Gipuzkoako ordezkaritza bat Europako Parlamentura joan zen joan den astean, lurraldean garatzen ari den ereduaren berri ematera eta, Errazkin diputatuak gaur –astelehena– azaldu duenez, "Europak hondakinak kudeatzeko estrategian aurrera egiteko esan dio Gipuzkoako Foru Aldundiari". Errazkinen arabera, Europako Parlamentuak "oso adi" jarraitu du Gipuzkoako estrategiaren azalpena, eta "interes handia" sortu du Gipuzkoako esperientziak. Bruselan egindako bisitaz balorazio "ona" egin du foru diputatuak.
Europak Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidea "argi eta garbi babesten" duela adierazi du Errazkinek: "Aurrera egitera animatu gaituzte. Zuzen ari gara, beraz, Europaren arabera".Foru diputatuak azaldu duenez, Janez Potocnik Ingurumeneko komisarioaren ustez, Gipuzkoako esperientzia "garrantzitsua" eta "eredugarria" da: "Gure esperientziatik ikas zitekeela esan zuen Ingurumeneko komisarioak. Gipuzkoa eredugarri bihurtu da Europan hondakinen kudeaketaren alorrean, eta hori oso pozgarria da".
"Lehengaien gabeziarekin oso kezkatuta"
"Europatik datorren mezua" nabarmendu du foru diputatuak: "Birziklagarria den guztia birziklatu egin behar da. Ezin da ezer birziklagarririk zabortegietara eraman; ezin da ezer birziklagarririk erraustu". Eta horri gehitu dio hori dela Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustua: "2020rako % 75eko birziklapen helburua jarri dugu, estrategia bat diseinatu dugu horretarako, eta estrategia horrek helmugara iristeko azpiegiturak, neurriak eta ekimenak jasotzen ditu".
Errazkinek dio Europako Batasuna "oso kezkatuta" dagoela "lehengaien gabeziarekin", eta horren aurrean, berreskurapen materiala dela konponbidea. Joan den asteko mintegian Janez Potocnikek fosforoaren adibidea jarri zuela azaldu du foru diputatuak: "Fosforo falta handia dago Europan. Zein da gabezi horri aurre egiteko bidea? Nola atera dezakegu fosforoa? Konpostatzearen bidez".
"Zubietako errauskailu proiektuak ez du zentzurik"
Beste ondorio bat ere aipatu du Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak: "Europaren irizpideen arabera, birziklagarria den ezer ezin bada erraustu, Zubietako errauskailu proiektuak ez du zentzurik. Izan ere, sortutako hondakinen %80 inguru birziklagarria bada, eta Europak hori ez dela erraustu behar esaten badu, Zubietako planta ez da bideragarria. Guk erraustegirik gabeko eredua erakutsi dugu Europan, eta Europak zoriondu egin gaitu horregatik".
“Europan izandako esperientziak, han ikusitakoak eta entzundakoak, geure bidean berresten gaitu. Zero Zabor bidean jarraitzeko indarrak ematen dizkigu. Eta Europan ikusi dugu Zero Zabor kontzeptua erakunde nagusietan ere zabaltzen ari dela”, gaineratu du Errazkinek.