1. DBH-n umore txarreko zuzendaria zara. Zein izan duzu inspirazio?
Ez dut izan buruan bereziki nire garaiko irakaslerik; atera dudana da nik, eta denok, dugun erretxin hori: ustez mundua kontra duen pertsona.
2. Zu zeu askotan pasatu al zinen zuzendariaren bulegotik?
Ez gehiegitan. Nahiko txintxoa nintzen, eta ikasketa kontuak ere nahiko ondo eramaten nituen.
3. "And the Oscar goes to... Amour". Non entzun zenuen hori?
Oraindik ez dut entzun; gala ez nuen ikusi, lo nengoen-eta. Michael Hanekeren hitzak ikusi ditut: labur hitz egin zuen eta ez ninduen aipatu; ez dakit barkatuko diodan! [barreak] Bere estiloan egon zen, neurridun. Banuen Amour-ek Oscarren bat eroango zuen bihozkada.
4. Hanekek pelikula baterako deituz gero, bada dudarako lekurik?
Ezezkoa esatea zaila izango litzateke, ez bada arrisku handiko eszena bat egin behar dudalako; edo erakutsi behar ez direnak erakutsiko ditudalako. Nirekin oso jatorra izan zen, ez genuen arazorik izan; oso ondo konpondu ginen.
5. Asko kostatu zitzaizun Etxebeste goitizena kentzea?
Zorionez horren aurretik, gero eta batera beste pertsonaia batzuk ere egin ditut. Aupa Etxebeste!-k sona handia izan arren, izen-aldatzeetan telebistak indar handiagoa du; baina lan bezala, badu bere lekutxoa.
6. Nola ikusten da mundua agertoki batetik?
Amodio istorio labur bat da, ordubete edo ordu eta erdi inguru irauten duen sedukzio istorioa. Zure lana jendea erakarri eta seduzitzea da. Intentsua izaten da.
7. Aktoreen aldarrikapenek hautsak harrotu dituzte aspaldion. Zu zeu ere ez zara isilik egotekoa.
Jende ezagunak izanda indar mediatikoa dugu eta pena da hori ez aprobetxatzea. Ni prest egoten naiz defendatu behar direla uste dudan gauzei nire indar txiki eta apurra eskaintzeko.
8. Madril aldean lan dezente egin duzu. Harako atea, beti zabalik?
Bai, baina nahiago hemen. Gero eta eskaintza hobeak egin behar dizkidate hara joateko; nagikeria apur bat ere ematen dit. Lanak mereziz gero, atea itxita ez dut; ez Madrilerakoa, ez beste edonorakoa.
9. Aktore izan aurretik, arkitektura ikasten hasi zinen...
Gustatu arren, bukatzeko gutxiren faltan utzi nuen antzerkiagatik. Baina bada nik diseinatutakorik: gure etxea zenaren eskaileraren baranda. Hori dut lan arkitektoniko guztia eta zutik dago oraindik!
10. Garai baten Donostia Parisengatik aldatu zenuen.
Ez nekien oso ondo zertara nindoan eta han pasatako urtean lana egin nuen, antzerkia, komikiak, unibertsitatea... Urte mugarria izan zen; buruak buelta eman zidan.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Horrelakoetan zure alde eskuzabala erakustea da ohikoena; baina nik, behingoz egoista jarrita, denboran atzera egingo nuke. 18 edo 20 urte nituen garaira itzuli eta astebete pasako nuke han. Edo 68ko Parisen: manifestazioetan-eta poliziekin borrokatu, neska frantses polit bat ezagutu eta astebeteko erromantzea izan..."