Gaur abiaraziko da Asiako liztorraren plagak saihesteko kanpaina, Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2013ko maiatzaren 6a

Martxoa eta maiatza bitartean hasten dira asiar liztorrak lehen habiak jartzen eta, plagak ekidite aldera, Debagoieneko Mankomunitateak informazio kanpaina bat jarri du abian. Eskuorriak banatu eta hitzaldiak emango dituzte herri ezberdinetan; gaur, astelehena, izango da lehena, Arrasateko Kulturateko Areto Nagusian, 19:00etan.

Martxoa eta maiatza bitartean egiten dituzte hasierako habiak; horietako bakoitzeko erreginak beste habi bat egiten du; eta 200 erregina inguru sortzen dira. "Beraz, suntsitzen dugun hasierako habi bakoitzeko 200 erregina gutxiago izatea lortuko dugu", diote Mankomunitatetik.

Habien ezaugarriak

  • Babes lekuetan egiten dituzte: teilatuak, leihoak, aterpeak, biltegiak…
  • Tamaina txikikoak dira: bost zentimetro.
  • Kolore desberdina izan dezakete, eraikitzeko erabilitako egurraren arabera.
  • Habia kentzearekin ez da nahikoa, erregina akabatu behar da.

Zer egin habiak ikusiz gero

  • Norberak suntsitu dezake, emandako jarraibideak jarraituz.
  • Zalantzak izanez gero, udaltzainei deitu behar zaie.
  • Beti eman behar zaie abisua udaltzainei, nahiz eta norberak kendu, jasota geratzeko non azaldu diren habiak.

Nola suntsitu hasierako habiak

Eguzkia atera aurretik edo gorde eta gero egin behar da.

  • Poltsa batean sartu.
  • Etxeko edozein intsektizida bota.
  • Itxaron 20  minutu.
  • Kendu paretatik.
  • Suntsitu habia.

Informazio batzarrak

Gehiago jakin nahi izanez gero, aukera izango da herri ezberdinetan:

  • Maiatzak 6, astelehena, 19:00etan, Arrasateko Kulturateko Areto Nagusian.
  • Maiatzak 9, eguena, 19:00etan, Bergarako udaletxeko pleno aretoan.
  • Maiatzak 10, egubakoitza, 19:00etan, Eskoriatzako Ibarraundi museoan.
  • Maiatzak 13, astelehena, 19:00etan, Oñatiko Santa Ana aretoan.
  • Maiatzak 16, 19:00etan, Aretxabaletako Arkupeko Zaraia aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak