Lander Unanue: "Merkatua zabaltzen dabil eta gero eta aukera gehiago dago; lan eginez"

Jon Berezibar 2013ko api. 15a, 17:24

Barikuan Mondragon Unibertsitatearen diploma banaketako hitzaldia egin zuen Lander Unanuek. Unibertsitateko irakasle izan eta gero, Txinan ibili da lanean sopeloztarra eta orain etxera itzuli da bere proiektuak garatzeko. Telekomunikazio ingeniaria da eta Bertsoapp aplikazioarekin arrakasta izan du sarean.

Zelatan bertsotarako aplikazioa?
Orain dela urtebete Shangain nengoen lanean. Gabonetan aplikazioak sortzen ikasteko on-line ikastaro bat egin nuen eta, praktikatzeko, nire kabuz aplikazio bat egitea pentsatu nuen. Euskararekin zerikusia zuen aplikazio bat garatu nahi nuen, herrimina ere baneukan, eta Interneten Hitzetik hortzera saioa ikusten nenbilela otu zitzaidan bertsolaritzari buruzko aplikazioa egitea. Proba txikia izan zen eta ez nuen espero hainbesteko zarata egingo zuenik. Aplikazioa argitaratu zenean harritu egin ninduen sarean izan zuen oihartzunak.


Zenbat deskarga izan ditu urtebetean?
Datu zehatzik ez dakit baina, iOS plataforman 1700 bat izango dira eta Androiden, instalatutakoak eta deisintalatutakoak kontuan hartuta, 300 bat inguru. Deskarga gehienak aplikazioa argitaratu berritan egin ziren, halakorik ez baitzegoen. Egun, bataz beste, eguneko 5 deskarga daude.


Abarkatxo enpresa eta Abarkatxo.com arrakasta horrek bultzatuta abiatu dituzu?
Bai, ze harritu egin ninduen nire proiektu pertsonal txiki batek izan zuen arrakastak. Pentsatu nuen izan zitekeela bidea nire proiektuak garatzeko eta hortik hasi nintzen izena, ideiak... garatzen. Berezia eta pertsonala izatea nahi nuen eta sarean betidanik Abarkatxo gaitzizena erabili izan dudanez, hori nire marka bihurtzea erabaki nuen. Hortik hasi nintzen.


Eta zer darabilzu eskuartean orain?
Bi aplikazio berrirekin dihardut lanean. Batek matematikekin dauka zerikusia eta bestea kode sekretuekin lotutako joko txiki bat da.


Programatzaile asko dabil gaur egun aplikazioak garatzen. Urrearen sukarraldi berri moduko bat badago honekin, ezta?
Nik beti esaten dut Abarkatxo metro eta erdi karratuko enpresa ibiltaria dela; ordenagailu eramangarria, tableta eta eskuko telefonoak osatzen baitute eta ni nagoen lekuan dago. Egia da baliabide oso gutxi behar direla baina jende asko dabil horretan. Entzuten dira istorio asko aplikazio bat sortu eta dirutza batengatik saldu dutenenak baina milaka eta milaka garatzaileren artean bati gertatzen zaio hori.  Hala ere, egia da merkatua zabaltzen dabilela eta gero eta aukera gehiago dagoela. Bizitza egiteko lain irabazi daiteke baina horretarako aplikazio asko garatu behar dira benetan asmatu arte. Angry Birds-ekoak eta makina bat bider saiatu ziren arrakasta izan arte. Hor dago lana, beraz, saiatu egin behar da askotan.  Bidea ibiliz egiten da.


Halako ametsik baduzu zuk?
Abarkatxorekin bizitzeko adina emango didaten proiektu pertsonalak egin nahi ditut. Proiektu artistiko-teknikoak ere garatzen ditut, eta komertzioek erakusleihoetan bezeroekin interaktuatzeko sistema bat ere garatu dut, adibidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak