'Berria'-k debagoiendarren 'ziztada' onuragarria jaso zuen zapatuan

Jon Berezibar 2013ko urt. 21a, 09:55

Zapatuan egin zuten Arrasaten Berria-ren aldeko Ziztada jaia. Kantuan, bertsotan, antzezten edo bizikletan, debagoiendarrak nagusi agertokian. Jaialdia egubakoitzean oso osorik ikusteko aukera egingo da 22:53ean Goiena Telebistan.

Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz telebistako aurpegi ezagunek gidatu zuten zapatu iluntzean Arrasateko Amaia antzokian Berria Taldearen alde egin zuten Ziztada jaian.

Debagoieneko euskalgintzako taldeek antolatutako jaialdiak musika, antzerkia, bertsoak eta kirola uztartu zituen, eta ibarreko jendea izan zen uneoro agertoki gainean egon zena. Jaiak 280 ikusle inguru erakartzea lortu zuen.

Debagoiendarrak agertokian

Ekitaldia 'Berria'-ren ale bat bailitzan egituratu zuten, egunkariaren ohiko ataletan banatuta: Euskal Herria, Mundua, Kirola, Ekonomia... Atal bakoitzari bideo batekin eman zioten hasiera, 'Berria'-ren ibilbidean sail bakoitzean garrantzitsuenak izan diren gertakariak jasotzen zituzten bideoekin, hain zuzen ere.

Ibarrekoen parte-hartzeari dagokionez, iazko tobera arrakastatsuko hainbat kidek epaiketa txiki bat burutu zuten eta Bea Azurmendi eta Oier Arregi kantariek Pink abeslari estatubatuarraren Dear Mr President jo zuten. Atzerrian bizi diren debagoiendarren hitzak ere entzun ahal izan ziren eta hauek, den lekuan egonda ere Euskal Herriko albisteak jasotzearen garrantzia azpimarratu zuten.

Bertsoak eta kirola eskutik joan ziren, Maddi Labaien eta Manex Agirre bertsotan ari zirela Oihana Kortazar eta Alberto Iñurrategi bizikletaren pedalak astindu zituzten-eta. Oñatiko Ganbara Txikiko neska-mutikoen bi kanturekin (tartean, Xalbadorren heriotzean ezaguna), Berria Taldeko Joan Martin Larrarteren mezuarekin eta oparien zozketarekin amaitu zen jaia.

'Berria'-koak, pozik

Joan Mari Larrartek adierazi zuenez, oso gustura hartu dute debagoiendarren ziztada: "Berriaren alde egingo duen era honetako proiektu bat,  erabat bertan antolatua dena eta eragileek herriaren parte hartzearekin burutu dutena, oso pozgarria da guretzat".

Antolatzaile  ibili den AEDko Itxaro Artolak ere balorazio positiboa egin zuen: "Ikuskizuna oso ondo egon da; ez genuen gutxiago espero, baina jendeak maila eman du. Asistentziarekin ere pozik gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak