Aurtengo Arantzazu Eguna, Seminarioko ikasle ohiei eskainia

Goiatz Arana Begiristain 2013ko api. 23a, 18:58

Festa giroan egingo den jaialdian, ikasle ohien talde zabala batzea aurreikusten dute antolatzaileek, 'Nik Arantzazun ikasi nuen' lemapean. III. Arantzazu Eguna izango da aurtengoa eta maiatzaren 5ean ospatuko da.

Arantzazuko erroetara itzultzea izango da datorren maiatzaren 5erako, domeka, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak antolatu duten III. Arantzazu Eguneko xede nagusia. 

Festa-giroko jardunaldiaren hirugarren ekitaldia da honakoa: 2009an egin zen aurrenekoa, eta Nestor Basterretxeak Kriptako muralak pintatu zituela 25 urte betetzen zirela ospatu zuten; 2011n omenaldia egin zitzaion Xavier Alvarez de Eulate frantziskotarrari, Basilikako beirate koloretsuen egileari; eta aurtengo protagonistak Arantzazuko esperientzia partekatzen duten garai bateko haurrak eta gaztetxoak izango dira, egun belaunaldi desberdineko helduak direnak. Bilera berezi honek aspaldian ikusi gabeko ikaskideekin pasatako garaiak gogoratzeko aukera emango die, baita Seminariotik pasatako beste zenbait ikaslerekin antzeko bizipenak partekatzekoa ere. 

Hiru helburu

2013ko Arantzazu Egunak bete nahi dituen helburuak dira:

  • Arantzazuri eskainitako eguna ospatzea eta ehunka lagun festa-giroan biltzea.
  • Arantzazuko Seminarioko ikasle izandakoei omenaldia egitea. Halaber, jardunaldiak balioko du urteetan hamaika umeren eta neraberen irakasle izan diren fraideei esker ona erakusteko.
  • Arantzazu gizarteari gerturatzen laguntzea eta gizartea Arantzazuri, eta lagun gehienei leku publiko hori eurena dela sentiaraztea.

Egitaraua

Maiatzaren 5eko jardunaldiaren programa osoa honakoa izango da:

  • 10.00 Arantzazuko iraganari, gaurko egunari eta etorkizunari buruzko gogoeta eta ikasle eta irakasle izandakoen testigantzak Gandiaga Topagunean.
  • 12.00 Meza Nagusia.
  • 13.00 Taldearen argazkia, bertsolariak eta trikitixa plazan.
  • 14.00 Bazkaria Arantzazuko Santutegia Hotelean. Bazkaltzen gelditzeko asmoa dutenek 30 euroko diru-sarrera egin beharko dute Euskadiko Kutxako 3035 0170 54 1701019652 kontu korrontean apirilaren 30a baino lehen. Ordainagirian izen-abizenak jaso behar dituzte, eta zein urtetan sartu ziren Seminarioan.

Oñatiar askoren bizitzetako parte

Arantzazuko Seminarioa, Oñatin kokatua, oñatiar askoren bizitzetako parte da. 1922an fraidegaiak hezteko Eskola Serafikoa sortu zenetik, 1968an Seminario Frantziskotarra izatera pasa zena, haur eta gaztetxo askok ikasi zuten bertan. Baina ez bakarrik oñatiarrak, Gipuzkoako beste hainbat herritatik ere, Azpeitia, Zarautz, Donostia, Arrasate, Tolosa, Azkoitia, Legazpi, Bergara, Eskoriatza, Zegama, Errezil, Aretxabaleta, Soraluze, Bidania eta  Zaldibiatik, esaterako, iritsi ziren ikasleak. Bizkaitik beste talde handi bat etorri zen, eta baziren ikasle arabarrak eta nafarrak ere. Eta gure mugetatik haratago, eskolaren izen onak eta ospeak Errioxako, Burgosko, Soriako, Valladolideko, Kantabriako eta beste zenbait probintziatako fraidegaiak erakarri zituen.

20. hamarkadako Eskola hartan fraidegaiak bakarrik sar zitezkeen, eta giza zientzietako bost ikasturte eskaintzen zituen bere ikasketa-planak; latina zen ikasgai nagusia. 

Urte haietan nabarmen gehitu zen fraidegaien kopurua, eta eskolak emateko eraikina txiki gelditu zen. Horregatik, beste zentro bat sortu zuten Foruan (Bizkaia), eta bertara eraman zituzten azken bi ikasturteak. 1933tik 1968ra, Eskola Serafikoa Seminario Frantziskotar bihurtu zen bitartean, Arantzazun frantziskotar izateko beharrezko formazioaren lehen hiru ikasturteak eskaini ziren. 

Ikasketa-planaren xedea zen edozein herrialdetako eskola pribatu nahiz publiko batean heziketa jasotzen ari zen adin berdineko ikasleak zuen kultura orokorreko pareko maila izatea; goragokoa agian. 

Ikasleen profil aldaketa 68an

1922tik 1968ko aldi horretan fraidegai ziren ikasleen profila honakoa zen: landa-guneetatik zetozen edo hiritartzen ari ziren guneetatik, gurasoak nekazariak zituzten edo maila ekonomiko xumeko industria-langileak, eta batez beste sei seme-alabadun familia sinestuneko kideak ziren. 

Seminario Frantziskotarra edo Seminario Berria izan zeneko aldiari buruz, 21 urteko ibilbidean 1.108 ikasle izan zituen, aurreko aldiko ikasleen profilarekin antza gutxi zutenak: gazte horiek gehienez bi seme-alaba zituzten familietako kideak ziren, eta gurasoen interesei jarraitzen zieten, ez horrenbeste bokaziozko sentimenduari. 

1990ean, itxiera

1990ean ateak itxi zituen, ikasleak ibilbide erlijiosoari jarraitzeko azken erabakia hartu behar zuenean inor gutxik egiten zuelako aurrera. Urte horretan LOGSE legea indarrean jartzeak eta horrek irakasle-kopuruaren eta eraikinaren horniduraren inguruan behartzen zituen aldaketek ere Seminarioaren itxiera azkartu zuten.

2005ean Seminarioko eraikinaren estruktura birmoldatu zen Gandiaga Topagunea Kultur Zentroa eratzeko. Bertan elkartuko dira maiatzaren 5ean, Seminarioko ikasle izandakoak beren Arantzazuko sentimendua ospatzeko.

Deialdi irekia

Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak Arantzazura etortzeko gonbita zabaldu nahi diote publiko zabalari, deialdi irekia baita, gozatu dezan III. Arantzazu Eguneko oroitzapen- eta omenaldi-jardunaldi hunkigarriaz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak