Hiri hondakinen sorrera prebenitzeko eta haien berrerabilpena sustatzeko proiektuentzako da 490.000 euroko diru-laguntza, eta arlo horretako sentsibilizazio eta komunikazio kanpainak laguntzea ere aurreikusi du. Udalek, mankomunitateek eta elkarteek aurkez ditzakete proiektuak.
Iaz prebentzioarekin eta berrerabilpenarekin lotutako 29 proiektu lagundu zituen Foru Aldundiak, gehien-gehienak konpostajea sustatzea helburu zutenak; Eskoriatzako Udalak auzo-konpostatze gunea jarri zuen martxan, esaterako.
Bi diru-laguntza ildo horien bidez, Foru Aldundiak 940.000 euro bideratuko ditu aurten birziklapenarekin eta prebentzioarekin lotutako proiektuetara.
Larraitz Ugarte Foru Aldundiko bozeramaileak esan duenez, “prebentzioarekiko eta birziklapenarekiko kontzientzia areagotzen ari da gure lurraldean; horren adierazgarri, iaz nabarmen igo ziren diru-laguntza hauetarako eskaerak, eta beraz, Aldundiak konpromiso honekin jarraituko du”.
Hondakinen esperientzia, Europako Parlamentura
Larraitz Ugartek gogorarazi du, bestalde, etzi, eguena, Gipuzkoako ordezkaritza bat Europako Parlamentura joango dela, hondakinei buruzko mintegi batera, gure lurraldean egiten ari den kudeaketaren berri ematera.