Miren Agur Meabe: "Esaten dena bezain inportantea da nola esaten den"

Txomin Madina Milikua 2013ko mar. 28a, 01:00

Batez ere, poesian eta haur eta gazte literaturan aritu da orain arte idazle lekeitiarra; 'Kristalezko begi bat' da haren azken lana, helduendako idatzi duen lehen nobela.

1. Zure azken lana zure autorretratu moduan definitu izan du norbaitek. Ados horrekin?

Orotara, autorretratua ez den arren, baditu nire burua zehatz deskribatzen duten zatiak; bai nortasun aldetik, bai alde fisikotik. Zergatik egin dudan? Uste dut norberaren izatea aztertzea sorkuntzaren abiapuntua izan litekeela.

2. Zergatik hau eta orain?

Hau zen unea: banuen zer kontatu, baita kontatzeko astia edo modua ere. Haustura sentimental batek eman zidan bultzada, dena den.

3. 13 urtetatik duzu kristalezko begia. Konpainia ona edo txarra da?

Begia, bai, 13 urte nituela galdu nuen. Kristalezkoa 21ekin jarri zidaten. Onerako izan zen, begi sanoa babesteko neurria zelako. Alde estetikotik ere irabazi nuen.

4. Liburuan dena ez da errealitatea; arduratzen zaitu jendeak errealitatea eta fikzioa nahasteak?

Idazleok fikzioa sortzen dugu; horrek ez du esan nahi kontatutakoa zintzoa ez denik: gogoetak, sentierak… egiazkoak dira, gertaera asko ere bai. Obrak benetan hitz egiten badio, irakurle onari ez dio inporta zenbateraino den errealitatea.

5. Horrelako liburu bat idazteko, ausarta, lotsagabea edo inkontzientea izan behar da? 

Ausarta, nik esatea itsusia den arren. Lotsagabeari ez dio axola inor zauritzea; inkontzienteak ez daki zer dioen, edo dioena neurtzen.

6. Helduendako lehen nobela duzu hau; kosta egin zaizu salto egitea?

Aspalditik nuen gogoa; erronka gisa hartu nuen. Egitura asmatzea izan da zailena; nola txertatu begiari buruzko azalpenak istorioarekin, lotura hori justifikatzea.

7. Erabili ohi duzun hiztegi aberatsak laudorioak ekarri dizkizu. Egunero dago ikasteko hitzik?

Idazteak berak dakar aurkitzea. Estiloa lantzea funtsezkoa da: esaten dena bezain inportantea da nola esaten den; batez ere, zentzu barik hitzak ez errepikatzea. Lan honetako berba polit eta niretzat berria? Tril egin, topo egin esateko.

8. Literaturatik bakarrik bizi izateko erabakia zuzena izan zen?

Ez naiz inoiz damutu, dagokidanean nabil. Baina idazte hutsetik ezin liteke bizi; idazkuntzarekin zerikusia duten lan osagarri batzuk egiten ditut tarteka.

9. Lekeitio Bilbogatik aldatu zenuen. Zoratu ote zinen galdetuko zizun batek baino gehiagok...

Lanagatik aldatu nintzen orain urte asko. Hirian egin dut bizimodua, gustura. Aldi on luzea izan da, aberatsa, baina ezin egon Lekeitiotik aparte… Astebururo noa; biak konbinatzeko zortea dut.

10. Ingelesarekin zabiltza. Noizko Hamlet jatorrizko bertsioan?

Iaz hasi nintzen, ez nekielako tutik ere. Oinarrizko maila lortuz gero, konforme, berba-trukea egiteko beste.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Hainbeste gauza… Makila magikoak banatuko nituzke, pertsona bakoitzari bat, nork bere ametsa betetzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak