Markel Irizar: "Dokumentalak sufritzen dabilenari txispa ematen badio, helburua beteta"

Xabier Urtzelai 2013ko urt. 31a, 14:06

Martitzen gauean Markel Irizarren etxekoak Gabonetan moduan elkartu ziren mahairen bueltan. Lehenengo afaltzeko, eta gero, telebistaren inguruan denok, Informe Robinson saio barruan Bizipoz izeneko dokumentala ikusteko [Behean duzue]: "Une polita izan zen, astearte normal baten denok elkartu ginelako. Eta ohartzen zara gertuan gaudela denok, elkarrekin afaltzen eta gero telebista ikusten, eta konturatzen zara halako detaile txikiak direla bizitzan balio dutenak". 

 

Ez zen, baina, edozein astearte. Hilabete gutxi batzuk lehenago Canal+ telebista kateko ezezagun batzuk sartu zitzaizkien etxera, barruraino, eta elkarrekin egin zituzten hainbat egun: "Ez da erraza ezagutzen ez dituzun pertsona batzuekin etxeko intimitateak partekatzea, umeak tartean egonda, baina emaitzean pentsatzen nuen, lan horrek jende askori lagunduko diola, eta horrek guztiak merezi izango zuela". Hala, eguaztenean bertan twitter-etik ehunka mezu jaso zituen, zoriontzen, eta baita eskerrak ematen ere: "Bistan dago bizitza ez dela beti arrosa kolorekoa. Lehenago urte gogorrak bizitakoa naiz, eta lanak hori batzen du apur bat". Bizipoz-en, baina, mezua positiboa da, eta jendeak eskertu egin du hori, askorendako lagungarria delako: "Mezu bereziren bat edo beste jaso dut, esaterako, epilepsia krisiak izaten dituen mutil batena, eta dokumentala ikusteak indarra eman diola. Azken baten, sufritzen dabilen jendeari Bizipoz-ek txispa apur bat ematen badio, helburua beteta". 

Gertukoak, protagonista 

Bizipoz 25 minutuko dokumentala da, Irizarrekin eta haren gertukoenekin osatutakoa, Arrasate eta Oñatiko inguruetan, eta baita Gipuzkoako beste txoko batzuetan ere. Markelen ama, emaztea, osaba, etxeko txikiak, lagun asko eta baita taldekideak ere: "Horiek dira nire ingurukoak, gertukoak, nahiz eta jende asko falta den hor. Ez dakit, esaterako, dokumentalak erakusten duen ze gertukoa dudan osaba Txus, niretako anaia modukoa delako. Eta esaterako, pozgarria da Andy Schleck edo Fabian Cancellara moduko taldekideak nitaz berba egiten ikustea, horrek hunkitu egiten nau. Suposatzekoa da amak, edo emazteak, zutaz berba ondo egingo dutela, baina ez dakizu besteek ze iritzi izango duten zutaz". 

Ingelesera itzuli

Informe Robinsoneko lantaldeak egindako lana ingelesez titulatzea da hurrengo pausoa: "Horretan ari gara orain. Canal +ekoek irudien eskubideak utzi dizkigute, eta asmoa da Bizipoz dokumentala ingelesera itzultzea eta nire webgunean zintzilikatzea. Gero, polita izango litzateke lan horrek nazioartean oihartzuna izatea, eta horrela, jende gehiagorengana heldu ahal izatea".

Oñatikoak ez du lanaren oihartzunaz asko gozatuko, Qatarrerako bidean delako honezkero.

Otsailean, Alberto Iñurrategi

Bistan da Michael Robinsonek gustua hartu diela bailara honetako kirolariei. 2012an egindako azken erreportajeetako batean azaltzen zen Maider Unda, Las chicas de Londres izeneko dokumentalean, eta urtea Markel Irizarrekin hasi dute C+ekoek.

Otsailean, berriz, Alberto Iñurrategi izango da Informe Robinsonen, duela egun gutxi egon dira-eta, astebetez, Aretxabaletako inguruetan saioa grabatzen. Iñurrategirekin, besteak beste, 14 zortzimilakoen gainean egingo dute berba, gaur egun alpinismoak hartu duen norabideaz, eta etorkizunean dituzten proiektuez ere jardungo dute. 18 minutuko elkarrizketa oinarri hartuta askotariko irudiak erakutsiko dituzte, tartean, Vallejorekin eta Zabaltzarekin eskalatzen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak