Hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako eredua aztergai Europako Parlamentuan

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko ots. 13a, 14:50

Hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako eredua "jokabide on bezala" aztertuko dute Europako Parlamentuan, Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi dutenez. Hain zuzen ere, hondakinen kudeaketaren alorreko jokabide onak aztertzeko mintegia egingo dute Bruselan martxoaren 7an.

Gipuzkoako Foru Aldundia gonbidatu dute, lurraldean izandako esperientziaren berri emateko. Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua Europako Parlamentuan ariko da.

Martxoaren 7ko mintegian, tokiko hiru esperientziaren berri izango dute Europako legebiltzarkideek: Italiako Cappanori udalerriarena, Flandriakoa eta Gipuzkoakoa. Foru Aldunditik adierazi dutenez, Cappanori "aitzindaria da zero zabor norabidea eta atez ateko bilketa sistema ezartzen". Bertako alkatea ariko da Bruselan.

Flandriak, bestalde, "%75 inguruko birziklatze tasa" du. Horretaz gain, biztanleko sortutako hondakinak %70 jaistea lortu du. Flandriako Ingurumen Agentzia Publikoaren ordezkaritza batek hitz egingo du Europako Parlamentuan.

Eta hirugarren esperientzia Gipuzkoakoa izango da. 

Foru Aldundiaren estrategia

Gipuzkoak hiru gai nagusi jarriko ditu mahai gainean Bruselan, Aldundiaren esanetan: lehenik, Foru Aldundiaren estrategia, "errauskailua eta zabortegi kutsakorrak alde batera" uzten dituena; bigarrenik, hainbat herrik atez ateko bilketa sistemaren bidez lortu dituzten "birziklapen maila altuak" eta, azkenik, "zero zabor herri bihurtzeko zenbait udalerri egiten ari diren bidea". Esperientziaren berri emateaz gain, Gipuzkoako ordezkaritzak bitariko bilerak egingo ditu ondoren.

Iazko irailean ere bai

Honako hau ez da Gipuzkoako hondakin ereduaz Europan hitz egiten den lehen aldia. Iazko irailean Iñaki Errazkin diputatuak, Ainhoa Iraola Ingurumeneko zuzendariak eta Juan Carlos Alduntzin kabineteko buruak bilera egin zuten Janez Potocnikekin eta haren bulegoko bi kiderekin. Janez Potocnik Europako Batasuneko Ingurumeneko komisarioa da eta martxoaren 7ko ekitaldian parte hartuko du.

"Esperientzia eredugarria"

Errazkin Ingurumen diputatuak adierazi duenez, "argi dago hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako esperientzia eredugarri ikusten dutela Europan. Gipuzkoako Foru Aldundia eta gure herrialdeko gero eta sektore zabalago bat egiten ari garen apustua zuzena da, arduratsua, eta bat egiten du erabat Europak ezarritako helburuekin, irizpideekin eta lehentasunekin".

Horregatik, Ingurumeneko diputatuak "arrazionaltasunerako eta adostasunerako" deia egin du: "Europan eredugarri denak ezin du hemen liskar iturri izan. Europan eredugarri dena ezin da hemen lehia politikorako tresna izan. Arduraz joka dezagun denok: erakundeok, alderdi politikoek, komunikabideek eta jendartearen eragileek. Begira diezaiogun Europari eta ondorioak atera ditzagun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak