Bagara Herrigintza Gaztea berriz martxan

Jagoba Domingo 2013ko urt. 29a, 18:29

Bagara Herrigintza Gazteak egitasmoak hirugarren edizioari helduko dio bihar Aretxabaletan. Bailarako gazteen kezken topagune bilakatu da azken bi urteotan, eta aurten ere gogotsu ekingo diote bihar arratsaldeko 19:00tan.

Bihar arratsaldeko 19:00tan ekingo diote Bagarakoek Herrigintza Gaztea egitasmoaren hirugarren edizioari. Aurtengoan ere gazteen kezkak zeintzuk diren identifikatu eta hauei erantzuna ematen saiatuko dira gerturatutakoak. Honetaz gehiago jakiteko, Aitzol Loiola, Bagara Herrigintza Gazteko antolatzaileetako batekin egon gara. Bere esanetan, “Herrigintza Gazteak bailara biziberritzeko egitasmo bezala sortu zen. Kultur eragileak, euskara eragileak, kooperatibagintzatik… zetorren jendea elkartzen zen, eta gazteen inguruan zer edo zer egiterik zegoen pentsatu zen. Hausnarketa batzuk egin ostean, gazte batzuk euren dinamika propioa dutela ikusi genuen, adibidez, gaztetxeetan, gazte mugimenduetan, kultur taldeetan edo euskara taldeetan”.  Guzti hauek batzeko asmoz sortu zuen Bagarak Herrigintza Gazteak.

Beraz, kezka ezberdinak identifikatu ondoren, adibidez autogestioa, euskara edo ekologia, hauen inguruko saioak egin zituzten iaz. Aurtengoan ildo beretik jarraituko dute, bi urtetako esperientziak ematen duen abantailarekin. Programa irekia dela azpimarratu du Loiolak, beraz, kezka ezberdinak agertu ahala saioak ezberdin bideratu daitezke.

Biharko saioa, Bagarak Aretxabaletan duen egoitzan egingo dute, Larrin plazan hain zuzen, Euskadiko Kutxaren eraikinean. Lehen saio hau, aurkezpen saioa izango da, bertan gazteak aurkeztu eta hauen kezkak plazaratuko dituzte, horrela zikloaren datozen saioak prestatzen laguntzeko.

Azken bi urteetan, balorazio positiboa egin dute gerturaturiko gazteek, inguruan gertatzen diren fenomeno interesgarrietan arreta ipini eta hauek aztertzen saiatzen direlako. Denon artean dagoen hartu-emana oso positiboa da, eta saio hauei esker, herri ezberdinetako gazteak kontaktuan jartzen dira.

Hilero bi saio egingo dituzte eguaztenetan 19:00tatik 21:00ak bitartean eta egoitzaz mugitzen joango dira. Iaz adibidez Bergarako gaztetxean, Arrasateko Emakumeen txokoan edo Antzuolako kultur etxean egin zituzten saioak. Beraz, bailarako gazte denei zabaltzen diete deialdia Bagarakoek, Herrigintza Gaztean parte hartu dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak