Itxaso Gonzalez: "Nahiz eta enpresa askok aplikatzen dituzten ekodiseinu irizpideak, aplikazio hau, askotan, puntuala izaten da"

Julen Iriondo 2013ko mar. 6a, 15:36

Ekodiseinuari eta ekoberrikuntzari buruzko jardunaldia egin dute gaur Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean, Mondragon Unibertsitateak antolatuta. Euskal industriarentzako ze aukera dakartzaten aztertu dute, eta dagoeneko martxan dauden esperientzien gaineko azalpenak eman dituzte automozioan diharduten enpresek.

Ikerketa eta garapen alorreko profesionalak eta izaera desberdinetako ingeniariak izan dira MUk Garaian egindako ekodiseinuari eta ekoberrikuntzari buruzko jardunaldian entzule, Lanbideko ikastaroetatik bideratutako ikasleekin batera. Hizlari, berriz, automozio alorreko Cegasa, Fagor Automation eta Ederlaneko kideak, besteak beste.

MUko Diseinu Berrikuntza zentroko koordinatzaile Itxaso Gonzalezen arabera, euskal industria oso ondo kokatuta dago alor honetan Espainia mailan, araudiak betetzeari eta kalitate irizpideei dagokienez, nahiz eta lanean jarraitu behar den. "Nahiz eta enpresa askok aplikatzen dituzten ekodiseinu irizpideak, aplikazio hau, askotan, puntuala izaten da. Gero ez dute jakiten nola jarraitu; ikusten dute onura bat aplikazio horretan baina agian ez dago inor enpresa barruan, ezagupen aldetik, hori bultzatzeko. Eta ekonomikoki, orain, nahikoa garai txarra da".

Espainia mailan baino gehiago Europan oso kontuan hartzen omen dute produktuek ekodiseinu irizpideak betetzen ote dituzten, garapena iraunkorra izan dadin beharrezko baldintza delakoan. Merkatuek kontuan hartzen omen dute, bezero eta erabiltzaileek ere bai. Erakundeen lana ere ezinbestekoa ei da."Ez da bakarrik industriak bultzatu beharreko gauza bat; politikoki eta admonistrazioek ere lana egiten ez badute ez da aurrera eramango. Eta ezta gizarte mailan jendeak eskatzen ez badu ere". Administrazioari dagokionez hemen Ihobe egiten ari den lana azpimarratzen du Gonzalezek.

Ederlaneko Jon Españolek Fagor Automationekin batera garatzen diharduten Ranche extender proiektuari buruzko azalpenak eman ditu. Proiektuaren helburua da auto elektrikoaren autonomia handitzea ekarriko duen osagarriaren diseinua, ekoizpena eta merkaturatzea egitea. “Ohiko leherketa motor bat da elektrizitate generadore bat duena. Autoaren bateria agortzean martxan jartzen da eta energia elektrikoa hornitzen dio autoari, martxan jarraitu ahal izan dezan.”

Auto elektrikoaren arazo handienetakoa da autonomia eta osagarri honekin ohiko ibilgailuenaren antzerako bilakatzen omen da. Españolen esanetan, auto elektrikoa etorkizuneko lerroa da eta hor egon behar da, erantzukizun sozialagatik ez ezik, negozio aukera berriak topatzeagatik ere bai. Ekoberrikuntzak balio bereizgarria lortzen laguntzen duela dio Españolek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak