Euskarazko hedabideak saritu dituzte Argia Sarietan

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urt. 25a, 20:40

Bertsoa.com eta Dantzan.com atariek jaso dute gaur Interneteko Argia Saria 2013, Interneteko atalean. Orotara, zazpi sari banatu ditu Argia-k euskarazko komunikazioan nabarmendu diren talde, enpresa, profesional edo produktuei eskainita. Usurbilgo Atxega Jauregia jatetxean izan da bazkaria eta ondorengo sari banaketa.

Argia Sarien 24. edizio honetan, 2013koan, hauek izan dira sarituak:

  • Edu Lartzangurenek irabazi du PRENTSA IDATZIKO ARGIA SARIA Berria egunkariko Agenda sailean egindako elkarrizketengatik. Lartzangurenek saria jasotzeko egin duen meritu handienetako bat hedabideetan gutxi agertzen diren jendeekin hitz egin, haien mundua ikusteko manera jaso eta irakurleei modu erakargarrian aurkezteko gaitasuna izan da. Elkarrizketatu interesgarriak aurkitu eta gaur egungo gai ugariren ikuspuntu interesgarriak argitara emateko gaitasuna oso kontuan hartu du epaimahaiak.
  • Euskadi Irratian Asier Leozek gidatzen duen Portobello saioak irabazi du IRRATIKO ARGIA SARIA. Saioan eskaintzen duen musika hautatzeko aparteko gustua erakutsi du Leozek eta entzuleei behar bezalako testuinguruarekin eskaintzen dizkie. Nazioarteko joera berrienak ondo ezagutzen ditu kazetariak eta musika zaletuentzat erreferentziazko saio bihurtu da euskarazko irrati publikoan.
  • Herrira Mugimenduak urtarrilaren 12ko manifestazioko deialdia egiteko plazaratu zuen Denbora film laburrak irabazi du PUBLIZITATEKO ARGIA SARIA. Ezohiko saria da, hainbat arrazoirengatik: batetik, iragarlea ez baita erakunde publiko edo enpresa bat, herri mugimendu bat baizik; eta bestetik, epaimahaiak saritu duen bideoa spot arruntetik harago, film laburra delako. Fikzioaren baliabideak ekitaldi publiko bat iragartzeko egoki erabili izana kontuan hartu da saria ematerako orduan.
  • INTERNETEKO ARGIA SARIA ex aequo irabazi dute Bertsoa.com eta Dantzan.com atariek. Biak dira kulturaren alor zehatz bati bete-betean eskainitako webguneak eta erakusten dute gaur egungo teknologiak erabiliz, baliabide gutxi eduki arren gauza handiak egin daitezkeela. Bai batak eta bai besteak lortu dute Internet bertsotarako eta dantzarako plaza digital bihurtzea eta kulturaren alor horien jarraitzaileei berebiziko zerbitzua ematen dietela baloratu du epaimahaiak.
  • ETB1eko Azpimarra saioak irabazi du TELEBISTAKO ARGIA SARIA. 2009an martxan jarri zenetik gaurkotasuneko gaien jarraipena sakontasunez eta independentziaz landu du. Saioko kolaboratzaileen aniztasuna eta maila nabarmendu nahi du Argia Sarien epaimahaiak. Informazioaren munduak daukan abiada kontuan hartuta, telebista publikoan analisirako eta eztabaidarako honelako tarteen beharra nabarmendu nahi dugu sari honekin.
  • Euskadi Irratiak jaso du MEREZIMENDUZKO ARGIA SARIA. Ibilbide oso bat saritu nahi du Argia-k Merezimenduzko Argia Sariarekin, duela 30 urte baino gehiago abiatu eta gaur egun arte euskaldun guztion etxeetara iritsi den Euskadi Irratiaren ibilbidea. Euskararen zabalkunderako tresna garrantzitsua bihurtu da goizetik gauera eskaintzen duen programazioari esker eta gainera, geroz eta entzule gehiagorengana iristea lortzen ari da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak