Mugikor bidezko ordainketa aurten ezartzea nahi dute

Jon Berezibar 2013ko mar. 4a, 10:23

Mugikor bidezko ordainketak ez dira inolaz ere gauza berria eta Japonian urteak daramatzate eguneroko ordainketa txikietan sistema hau erabiltzen. Txanpon-txartel elektronikoak bezalatsu, gurean garraio publikoan edo janari banaketa makinetan erabiltzen diren moduan, ordainketa modu hori 2013an mugikorretara eraman eta zentralizatu egingo dela diote. Hala erakusten du Bartzelonan egin berri duten Mobile World Congress erakustazokatik ateratako joera nagusiak, alorreko enpresa nagusiek horretan ipini baitute fokuetako bat aurtengo edizioan.

Adiskidetasun  estrategikoak

Visa, MasterCard eta PayPal enpresek aurkeztu dituzte asmorik handienak eta gertu daude proposatutako sistemak mugikor eta sistema eragile nagusietan ezartzeko. Helburua bakarra da: mugikor eta tabletak eguneroko ordainketetan erabili ahal izatea. Teknologia aspalditik dago gertu eta orain sistema ezartzea da geratzen dena, eskuko telefono inteligenteen erabateko zabalkundea ikusita.


NFC-a, abiapuntu bezala

NFC delako teknologiak izan du garapen handiena alor honetan. Bluetooth-aren antzeko irismen txikiko sare segurua erabiltzen da horretarako. Dagoeneko gailu askok dakarte NFC teknologia eta Google-ek, esate baterako, aspaldi egin zuen aldeko apustua Wallet sistemarekin. Bilaketen handikiari, orain, Samsung eta Visa gehitu zaizkio. Hain zuzen, Samsung-ek teknologia horren bidez, Visaren ordainketa kanalak erabiliko ditu. Aliantza honek, duda barik, bultzada handia emango dio mugikor bidezko ordainketari. Ez da alorreko bategite bakarra izan eta Orange eta MasterCardek ere eskutik joateko hitzarmena sinatu berri dute, eta lanean hasiko diren lehen lurraldeetako bat Espainia da; MasterPass izeneko ordainketa plataforma irekiko dute bi enpresek kasu honetan.


'Datafono' pertsonalak

Nagusiki NFC teknologia erabiliko bada ere, ez da izango ordainketa bide bakarra. Erosketak egiteko QR kodeak ere erabiliko ditu Orange eta MasterCard-en sistema honek, produktuaren barra kodea eskaneatu eta ordainketa kutxatik igaro gabe egiteko. Diotenez, sistema hau erosoagoa eta arina da, ez dagoelako etengabe erosketa bakoitzeko sistemari gure txartelen datuak ematen ibili beharrik.
Telefono aurreratu guztiek, baina, ez darabilte NFC sistema eta badaude bestelako ekimenak NFC-a guztiz baztertzen dutenak. PayPal da horietako bat. Iaz kreditu txartelak irakurtzeko hardware osagarria aurkeztu zuten, TPV ala "datafono" moduko bat bilakatuta. Hala ere, PayPal-etik onartzen dute ordainketa sistema erraztu eta sinplifikatu beharra dagoela. PayPal-ek, lehia honetan, ospe zabaldua du Internet bidez erosketak egiten dituzten erabiltzaileen artean, oso segurua delako.


Uda ostean, martxa betean

Zerbitzu gehienen plana da uda ostean guztia abian izatea. Ordurako operatzaileek aplikazioak eta ordainketa sistemak aurkeztuta izan beharko dituzte eta, noski, terminaletan eta komertzioetan mugikor bidezko ordainketetarako hargailuak ipinita. Estatuan, Vodafone, Movistar eta Orange konpainiek iragarri dute jada hala egingo dutela eta espero dute erabiltzaile eta komertzioen %30ak, gutxienez, sistema berria erabiltzen hastea. Adituek diote hori dela egitasmoak arrakasta izan dezan beharrezko masa kritikoa. Vodafone konpainiatik, gainera, eman dituzte xehetasunak eta diote 20 eurotik gorako erosketetan beharrezkoa izango dela PIN-a sartzea, adibidez; bestela ez. Vodafonek Visarekin egin du tratua, Telefonicak Caixarekin eta Orange-ek MasterCard-ekin. 2016 urtera arte iraungo du hasierako zabalkunde faseak eta nahi dute ahalik eta telefono eta gailu gehienek izatea NFC teknologia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak