Hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eredua "goraipatu" du Europak

Goiatz Arana Begiristain 2013ko mar. 7a, 14:40

Iñaki Errazkin Ingurumeneko diputatuak Bruselan hitz egin du gaur –eguena– goizean, Europako Parlamentuaren 'Ez bazaude Zero Zaborraren alde, zenbat zaborraren alde zaude?' izeneko mintegian. Esperientzia hau “garrantzitsua” dela eta “ikasteko” balio dezakeela esan du Janez Potocnik Ingurumeneko komisarioak, Aldunditik berri eman dutenez.

Tokian tokiko esperientzien atalean hitz egin du Errazkinek eta, harekin batera, Giorgio del Ghingaro, Italiako Capannori udalerriko alkatea -2020rako Zero Zabor aldarrikapena egin duen Europako lehen hiria- eta Janez Potocnik Europako Ingurumeneko komisarioa aritu dira. Entzuleen artean, Europako Parlamentuko hainbat taldetako ordezkariak zeuden: berdeak, liberalak eta sozialistak, besteak beste.

Janez Potocnikek Gipuzkoako esperientzia "adierazgarria" eta "garrantzitsua" dela eta "ikasteko" balio dezakeela esan du. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailetik jakitera eman dutenez, "Europako Ingurumeneko komisarioak argi esan du ezin dela birziklagarria den ezer zabortegietara bota edo erraustu; zabortegiak itxi behar direla eta errausketa oso urrun dagoela hondakin alorrean Europako Batasunak ezarritako hierarkiaren lehen lerrotik". Horri gehitu dio Potocnikek adierazi duela errausketa ez dela hondakinak kudeatzeko modurik egokiena.

Goizean, aurkezpena egin baino lehen, Gipuzkoako ordezkaritzak Andrea Zanoni Europako Demokraten eta Liberalen Taldeko europarlamentari italiarrarekin egin du bilera, eta Zanonik mintegian adierazi du "Europako Batasunak Zero Zabor politikak gehiago bultzatu" behar dituela.

Iñaki Errazkin Ingurumeneko diputatuarekin batera, Juan Karlos Alduntzin GHKko lehendakaria eta Hernaniko eta Orendaingo alkateak daude Bruselan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak