EAJk Bilduri eskatu dio "birziklatzearen aldeko plataformekiko errespetua izateko eta inposatzeari uzteko"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urtarrilaren 18a

Gipuzkoa Garbia taldeak –EAJren kargu publikoek osatzen dute atez ateko bilketa sistemaren aurka eta birziklatzearen alde– goizean eskainitako prentsaurreko batean salatu du ezker abertzaleak "bere iritzia inposatzen jarraitzen" duela. Era berean, esker ona adierazi dio atez ateko bilketa sistemaren aurkako eta bosgarren edukiontziaren bidez birziklatzearen aldeko plataformetan lana egiten duten herritarrei. "Birziklatzearen aldeko plataformen ondoan izango gara eta inposizioari aurre egingo diogu", azaldu dute Imanol Lasa eta Aintzane Oiarbide Zarauzko eta Bergarako zinegotzi jeltzaleek.

Aintzane Oiarbidek honakoa esan du: "Oñatin beldurra dago atez atekoaren aurkako azalpenak egiteko eta, askok, zabor poltsak balkoietan zintzilikatzeko beldurra dute. Horregatik, Gipuzkoan lanean ari diren herritar zein plataformei animoak eman nahi dizkiegu inposizioaren aurka lan egiten jarrai dezaten".

Imanol Lasak honakoa esan du: "Joseba Permachen hitzak entzun ondoren argi gelditu zaigu Bildu eta ezker abertzalea errealitatetik oso urrun daudela. Ez dute ikusi nahi Gipuzkoako hainbat herritan gertatzen ari dena. Ez dituzte aintzat hartu atez ate bilketa sistemaren aurkako plataformek aurkeztutako sinadurak. Hau da, Bilduk herritarrak nahastu nahi ditu eta konponbidea zena arazo bihurtu du".

Era berean, Imanol Lasak Permachi eskatu dio, hondakinen kudeaketaren gaineko eztabaida Euskal Herriko parlamentu guztietan egiteko: "Ezker abertzaleak ez du gaiari buruz eztabaidatu nahi, herriaren gehiengoa Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plangintza Orokorraren (PIGRUG) alde dagoelako, hondakinen arazoari konponbidea emateko. Europako zuzentarauak zabortegi berriak irekitzearen kontrakoak dira, hain zuzen, Bilduk egin nahi duenaren aurkakoak. Hortaz, Bilduri eskatzen diogu Batzar Nagusien gehiengoa onartutakoa errespetatzeko; izan ere, Batzar Nagusiak dira gaia eztabaidatzeko lekua".

"Bosgarren edukiontziaren datu arrakastatsuen beldur dira"

Halaber, Lasak segidakoa salatu du: "Bilduk denbora luzea darama hondakinen kudeaketarako bilerak egin gabe udaletan zein mankomunitateetan, bosgarren edukiontziaren datu arrakastatsuen beldur baita". Horrenbestez, Zarauzko zinegotzi jeltzaleak Zarauzko datuak zehaztu ditu: “Abenduko datuak falta badira ere, 2012an 6.000 familiek bosgarren edukiontzia erabiltzen dute eta, guztira, 851 tona hondakin organiko jaso dira; hau da, 2011n baino hiru aldiz gehiago – 2011n 354 tona jaso ziren –. Beraz, argi gelditu da edukiontzien bidezko bilketa sistemaren arrakasta eta herritarren kontzientziazioa".

EAJren Zarauzko zinegotziak "errespetua" eskatu dio Bilduri: "Eskatzen diogu errespetu gehiago izateko edukiontzien bidezko bilketa sistemaren aldeko eta atez atekoaren aurkako plataformei eta horien iritziak entzuteko. Bilduk herritarren parte-hartzeari buruz hitz egiten du, baina gezur hutsa da, izan ere, erabakia hartuta eta iragarrita dute".

"Nahiz eta Bilduk herritarrak baldintzatu eta kontrolatu nahi dituen, gu birziklatzearen aldeko plataforma horien ondoan egongo gara, eta inposizioari ezezkoa esango diogu", esanez bukatu du Imanol Lasak.

"Arduratsua" izateko eskaera

Horrez gain, atzo, eguena, hedabideetara bidalitako ohar batean, Gipuzkoako hondakinen kudeaketan "arduratsua" izateko eskatu dio Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren batzarkide taldeak EH Bilduri; eta azalpenak emateko ere eskatu dio: "Ezinbestekoa da Bilduk eta Ingurumeneko foru diputatu Iñaki Errazkinek honakoa azaltzea: zer egingo dute hondakinen kudeaketa kaxkarra dela eta sortutako ekonomia arazoa konpontzeko? Egun, Foru Aldundiak Zubietako balorizazio-energetikoko planta gelditzeagatik hilean ordaindu beharreko interesak 200.000 eurotik 300.000 eurora handitu dira. Hau da, apustu garestia egin du Bilduren aginteko Foru Aldundiak, eta herritarrek nahiz ingurumenak ez dituzte kudeaketa kaxkar horren ondorioak pairatu behar. Hain zuzen, hilean 50 milioi pezeta dira eta, hori, Bilduk Foru Araua eta adostasunak ez betetzearen ondorioa da".

Batzarkide jeltzaleen taldearen aburuz, "konponbidea ez da zabortegi berriak egitea, nahiz eta Bilduk hala proposatzen duen, ezta ere hondakinak beste leku batzuetara eramatea". EAJkoen hitzetan, konponbidea Gipuzkoako Hondakinen Plangintzan jasota dago eta honakoa da: "Hondakinen sorrera gutxitzea, birziklatzen jarraitzea, hondakinak berriro erabiltzea eta Zubietako balorizazio energetikorako plantan hondakinen tratamendua amaitzea eta, ondorioz, kostu handiagoak ekiditea. Baina aitzitik, Bilduk ez du plangintza hori aintzat hartzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak