Bergarako eta Oñatiko ikasle eta irakasleek pauso sendoak eman dituzte Eskolako Agenda 21en bidean ikasturtean barrena. Azken hilabeteetan, hondakinen inguruko diagnostikoa egin ahal izateko bi saio egin dituzte: Ikasi saio teorikoa eta ikusi saio praktikoa egin dituzte. Haur Hezkuntzan hasi eta Batxilergora arte, ikasleek eskualde eta udalerriko egoera ezagutzeko datuak eskuratzea izan da saio horien helburua.
Hori horrela, haur eta gazteek etorkizuna hobetzeko proposamenak sortu dituzte, eta baita konpromisoak hartu ere, maiatzean udal arduradunekin partekatuko dituzten proposamen eta konpromisoak, hain zuzen ere.
Laguntza hartu eta eman
Ikasturtean zehar hondakinen gaian sakontzeko ekintza osagarriak ere egin dira: irakasleei eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako formazio saioak antolatu dira, eta baita Lehen Hezkuntzako haurrentzat sortutako jolas ludiko didaktikoak ere.
Hori guztia egin ahal izateko, zentro bakoitzeko koordinatzailearen lana funtsezkoa izan da.
Zubiak eraikiz
Orain arte ikastetxe barruan egindako lana handik kanpora aterako dute. Hain zuzen ere, erabakiak hartzeko prozesua ulertzeko eta herriko plangintzan parte hartzeko, ikastetxetik udaletxera joango dira. Modu horretan, herriko gazteen ideiak eta iritziak udal ordezkariei helaraziko dizkiete. Hain zuzen ere, maiatzean batuko dira ikasleak udal ordezkariekin, eta, euren proposamenen berri ematearekin batera, konpromisoak hartzeko ere eskatuko diete udal arduradunei.
Apirileko buletina, kalean
Agenda 21eko Bergarako eta Oñatiko ikasleen apirileko buletin digitala dagoeneko kalean dago.
Buletin hori www.bergara.net helbidean dago eskuragarri, PDF formatuan.