Zer da KichwaSisariy?
Gure ama-hizkuntzan esan nahi du kitxuaren loraldia. Eta, hain justu ere, horixe da lortu nahi duguna: berrindartzea, loratzea, hedatzea, erabiltzea.
Zein da kitxuaren egoera?
Une kritikoan dago. Jon Sarasuak zioen kitxuak minbizia duela, baina tripako mina osatzeko botikak ematen ari zaizkiola. Oso grafikoa da. Une honetan ikerketa soziolinguistikoa egiten ari gara eta ohartu gara belaunaldi arteko transmisioa eten egin dela. Urte askoan entzun izan dugu gure hizkuntzak ez daukala baliorik, nekazarien hizkuntza dela, e.a. Mezu hori errotu egin da jendartean. Duela 50 bat urte euskararekin gertatu zen moduan. Eta gurasoek beren seme-alabendako onena nahi dutenez, gaztelaniaz zuzentzen zaizkie eta ez zaie kitxuaz mintzatzen, horrek dakarrenarekin. Eskoletan ere ez da erakusten eta galdu egin da. Belaunaldi berriek ez dute erabiltzen.
Zela murgildu zinen kitxuaren berreskurapenean?
Mondragon Unibertsitatean, Garabidek antolatutako ikastaro batean parte hartzeko aukera eta zortea izan nuen. Eta euskararen berrindartze prozesua zelakoa izan den ikusteko aukera izan nuen. Zein zen euskararen egoera duela hamarkada batzuk eta zein den gaur egun. Horrek erakutsi digu posible dela. Kitxuaren hiztun pasiboa nintzen ni. Ulertzen nuen, baina ez nuen erabiltzen.
Zenbat hiztun ditu kitxuak eta zein da bere hiztun eremua?
Duela 10 urte egin zen errolda bat eta 3 milioi ginen. Ekuadorko Andeetako aldean asko erabiltzen da.
Kitxua baturik baduzue?
Bai, kitxua, idatzizkoa, batuta dago. Halere, lau kitxua aldaera ditugu: Iparraldekoa, Hegoaldekoa, Erdialdekoa eta Amazonetakoa; azken honetan hizkuntza nagusia da. Ekuadorren, Bolivian, Perun eta Kolonbian berba egiten da.
Ze estatus juridiko dauka?
Ekuadorko Konstituzioak dio kitxua ofiziala izan daitekeela dagoen lurraldean, baina ez du zehazten zela. Bestalde, iaz indarrean jarri zen Hezkuntza Legeak ere jasotzen du ekuadortar guztiok daukagula geure hizkuntzan hezteak izateko eskubidea, baina ez du baliabiderik jartzen hori gauza dadin.
Ze eredu darabilzue hizkuntza berreskuratzeko?
Txepetx-en eta Fishmanen ereduak jarraitzen ditugu, baina, batik bat, lehenengoa. Bestalde, Hawiako eredua ere badarabilgu, teknologia berriak erabiltzen ditugulako hizkuntza erakusteko. Kitxua ikasteko hiztegi fonetiko bat lantzen dihardugu... Izan ere, esaterako, Imbaburan, gure lan eremuan, 500.000 laguneko eskualdean, norbaitek kitxua ikasi nahi badu, ez du libururik edo hiztegirik aurkituko hango liburu-denda edo liburutegietan. Ez daude. Guk hezkuntzako liburuak itzuli, digitalizatu eta sarean jarri ditugu denen eskura. Orain badago aukerarik, Kichwa.net webgunean.
Eskoletan-eta erakusteko ahaleginetan ere bazabiltzate?
Bai. Imbaburako probintzia osoan kitxua erakusteko programa bat jarri dugu abian. 605 eskola dira. Lortu dugu gure proiektua bere gain hartzea Hezkuntza Ministerioak, baliabideak eskainita. Horrekin lotuta, irakasleak hezteko programa ere martxan da. Irakasleak formatu behar ditugu: hizkuntza jakiteaz gain, erakusten jakin behar dute eta militanteak izan behar dute. Bestalde, hamar urtera begira ireki nahiko genituzke lehen kitxuar ikastolak, ikasgai guztiak gure hizkuntzan eman ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzak ere laguntzen dizue horretan, ezta?
Bai, euskararekin egindako esperientzia guretako garrantzitsua da eta aholkularitza eskainiko digu Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak. Lan hitzarmena bultzatu nahi dugu Ekuadorko eta Euskadiko gobernuen artean.
Erakundeek, gobernuak, ze jarrera daukate kitxuarekiko?
Aldekoa. Rafael Correa presidentea, esaterako, kitxua hiztuna da. Eta bere agerpen publikoetan erabiltzen du. Hori oso garrantzitsua da hizkuntzari estatusa emateko. Jada ez da nekazarien hizkuntza bakarrik. Zerbitzu publikoetan, ospitaleetan edo polizian, halere, ez zaituzte artatzen kitxuaz. Ez gara horretara heldu oraindik. Baina ministerio batzuk hasi dira erabiltzen kitxua publizitatezko mezuak zabaltzeko. Baita hiriburuan, Quiton, ere. Eta horrek badauka ondoriorik; izan ere, hainbat gaztelania hiztun hasi dira ohartzen kitxua ikastea garrantzitsua dela. Horrenbestez, oro har, gobernuaren jarrera ona da. Presidentearen edo Asanbladaren webguneak kitxuaz daude, hedabideetan albiste batzuk ere bai...
Lan munduan-eta zein da egoera?
Ezberdina da tokiaren arabera. Esaterako, Otavalon, badaukagu nolabaiteko botere ekonomikoa. Indar ekonomikoa daukan komunitate indigena bakarra da, musikari eta artisautzari esker. Aurrezki eta kreditu 30 bat kooperatiba daude. Eta bertako gerenteen ekimenez, kooperatiba horietan lan egin behar dutenek kitxua jakin behar dute.
Bereziki komunikazio teknologia berrienak erabiltzen diharduzue hizkuntza zabaltzeko, ezta?
Bai, eskura ditugun baliabideak erabiltzen ditugu eta kanpaina egiten gabiltza gure hizkuntza agerikoa izan dadin Interneten. Hiru webgune ditugu eta beste 5 profil Facebooken… 7 milioi bisita jaso ditugu eta horietatik %10ek kitxuaz erantzun du. Hori oso pozgarria da guretako, ze ez baita gure hurbilean dagoen jendea. Baina gure identitatea bultzatzen laguntzen dute; onena da gazteak dabiltzala horretan.
Katalunian urteetan bizi izandakoa zara, baina orain berriro ere sorterrira itzuli zara…
Bai, duela 6 hilabetetik Ekuadorren bizi naiz. Inportantea da orain han egotea, proiektua aurrera ateratzeko. 21 urte eman ditut aberritik kanpo, munduan barrena, han eta hemen. Une egokia da kitxua berreskuratzeko prozesuan buru-belarri murgiltzeko.