Hondakinak batzeko triziklo elektrikoa aurkeztu du Mankomunitateak

Arritxu Barruso 2013ko apirilaren 24a

Debagoieneko Mankomunitateak Evolo enpresak diseinatutako triziklo elektrikoa aurkeztu du gaur goizean Bergaran. Proba pilotu bat egingo dute astebetez Bergaran kartoi komertziala trizikloarekin batzeko dendarik denda. Triziklo berak beste probaldi bat egingo du aste batzuk barru Antzuolan. Kasu honetan Mankomunitatearen asmoa da, triziklo berak Antzuola osoko hondakin guztiak batzea. Bi proba pilotuek emaitza onak emanez gero, Mankomunitateak Debagoiena osora zabaldu nahiko luke sistema hori.

Bergararrek datozen egunotan, beharbada, triziklo elektriko batekin egingo dute topo. Gaur hasi eta datorren martitzenera arte Bergarako kartoi komertziala batzea izango da Evolo enpresak diseinatutako trizikloaren zeregina.

Debagoieneko Mankomunitatearen proba pilotua da eta helburu bikoitza dauka: hondakinen bilketa jasangarriagoa izatea eta CO2 isurketak murriztea, eta kartoia ordu luzez kalean ez egotea. "Gaur egun kartoia gauez jasotzen da. Dendariek 20:00etan ateratzen dute kalera, baina, batzuetan ezinezkoa izaten da gauean bilketarekin amaitzea eta ordu asko egoten da kartoia kalean. Horrez gain, euria egiten badu edo haizea baldin badago herri osora zabaltzen dira kartoiok itxura eskasa emanez", adierazi du Mankomunitateko Ingurumen arduradun Josu Peredak

Edukiontziak leku estrategikoetan

Hortaz astebetez, kartoi komertzialaren bilketa goizetan egingo da Bergaran, komertzioz komertzio. Bilketa dendak zabalik dauden ordutegian egingo da, beraz, dendariek, hala nahi izanez gero, zuzenean eman ahalko diote kartoia biltzaileari. Goiza beharbada, ez da nahikoa izango bilketa guztia egiteko eta arratsaldean ere lanean jarraitu beharko du. Horrelako detaileak dira Mankomunitateak probaldi honekin aztertu nahi dituenak.

Trizikloak batutako kartoia leku estrategikoetan kokatutako edukiontzietara eramango da. "Herrian zehar, toki estrategikoetan, edukiontziak kokatuko dira. Trizikloak, bete ahala, edukiontzi horietara eramango du kartoia eta ondoren kamio batek batuko du horietan kokatutako kartoia", azaldu du Peredak. 

Bergaratik Antzuolara

Bergarako proba pilotua bukatuta, hiru aste barru Antzuolan hasiko du beste probaldi bat triziklo elektrikoak. Kasu honetan Mankomunitatearen asmoa da frakzio guztiak batzea trizikloarekin: "Atez ateko sistema martxan dago Antzuolan eta kasu honetan hondakin guztiak batuko lirateke trizikloarekin".

Mankomunitateak uste du hiru ordu inguruan triziklo bakarrak Antzuola osoko hondakin guztiak batu ditzakeela. Hemen ere edukiontziak ipiniko dira leku estrategikoetan, eta ondoren, kamioi batek ordu erdian batuko luke edukiontzi horietan jasotakoa. Gaur egun kamioiak lau ordu inguru behar izaten ditu herri guztia batzeko.

Antzuolako proba pilotuak emaitza onak emanez gero Debagoieneko beste herri batzuetarako ere erabilgarri ikusten du Mankomunitateak trizikloaren sistema: "Bergaran, esaterako, Balu auzoan kamioiak arazoak izaten ditu kale batzuetara sartzeko. Horrelako kasuetarako irtenbidea izan daiteke".

500 euroko kontsumoa urtean

Trizikloak 2.000 litroko kapazitatea dauka, 250 kilo garraiatu ditzake eta kontsumo gastua urtebetean 500 eurokoa izango litzateke. Gasolioan ere aurrezpen handia suposatuko lukeela adierazi du Peredak. Evolo enpresa modulu malgua diseinatzen ahalegindu da hondakin mota guztiak garraiatu ahal izateko.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak