Bere planarekin, Gizarte Zerbitzuen 18/2008 Legeak dakarren eskumen banaketari heldu nahi dio Aldundiak. Helburua da mendekotasuna duten pertsonak etxean, bere ohiko ingurunean jarrai dezaten ahalbidetzeko politikak hobetzea.
Plan horren bidez, udal egoitzak eta eguneko zentroak Foru Aldundiaren eskuetara pasatuko dira, eta Gipuzkoako 88 udalek bere gain hartuko dute etxeko laguntza zerbitzuaren finantziazioa. Foru Aldundiak argitu du berrantolaketa hori, 118/2008 Legearen arabera, 2009an zela egitekoa, baina orain arte ez dela egin.
Hala ere, Ander Rodríguez diputatuak azaldu duenez, Foru Aldundiak harago joan nahi du, eta mendekotasunaren arretaren "gipuzkoar modeloa garatu eta indartu" nahi du. Horren oinarrian hauxe dago: mendekotasuna duten pertsonak bere ingurunean ahalik eta denbora gehien jarraitzea, eta horretarako dirulaguntzak eta zerbitzuak ematea.
Hobekuntza planak lau ekintza nagusi ditu:
1. Foru Aldundiak erakunde autonomo bat sortuko du, Lurraldeko 16 udal egoitzen kudeaketa eta finantzazioa bere egingo duena progresiboki.
2. Udalek, progresiboki, etxeko laguntza zerbitzuaren finantziazioa bere gain hartuko dute eta zerbitzu hori indartzera konprometituko dira. Zehazki, etxeko laguntza zerbitzuari 189.000 ordu gehituko dizkio Foru Aldundiak, mendekotasun larrienetako graduetan zerbitzua %40 handitzeko.
3. Udalek mendekotasuna duten pertsonak etxean laguntzeko zerbitzua jarriko dute abian, baita zaintzaileei jarraipen bat egiteko ere. Etxeko jarraipena egingo duen talde berriak 144.000 zerbitzu ordu emango die urtean 12.000 pertsonei, hilean ordubeteko bisita bat eginez.
4. Foru Aldundiak Mendekotasun Legearen laguntza ekonomikoak birplanteatuko ditu Laguntza Pertsonaleko Prestazio Ekonomikoren erabilera sustatzeko.
Horrela, Foru Aldundiak beharrezko ikusten du udalekin batera "ahalegin bat" egitea etxeko laguntza zerbitzua indartzeko, izan ere, azken 5 urtean etengabe behera egin du erabiltzaile kopuruak: 2007an, Gipuzkoan, 6.146 erabiltzaile zituen; 2009an, 5.950; eta 2011n, 5.447.
"Ezkutuko lana" duen sektorea erregularizatzea
Horrek guztiak zaintzaren arloan Gipuzkoan mila bat lanpostu sortzea ekarriko luke, lau urtean. Diputatuak esan duenez, "enpleguaren aldeko eragin hori bereziki garrantzitsua da kontuan hartuta lan eremu hori oso emakumezkoena dela, oso prekarioa, ezkutuko lan asko duena; eta neurri hauekin erregularizatu egin beharko litzateke".
Zehazki, honela banatuko lirateke lanpostuak: etxeko laguntza zerbitzua hobetzeko, 130 lanpostu berri, 189.000 zerbitzu ordu gehiago emateko; 12.000 pertsonari jarraipena egiteko eta laguntzeko taldean, 100 langile berri lanaldi osoz, hilean ordu beteko bisita egin dezaten; eta laguntzaile pertsonalerako prestazio ekonomikoa garatzearen eraginez, zaintzaile profesionalendako 750 kontratazio inguru, %20 onuradun berri atenditzeko.
Lau urtean, 5,8 milioiko inbertsioa
Finantzazioari dagokionez, Mendekotasunaren Arreta Hobetzeko Plana 2013-2016k Gipuzkoako udalendako 5,8 milioi euroko gastua eskatuko luke, lau urtean; Foru Aldundiarendako, 7 milioikoa.