Facebookeko erabiltzaileen migrazioa azterketa ugariren gaia da. Alde handiarekin, erabiltzaile gehien dituen sarea bada ere, geroago eta nabarmenago Instagram, ala neurri txikiagoan, Path moduko sare sozial espezifikoagoetara jotzen dute erabiltzaileek.
Etekin ekonomikoetan, momentuz, aldaketa horrek ez du eraginik izan baina burtsan dagoenetik, inbertitzaileek oso gertutik jarraitzen dituzte joera horiek, Facebooken luzerako errendimendu ekonomikoak zalantzan jarraitzen du-eta. Hain zuzen, Europan eta Estatu Batuetan erabiltzaile kopuruari dagokionez goia jo du honezkero Facebook-ek eta egoera honetan galeretara jo dezake Mark Zuckerbergen konpainiak. Bisita kopuru orokorrak %4 egin du behera – datu ofiziosoen arabera – Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan, zehazki 6 milioi bisita gutxiagorekin. Webgune bidez egindako bisitek ere behera egin dute baina mugikor ala bestelako gailuen bidez egindakoetan gora jarraitzen omen du bisita kopuruak. Hala ere, erabiltzaileek bataz beste Facebook-en ematen duten denborak ere behera egin du: abenduan 121 minutu izan ziren eta urtarrilean, adibidez, 115. Joera horrek behera egiten jarraitzen du.
Aipatutako herrialdeez gain Facebookek arrakasta handien Alemanian, Canadan, Espainian, Frantzian eta Japonian izan du. Herrialde horietan ere Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan ikusitako joera hori ere ematen hasi da. Facebook-en aspaldiko nobedade falta omen da erabiltzaileak gogaitzera eraman dituena eta Instagram (Facebook-en jabetzakoa) atera da garaile, ematen duenez, alternatiba bezala, argazkien sare sozial horrek urte eta erdian 30 milioi erabiltzaile irabazi baititu. Gaur egun Hegoamerikan soilik dabil hazten Facebook modu esanguratsu baten.
Lehen begiradan kontraesankorrak dirudite Facebooketik datozen albiste asko. Ustezko erabiltzaile galerarekin batera Zuckerbergen konpainiak geroago eta gehiago fakturatzen duela eman da ezagutzera azken datuekin. 2013ko lehen hiruhilekoan sare sozialak 166 milioi euroko irabazi garbia izan zuen, iazko epealdi berdinarekin alderatuta, %6,8ko hazkundearekin. Sarreretatik %43 dator publizitatetik eta horren barruan %30 gailu mugikorretatik dator. Igoera gertatu da hemen ere eta konpainiatik zabaldutako datuen arabera hileko erabiltzaile aktiboen kopuruak ere gora egin du (%26 igo da aurtengo martxora arteko epealdian, iazkoarekin konparatuta) hilean 1.110 erabiltzaile aktibo dituzte.