EAJk Bilduren "inposizioa" salatu du hondakinen kudeaketan eta Gipuzkoa "kaos" batean murgildu izana egotzi dio

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ots. 14a, 18:09

Xabier Ezeizabarrena jeltzaleak Bilduri eskatu dio "begiak irekitzeko eta alderdi politiko zein herritar gehienen iritziaren kontra egiteari uzteko, Gipuzkoa hondoratzen ari delako".

Jeltzaleek adierazi dutenez, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Iñaki Errazkinek agerraldia egin du Batzar Nagusietan, EAJk eskatuta, eta hondakinen gaineko 7/2008 Foru Arauan aurreikusitako azpiegituren exekuzio maila azaldu du. Foru diputatuaren azalpenak entzun ondoren, EAJko batzarkide Xabier Ezeizabarrenak Bilduri eskatu dio "ez esateko akordioak lortu nahi dituela, ez baita egia, eta, beraz, Batzar Nagusiek adostutakoa behingoz betetzeko".

"Adostasunak lortzeko gaitasunik eza"

Horren harira, hondakinen kudeaketan adostasunak lortzeko gaitasunik eza egotzi dio Ezeizabarrenak Bilduri: "Bilduk adostasunak lortu behar direla esaten du, baina ondoren ez ditu errespetatzen. Eta gauza bera gertatzen zaio indarrean dagoen araudiarekin: ez du beteko ezta aldatuko ere, horretarako gehiengorik ez duelako. Bilduk, bakarrik, bere eredua inposatu nahi du".

Halaber, Xabier Ezeizabarrenak Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuari eskatu dio, azaltzeko "behingoz" zein den bere proposamena hondakinen tratamendua ixteko: "Izan ere, bere garaian egonkortutako hondakin-fardelak gordetzeko biltegi kontrolatuei buruz hitz egin zuen, baina azaldu gabe jarraitzen du non kokatuko dituen edo zein plangintza urbanistikok onartuko dituen zabortegi horiek".

Errausketa-instalazioak eta osasun-arazoak

Iñaki Errazkinek osasun-arazoei buruz ere hitz egin du agerraldian eta, horren harira, Ezeizabarrenak segidakoa esan du: "Guztiz arduragabea da errausketa-instalazioak osasun-arazoak sortuko dituela esatea. Dagoeneko, Europan eztabaida hori amaituta dago, izan ere, Europar Batasunak ez du bat egiten gizarteari arrazoirik gabeko kezka sortzen dion diputatuaren hitzekin. Gaia delikatua da eta ezin da ez gezurrik esan, ez osasunarekin jokatu". Hautetsi jeltzalearen iritziz, errauste-planta moderno batek ez du osasun arazorik sortzen, sortuko balu herrialde aurreratuenak oker egongo liratekeelako, bere esanetan. Hori dela eta, Xabier Ezeizabarrenak Errazkini eskatu dio, "begiak irekitzeko eta alderdi politiko zein herritar gehienen iritziaren kontra egiteari uzteko, Gipuzkoa hondoratzen ari delako".

Ezeizabarrenaren hitzetan, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, mankomunitate gehienak, enpresa gehienak eta herritar gehienak araudiaren alde daude, eta Iñaki Errazkini eskatu dio "Batzar Nagusietan adostutakoa betetzeko eta iritzia aldatzeko, bestela Gipuzkoa kaosera eramango duelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak