiki, denak liluratu eta barrez jartzen dituen magoa.

1. Xanti edo Txan, zer nahiago?

Xanti. Ni neu Xanti magoa izenarekin hasi nintzen; ikuskizun baterako baina, izena aldatzeko eskatu zidaten, eta lagun batek proposatuta jarri nuen Txan magoa. Bat bateko kontua izan zen.

2. Noiz jakin zenuen botere majikoak zenituela?

Tabernariaren semea izanda, bezeroen esku-jokoak ikusten nituen, baina zer ziren jakinda. Behin kanpotar bat etorri zen: zaharra, beltzez jantzia, ile zuria... Kartekin egin zidan joko bat txundituta utzi ninduena. "Hau da magia!" esan nuen, eta magoa izatea erabaki; urteak pasa ziren gero.

3. Harry Potter Howgartsera joan zen magian sakontzera. Zu?

Sagardotegira... Lehen kontaktua hamar urterekin izango nuen. 25-26ekin, Igeldoko sagardotegi baten koadrilan betiko magiak egiten nenbilela, beste bezero batek esan zidan magia liburu bat zuela. Biaharamunean, 9:00etan bere etxean nengoen liburua hartzeko. Sekulako aurkikuntza izan zen.  

4. Zein da truku onaren gakoa?

Batez ere zure izaerarekin aurkeztea. Bere momentua aurkitzea ere bai: ezin duzu behartu.    

5. Trukua dagoela badakigu, zergatik liluratzen gaitu magiak?

Hori da magoaren lana, trukurik ez dagoela konbentzitzea. Trukua magiaren zati txiki bat da: magia janzten jakin behar duzu.

6. Zeintzuk dira engainatzeko errazagoak, helduak ala umeak?

Helduak. Hamabi urtetik beherako umeak fantasiatsuak dira; magia ikustean berehala aurkitzen dute erantzun ilogiko bat. Helduak mundu logikoan bizi gara eta hori apurtzean mutu geratzen gara, hasieratik engainatuta gaude. Zaila da ume bat harritzea. 

7. Umeak tratatzeko modu deigarria duzu, nahiko zuzena.

Umeak beharrean, modu normalean tratatzen ditut. Ez dut umeendako ikuskizuna bezala saltzen, denontzakoa baizik. Oholtzan nahiko izaera eroa dut eta umeek eskertzen dute.

8. Agertoki gainean, magiak huts egiten duenean...

Lepoan hartu eta segi aurrera! Txarrena hasieran edo batez ere, amaieran gertatzea da, horregatik oso ondo lotuta izan behar duzu. Beti saiatzen zara ateraldiren bat izaten, edo truku lagungarriren bat. Taulak izan behar dituzu.

9. 1979an monopatinean Euskal Herriko txapelduna izan zinen.

Bai, oso ona nintzen. Musikaria ere izan nintzen; baina poltsikoan beti eroaten nituen magiarako lau zorakeria. Surfean ere ibiltzen ginen.

10. Donostiako leku magikoena?

Haizearen orrazia. Txikitatik asko joaten naiz bertara; nire lekua da. Familiak Txillida ezagutzen zuen, eta haren baimena nuen erakitzen ari zirela han arrantzan egiteko.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Ziri magikoa deitzen diogu, eta arreta desbideratzeko erabiltzen dugu: ziria ateratzeak esan gura du beste eskuarekin zerbait egiten ari garela; ikuslegoa engainatzen ari garela. Ziri ona dudala pentsatuta, kartzela guztiak hustuko nituzke: bertan egon behar ez direnak kanpora; eta kanpoan egon arren barruan egon behar luketenak, barrura".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak