DNA erabili gura dute informazio digitala gordetzeko

Jon Berezibar 2013ko urtarrilaren 30a

DNAn informazio digitala gordetzeko ikerketak egiten dabiltza Cambridgeko European Bioinformatics Institute-en. Ikerlari taldeak dio nahiko aurreratuta daukatela teknologia eta egungo biltegiratze sistema garesti eta hondatzeko errazen aurrean, diote, genetikak biltegiratzeko askoz ere aukera handiagoak eskaintzen dituela. Dagoeneko datuak gordetzeko %99,9ko zehaztasun maila lortu dute zientzialariek.

EBI DNA dauka izena DNA erabiltzen duen sistemak. Ikerlariek Shakespeare-en soneto guztiak eta mp3 fitxategiak, adibidez, landare eta animalietan aurki daitekeen DNAren antzeko zuntzetan gorde dituzte. Zuntz mikroskopiko horietako bakoitzean mila milioi liburu gorde daitezke, esate baterako, eta zuntz hori, hondatu barik, saio-hodi baten mantendu daiteke milaka urtetan zehar.

Uste dute 10 bat urte beharko direla teknologia berri hori guztiz garatu eta errentagarria izateko baina ikerlariek diote disko gogor ala zinta magnetikoen sistemak baino merke eta iraunkorragoa izango dela DNA erabiltzea, batez ere gobernuentzako eta datu kopuru eskerga gorde behar izaten duten erakundeentzako. Abantaila ez ei da hori bakarrik, izan ere, disko gogor ala zintek ez bezala, DNAk ez du mantenurako argindarraren beharrik eta mikroskopikoa eta dentsitate handikoa da euskarria bera.

Emandako azalpenen arabera DNA lagin bateko G, A, T eta C letra kimikoak erabili dituzte informazio digitalaren 0 eta 1 digituak kodifikatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak