Bergarako moja-gaiak erabakiaren zain daude euren etorkizuna erabakitzeko

Ubane Madera 2013ko ots. 15a, 15:26

"Ondo gaude, guztiak batera gaudelako, eta oso elkartuta. Egoera zail samarra da, bai guretzat eta baita herriarentzat ere. Baina uste dut egoerak hobera egingo duela; eta guri dagokigunez, egoera berrira ohitu egin beharko dugu". Adierazpen horiek dira, oraingoz, Bergarako klaratarren komentutik (Trinitate monasterioa) aterako diren bakarrak. Luisa Maria ahizpak esan dizkio GOIENAri.

"Momentuz ezin dizut erantzunik eman. Ahizpa nagusiarekin berba egin behar duzu horretarako, eta egubakoitzera arte [gaur] ez dago", gaineratu du Clara Ahizpak. Argi dago, beraz, Bergarako monasterioko bizilagun gazteek ez dutela adierazpen gehiagorik egingo Vaticanoak euren ordena desegin izanaren  eta, ondorioz, duten zalantzazko etorkizunaren gainean. 

Ordena deseginda 

Hain zuzen ere, Vaticanoak Bergarako Trinitate monasterioan bizi diren mojen ordena desegin egin du. Arrazoia, labur esanda, diziplina akatsa egin izana. San Juan eta Santo Domingo ordenako mojek kexua bidali zuten Elizako estamentu nagusira, euren gidari zuzenaren (Henri Brincard) jarduna dela-eta. Eta horren aurrean, Aita Santuak erabaki zuen mojen ordena desegitea. 

Elizbarrutiaren babesa

Elizako probintziako ordezkariei egoeraren gainean galdetuta, Donostiako Gotzaindegian GOIENAri konfirmatu diote mojek abituak kendu egin dituztela, Aita Santuarekiko obedientzia keinu modura. "Baina abituak kendu arren, komentuan daude oraindik; eta Elizbarrutiak babesa emango die, harik eta erabaki arte zer gertatu behar den. Eurekin etengabeko harremanetan dabil erlijiosoen arduraduna. Gainera, mendikanteak direnez (eskekoak), zer egin erabaki bitartean jana emango zaie eta euren beharrak ase egin behar dira", azpimarratu dute. 

Donostiatik "gorago"

Erabakiaren dataz galdetuta, berriz, hona erantzuna: "Badakizu, Elizako kontuek bere denbora eramaten dute; hala ere, kasu honetan, ahalik eta lasterren erabaki beharko dute zerbait". 

Edozelan ere, erabaki hori Donostiako Gotzaindegitik "gorago" hartu behar dutela ere jakinarazi dute Gotzaindegitik. Kasu honetan, ordenaren zuzeneko arduradunen esku dagoela adierazi dute. 

Iazko azaroa ezkero gurean

Iaz azaroan iritsi ziren moja gazteak Bergarara. 19, guztira, 20-25 urtekoak. Hamaika herrialdetatik iritsi ere: Italia, Frantzia, Finlandia, Alemania, AEBak, Errumania… Erdiak nobiziak dira eta erdiak profesak (betiko botoa eman dutenak). Luzia ahizpa da euren arduraduna. Bergarara iritsi zirenean, ordenaren asmoa zen Bergarako monasterioa nobizien formazio zentroa izatea. Pozik asko hartu zuten, gainera, bizitoki berria. Lehen aldia zuten monasterio baten bizitzen, ordura arte etxeetan bizi zirelako. Eta gainera, Jose Inazio Munilla gotzainak berak eman zien ongietorria, meza baten bitartez. 

Orain, bat-batean, euren etorkizuna zalantzan dago, moja moduan, eta, horren ondorioz, baita pertsona moduan ere. 

Eurekin berba eginda, hala ere, argi ikusten dena da ahizpa modura ikusten segitzen dutela euren burua, hala deitzen diote elkarri-eta. 

Iaz sortutako ordena da 

San Juan eta Santo domingo ordenari dagokionez, bestalde, berri-berria da, iaz sortutakoa, hain justu ere. Kordoban du jatorria, eta kontenplazioko bizitza zuten oinarri. 150 ahizpak baino gehiagok osatzen zuten komunitatea.

Horazio Argarate: "Moja nahi badute izan, burua makurtu eta San Juan ordenara buelta daitezke"

Horazio Argarate Arrasateko parrokoari galdetu diogu oraingo astean bolo-bolo ibili diren Elizako bi kontuen gainean: Bergarako mojak eta Aita Santuaren kargu uztea: 

Badakizu ezer Bergarako mojekin lotuta?

Ari direla kontua bideratzen, bakoitza nora joango den erabakitzen. Egia esan, ahalegina egin da esperientzia horrekin aurrera segitzeko, baina Erromatik etorritako agindua oso zorrotza da, eta erabaki dute egokiagoa dela irtenbidea ematea. Banan banako irtenbidea emango zaie.

Zergatik?

Talde moduan ezin dutelako jarraitu. San Juan eta Santo Domingo ordena guztiz desegin da. Kongregazio horren jatorria San Juan ordena da. Eta beraz, Bergarakoek moja moduan segitu nahi badute, egin ahal dutena da burua makurtu eta umil-umil San Juan ordenara bueltatu. Bakoitzak dauka zer egin erabakitzeko eskubidea. Bestalde, puntualizatu beharra dago oraindik ez direla mojak. Moja izatekotan ziren.

Eta Aita Santuaren kargu uzteak, berriz, ezustean harrapatu zaitu?

Oso ezustekoa izan da, bai. Kardinal asko ere jakin barik zeuden. Oso gordeta eraman dute gaia, historian ez delako halakorik sarri gertatu. 

Eta zer iruditzen zaizu erabakia?

Ondo ikusten dut. Azkenean, gizon bat da, zeregin batekin. Eta ikusi duenean bere lana ezin duela aurrera eraman, kargua beste pertsona baten esku uztea egokiagoa dela ikusi du. Askok parekatu dute aurreko Aita Santuarekin, hura hilzorian zegoela ere karguan segitu zuelako. Eta esaten dute nork bere kargak eraman egin behar dituela. Baina aurreko Aita Santuaren azkeneko egoera ez zen ikusteko modukoa. Eta, seguru aski, azken une horietan eskua behar zutena baino luzeago izan zuen batek baino gehiagok, ze, adibidez, Aita Santua hilzorian zela, bere izenean azaltzen baitziren sinatuta dokumentuak. Oraingoak, berriz, burua oraindik argi duela eta ikusi duenean ezin izango duela bere zeregina bete, erabaki du kargua uztea. Normalago ikusten dut hori.

Baduzu hurrengo Aita Santuaren gaineko kinielarik buruan?

Ez. Esan ahal dudana da, hori bai, Roucok zeresan handia izango duela. Bera ez aurkeztu arren, boto asko astinduko ditu. Itzal handikoa da Madrilgo kardinala mundu mailan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak