Lizarribar sorreratik, 2003ko ekainetik, izan da Berria Taldeko lemazaina (2003an taldeak Euskarazko Komunikazio Taldea izena zuen, eta Lizarribar Administrazio Kontseiluko presidentea zen). Lanbidez Adunako (Gipuzkoa) Kelsen SA enpresako zuzendari nagusia zen. Adreilu erregogorrak egiten ditu Kelsenek, altzairugintza sektoreko enpresetarako, eta bere lanbidea tarteko asko bidaiatu zuen mundo osoan. Kelsenen aritu aurretik, urte asko egin zituen Krafften.
Enpresa munduarekiko ez ezik, euskalgintzarekiko ere konpromiso handiko gizona izan zen. Betidanik izan zuen lotura handia euskal kulturarekin. 2000. urtetik Egunkaria S.A.-ko administrazio kontseiluko kide izan zen, eta duela 10 urte, Egunkaria itxi ondoren sortu zuten Euskarazko Komunikazio Taldeko presidentetza hartu zuen, zeregin hori atzora arte betez.
Lizarribarrek nekez pentsatuko zuen guardia zibilek Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean bera izango zela Euskaldunon Egunkaria-ren oinordekoaren, Berriaren, Administrazio Kontseiluko presidentea. Administrazio Kontseiluko presidente izateko eskaintza onartu egin zuen. "Ezezkoa ematea ez zen batere erraza". Alde batetik, Euskaldunon Egunkaria-rekiko sentitzen zuen "konpromiso handiagatik"; bestetik, itxierak eragin zion "amorruagatik".
Egunkaria-ren itxiera osteko eta Berria-ren sorrerako hilabeteak bere bizitzako "garai beteenetarikoa" izan zirela aitortu zuen, bai itxierari emandako erantzunagatik, bai proiektu berria hutsetik sortzeko, gorpuzteko eta sendotzeko lanagatik.
Hainbat datu
- 2005eko Korrikan berak eraman zuen lekukoa, Berria-ren kilometroan, Bilboko kaleetan.
- Donostiako Argia dantza taldearen eta Juan Antonio Urbeltzen bitartez, 1970eko hamarkadan harremana izan zuen Ez Dok Amairu taldearekin.
- Argia dantza taldean zebilela, dantza eskolak ematen zizkien Hernaniko Urumea ikastolako haurrei. Tartean, Bingen Zupiria Deia-ko zuzendariari eta Arantzazu Zugasti Noticias de Gipuzkoa-koari.
- Irakurle eta zinemazale amorratua zen. Irentsi egiten zituen euskal literatura eta literatura anglosaxoia. Irakurtzea arnasa hartzea bezain beharrezko zuela esaten zuen. Asko gustatzen zitzaizkion balleta, opera eta musika klasikoa.
- Euskal Herriko sortzaileekin eta artistekin "harreman estua" zuen gaur egun ere: Harkaitz Canorekin, Mikel Urdangarinekin, Kirmen Uriberekin eta Ainhoa Artetarekin, esaterako.
- Gizon jantzia zen eta munduko herrialde asko ezagutzen zituen. Gertukoen esanetan, Euskal Herrian jende gutxi izango da Lizarribarrek adina bidaiatu duenik, bost kontinenteetako herrialdeetara. Gaztetan Argia dantza taldearekin; gero, lanagatik; eta baita oporretan ere.
- Abertzalea zen, eta gaztetan baita Euzko Gaztediko (EGI) kide ere. 1976an EAJren mitin batean parte hartu zuen, Donostiako Anoeta frontoian, Xabier Arzallusekin eta Gerardo Bujandarekin batera.
- Jende askorentzat Joxan Lizarribar ETBko Firin-faran programan egin zen ezagun, tertuliakide lanean.
- 2010ean, GOIENAren 10. urteurren festan izan zen.
Lizarribarren gorpua Errekaldeko beilatokian egongo da, bihar 13:15ak arte. Hileta elizkizuna bihar –eguena– izango da, 19:00etan, Ibaetako Espiritu Santua elizan.