"Larritasunaren barruan, ohiko injustizia zen"
Fermin Lazkano atxilotuetako bat zen, eta honela gogoratzen du une hura: "Gauerdia zen, ohera sartu berri nintzen. Bat-batean txirrina, kolpeak…". Lehenengo momentu haietan, honako burutazioak: "Herri honetan bizi izanda eta zenbait gauzatan ibilita, badakizu askori geratzen zaiola eta injustizia arrunta dela. Bere larritasunaren barruan, ohiko gauza bezala hartu nuen. Gero hasi nintzen arrazionalizatzen". Atxilotu zuten une berean "testu bat irakurri" zioten, "terrorismoa aipatuz, baina Egunkaria, behin ere ez", gogoratzen du.
Mikel Lizarraldek aste gutxi zeroan Egunkaria-ko kultura sailean. "05:40 aldera etxean Bergarako lagun baten deia jaso nuen, irratian entzun zuela albistea. Hortik aurrera, gertuko lankide batzuei deitzen eta berria ematen hasi nintzen", esaten du.
Burura etorri zitzaion lehenengo gauza hauxe izan zen: "Egin. Hura bost urte lehenago itxi zuten, indarrez hura ere, eta ikusi nuen berriro sekulako erasoa zela".
"Hemendik aurrera, zer egin behar dugu?' pentsatzen genuen"
Gertatzen zebilenaren inguruko informazio eskasa jaso zuten, atxilotuek bereziki, baina baita kanpoan zeuden langileek. Lazkano inkomunikatuta egon zen. Hauxe diosku: "Lehen momentutik oskol handi bat ipini nuen gainean: pasatuko dituk hainbat egun hemen, igual ohiko gauzak gertatuko zaizkik, eta eutsi. Parkera ekarri ninduten eta orduan konturatu nintzen Egunkaria-ren inguruko kontua zela eta, alde batetik, lasaitua hartu nuen; kulturgintza aldetik bazen, hain larria ez zen. Baina tratua ez zen ona, eta, Madrilera bueltan, oskola ipini nuen: ixo, entzun eta erne".
Langileek ere "ezjakintasuna" zuten eta horretxegatik "oso gogorrak" izan ziren lehenengo momentuak, Lizarralderen arabera: "Kanpoan elkartu ahala, negar eta besarkada asko egon ziren, eta egunak martxa hartu zuen neurrian, hemendik aurrera zer egin behar dugu?, pentsatzen genuen".
Hurrengo egunean bertan atera zuten egunkari bat
Baina lehenengo egunetik lanean hasi ziren Egunkaria-ko langileak, Mikel Lizarraldek esaten duen moduan: "Erabaki zen hurrengo egunean egunkari bat kalean egon behar zela; hemen gertatu zenaren berri eman behar genuela. Erabaki zen Egunero izeneko Tolosaldean egiten zen egunkaria ateratzea. Baina beste hamaika lan egon ziren: elkartasuna lortu behar zen, eta egun horretan telefonoari lotuta egon ginen; deiak egin komunikabideetara, kulturako eta kiroleko jendeari, politikariei… Egun horretan bertan kale agerraldia deitu zen Donostian, eta horrekin ere lan handia zegoen".
Lazkanok eta gainerako atxilotuek ez zuten horren berri: "Ez genekien Egunkaria itxita zegoenik; bagenekien atxiloketen egunean gaizki irtengo zela, baina itxierarena ez genekien".
"Herria kalera irteteak nolabaiteko indarra eman zigun"
Segituan piztu zen Euskaldunon Egunkaria-rekiko babesa, leku guztietan eta Debagoienean ere bai. Mikel Lizarraldek honela gogoratzen du: "Euskal Herri osoan, herria kalera irten zen; ikusi zuen izugarrizko erasoa zela, eta nik uste dut Egunkaria-ren irakurle ez zena ere erasotua sentitu zela. Euskal Herriko herri guztietan egin ziren kontzentrazioak, manifestaziorako autobusak… Horrek, nolabait, indarra eman zigun".
Fermin Lazkanok honen berri txikia jaso ahal izan zuen: "Auzitegi Nazionaletik kartzelara bidean, urrats batzuk zeuden eta jende mordoa ikusi genuen plazan, deiadarka; agur egin nien, eta orduan konturatu nintzen tentsio bat zegoela eta larria zela kontua. Nik irteterakoan ikusi nuen hori dena, eta zerbait handia egiten geniharduela konturatu nintzen. Bai, kulturgintzan zenbait urrats egin genituen, baina herrigintzan zelan sartu zen eta zelan maite gintuzten ondoren jakin genuen; laztu egiten zait ilea orain ere, hori gogoratzerakoan".
"Berriz halakorik ez dadila gerta, hori eskatzen dut"
Bi bergararrek ez dute uste orain 10 urte gertatu zena errepikatu daitekeenik. Baina zenbait eskaera dituzte: "Nik eskatuko nuke orduan egin ziren tortura salaketa guztiak benetan ikertzea, baina badakit dela hori gertatuko. Eskatuko nuke orain 10 urte hau dena bultzatu zuten batzuek, edo isilik egon ziren beste batzuek, onartzea zer egin zuten. Bestalde, beste operazio bat egon zen eta hor oraindik jendea dago inputatuta, eta izugarrizko zigorrak eskatzen dituzte eurendako. Bada ordua erabat ixteko", esaten du Mikel Lizarraldek.
Fermin Lazkanok hau erantzuten du: "Berriz halakorik ez dadila gerta. Ni prozesatua ez nintzen izan, baina bezperara arte egon nintzen zigortua, eta astero epaitegira joaten, diru kontuak geldirik, pasaporterik gabe… sei urte eta erdiz. Eta gero jakiten dut ez nagoela prozesatuta".
"Tokiz toki, denok makal gabiltza; ez da askorik aurreratu"
Gertakari haiek Fermin Lazkanok "atzo bezalaxe" ikusten ditu eta ezkorra da: "Nik uste dut Madrildik ez gaituztela desberdin ikusten. ETA geldi dago, hainbat urrats egin ditu, kulturgintzan aurrera egin dugu, giza mugimenduek ere bai; baina presoek hor jarraitzen dute, independentzia aldarria gauza arraro bezala ikusten da, eta oraindik krisi larrian gaude. Hedatu egin da herrigintza eta Euskal Herria bere izaera independientean indartu da; baian tokiz toki, puntuz puntu bazoaz, denok makal eta erdizpurdiz gabiltza. Ez da askorik aurreratu".
Mikel Lizarraldek hauxe erantzuten digu: "Momentu hartan, Aznarren gobernua oso tematuta zegoen euskararen kontra, abertzaletasunaren kontra… dena zaku berean sartu nahi zen eta lotsarik gabe eta inolako mugarik gabe itxi egin zuten Egunkaria. Aurrera egin genuen, baina oraindik zauri hori hor dago".
"Euskarazko komunikabideendako mugarria izan zen"
Euskal komunikabideek izan duten eraginaz, hau dio Lizarraldek: "Egunkari bat ixtea lehenengo kaltea da. Neurri baten, euskarazko komunikabideen artean ere elkarlana bultzatzeko mugarri bat izan zen hura. Orain beste proiektu batzuk ere badaude, elkarlanean sortuak".
Lazkanoren iritziz, "gaur egun euskal komunikabideak elkartuta gaude, oihartzun bat daukate, onartuta daude; orain badago esparru komunikatibo bat euskaraz, profesionala eta ganorazkoa. Beraz, lagundu badu, ongi etorria. Esparru komunikatiboan asko aurreratu da, eta nire etsipen hori asko erlatibizatzen dut zentzu horretan".
-----------------
Auzi ekonomikoa zabalik dago
Joan Mari Torrealdaik 10. urteurren ekitaldian gogora ekarri zuenez, ez dago Egunkaria auzia itxitzat emateko, "harik eta auzi ekonomikoa amaituta ikusi arte". Auzi hori Donostiako epaitegian zabalik dagoela eta zortzi lagunendako "zigor eskariak beste auzian baino askoz handiagoak" direla esan zuen. Bestalde, esan zuen "oso gogoan" dituztela euren alde egin duten erakundeak "eta euskaldungoa, gizartea bera".