Iñaki Petxarroman, kazetaria: "Berrerabiltzea da herritar arduratsuen betebeharra"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urt. 18a, 08:00

Su haietatik ke hauek liburua argitaratu berri du Iñaki Petxarroman (Lasarte-Oria, 1973) kazetariak. Errauste planten gainean eta hiri hondakinen inguruan dihardu liburuan eta errauste plantaren aurka egiten du argi eta garbi. Datozen bi asteotan Oñatin eta Bergaran aurkeztuko du liburua eta hitzaldiak eskainiko ditu.

Zergatik liburua eta zergatik orain?

Batetik, 10 urte bete direlako errauste plantaren inguruko lehen proiektua onartu zutenetik. Horrek ematen zidan aitzakia gaiari dimentsio historikoarekin begiratzeko. Bestetik, sentitzen nuelako beharra hainbat herritan gertatzen ari den eztabaidaren jatorria zein den argitzeko. Eztabaidaren funtsa da Gipuzkoan inposatu nahi izan dela errauste plantaren proiektu bat, inork nahi ez duena eta, horren ondorioz, jarri direla alternatibak mahaiaren gainean. Eta alternatiba horrek aurrera egin dezan, ezinbestekoa da herritarren parte hartzea eta konpromisoa birziklatzeko orduan.

Eta zergatik izenburu hori?

Bi faktore izan ditut kontuan. Batetik, zentzu metaforikoa: errauste plantek sortzen duten sua, eragiten duten kea… Eta, bestetik, hiri hondakinen kudeaketaren inguruan dagoen eztabaida. Benetako mamia lausotzen duena. Kezko gortina bat sortu baita ez diguna uzten ikusten benetako arazoa zein den: errauste plantaren inposizioa. Bestetik, denbora kontua: sortu ziren su haietatik datoz orain ke hauek.

Zergatik dago eztabaida politikoaren erdian hiri hondakinen kontua?

Diputazioan, mankomunitateetan eta udaletan agintean daudenek erabaki dutelako errauste plantarik ez egitea eta horrek, ezinbestez, betebeharrak dakartzalako: errauste plantarik ez badugu nahi, zela kudeatu behar ditugu hiri hondakinak? Bi modu daude hondakinak kudeatzeko: bata da gaur egungoa, %30 edo 40 berrerabiltzen duena eta gainerakoa zabortegi toxikoetara eroaten duena; eta, bestela, berrerabilpen maila handitzea dakarrena, hondakinak gutxituz, era horretara bestelako eredu batera hurbiltzeko, zeinek erabili eta bota edo eredu kontsumista kolokan jartzea aukera emango digun.

EAJ eroso ikusten duzu eztabaida horretan?

Bai, baina okertzen ari direla iruditzen zait. Musean txikirako hordagoka arituko balira bezala. Ezagutzen ez duen kontu baten inguruan jendea aztoraraztea edo beldurtzea samurra da, baina denboraren eta garai berrien aurka dabiltza. Europatik datozen esperientziek diote ahalik eta gehien berrerabili behar dela eta, bereziki, krisi garai hauetan hondakinak ezin ditugu alferrik zabortegietara edo errauste plantara eroan. Naturaren aurka ez badugu joan nahi, ezinbestekoa da berrerabiltzea, ezinbestekoak dira arduratsu jokatzea eta kontzientziazioa. Hortaz, herritarrak aztoratzea, kalkulu politikoak egin dituztelako eta gobernuan dagoen Bilduko alkatea ahulduko dutelako… epe laburrera balioko die, baina etorkizunera begira, porrotera doan jarrera da, nire ustez.

Azkarregi hartu dira erabaki batzuk atez atekoa ezartzeko?

Oso zaila da erritmoak neurtzea. Errauste plantaren tramitazioaren faseak oso azkar eroan ziren aurrera eta horri azkar erantzuteko beharra izan dute orain gobernatzen daudenek. Baina bai, baliteke herriren batean denbora luzeagoa behar izatea, berba eginez hartu beharra erabakiak… Dena dela, Hernanin ere horixe aipatzen zen eta gaur egun abian dago atez atekoa eta jendea naturaltasunez ohitu da. Herritarrek eredua aldatu nahi badute eta errauste plantarik ez badute nahi herrian, zer egiteko prest daude eta zer egin behar dute? Berrerabiltzeak hautazkoa izan behar duela eta jendeari ezin zaiola ezer inposatu, gezurra esaten ari zaio jendeari. Berrerabiltzeak derrigorrezkoa izan behar du, herritar arduratsuen betebeharretan sartu behar da, ezin zaio naturari kutsadurarik bota, ezin zaio jendeari bere osasuna arriskuan jarri…

Baina inori ez zaio gustatzen edozer gauza egitera behartzea, egin beharreko hori zilegi izanda ere. Hortik uler daiteke Bergaran gertatu den moduko erantzuna atez atekoaren aurka?

Baliteke egotea jendearen aldetik zelanbaiteko erantzun gogo bat. Sentitzea politikariak ari zaizkiola behartzen gauzak egitera. Baina, Gipuzkoan planteatuta dagoen errauste planta Zubietan izan beharrean Bergaran izango balitz, gaur egungo eztabaida oso ezberdina izango litzateke Bergaran. Eta herritarrek ikusi behar dute herriak, Udalak, daukala hiri hondakinak kudeatzeko eskumena. Helduko da une bat udal bakoitzari eskatuko zaiona bere hondakinak ahalik eta gehien berrerabiltzeko, ze, bestela, jarri beharko zaizkio herritarrari hobari edo zigor fiskalak, bere hondakinak zabortegietara eroan beharko dituelako. Bergararrek ez badute nahi errauste planta toxiko bat eduki beren herrian, prest egongo dira beren hondakinak beste modu txukunago batean kudeatzeko.

Hernanin bizi zara. Han ere bizi izan duzue orain Debagoienean bizi dugun eztabaida, baina han atez atekoarekin zabiltzate. Lehen kontra egon eta orain gustura dagoenik ezagutzen duzu?

Bai, bai. Eta bergararrei gertatzen ari zaiena lehenago bizi izan dugu Hernanin ere, edota lehenago Katalunian. Herritarrek, hasieran, erreparoz begiratzen diote gaiari, baina, behin ezagutzen dutenean, ohitzen direnean, gaika sailkatzera hondakinak, erraz egiten dute. Hernanin ere gaia gori-gori egon zen hasieran, kalean, eta ezker abertzaleko boto emaile bat baino gehiago egon zen kontra, erritmoetan, ñabarduretan…, baina gerora, jarrera aldatzen du kontra dagoen erdiak baino gehiagok.

Zela ikusten duzu ezker abertzalea bera, bereziki, azkeneko hauteskundeetan eta Gipuzkoan, EH Bilduk izandako atzerakadaren ostean?

Hainbatean, deseroso. Gai hau kudeatzea konplikatua da,  herritarrak badu sentsazioa zerbait inposatzen ari zaiona. Halere, uste dut, ezker abertzaleak ezin dezakeela inondik inora atzera egin, EAJren ereduaren berdina edo kalkoa ezin da izan, izan beharko luke alternatiba, nahiz eta deserosoa izan eta, kasuren batean, boto batzuk galtzera eroan. Botoen gainetik koherentzia politikoz jokatu behar du.

Bilduk eta Aralarrek Bergaran erabateko gehiengoa dute. Udal hauteskundeak orain egongo balira?

Zaila da horri erantzutea. Eragina izango luke, jakina, eztabaida haizatzen ari direlako, baina esango nieke bergararrei, hiri hondakinak modu iraunkor eta osasuntsuagoan kudeatzearen aldeko direnei, gaur egun ekaitz horretatik aterako direla eta hondakinak beste modu jasangarriago batean birziklatzen jartzen direnean, hori martxan jarri ondorengo egunetik aurrera burua altxatzen hasiko direla.

Atez atekoaren kontra herrietan sortu diren kontrako ahotsen, herri plataformen, gainean ze iritzi duzu?

Horien atzean, eskubide osoz, gainera, EAJko kargu publikoak daudela uste dut. Eta erabaki dute Bildu hondora eroatea gai honen inguruan. Kalkulu politiko hori egin dute eta horretan dabiltza herririk herri. Nire ustez, apustu arduragabea da. Iruditzen zait 10 urte barru Gipuzkoan birziklapen maila %80koa izango dela, errauste plantarik jartzen ez bada. Une honetan ezin da atzera egin errauste plantaren proiektua baztertzeko erabaki horrekin, ze norbaitek erabakiko balu errauste planta txikiago bat egitea, bihurtuko ginateke bestelako eredu baten morroi, errauste plantari jaten ematera behartuta geundeke-eta. Europako herrialde aurreratuenen pare jarriko ginateke.

Errauste plantak minbizia sortzen du?

Bai, hori ez dut nik asmatu. Hainbat txostenetan agertu da eta azterketa epidemiologikoetan ondorioztatu dute errauste plantatik gertu bizi diren herritarrek minbizia izateko arriskua handiagoa dutela besteek baino. Azterketa horren ondorioz hainbat tokitan baztertu dute erraustegia jartzea. Baina, bestetik, ezin dezakegu jarraitu natura kudeatu ezin daitezkeen kutsaduragaiz betetzen. Ondorengo belaunaldiei legatu hobea utzi beharko diegu. Eredu hau itzuli egin behar dugu.

Baita Zubietakoaren moduko azken belaunaldiko edo moderno-moderno horietako batek ere?

Jakina, sasoi batean Arrasaten egon zen errauste plantaren modukoa ez litzateke izango, baina saiheste ezina da errauste planta horrek ez sortzea furanoak, metal astunak, errauts toxikoak edo dioxinak. Zubietakoa moduko errauste plantak ere sor dezake minbizia.

Berrerabili ezin daitekeen hondar horrendako, proposatzen diren zabortegi inerteak deitzen dioten horiek ez dira kutsakorrak?

Planteatzen duten irtenbide teknikoa da planta mekaniko biologiko batzuetan txarto birziklatuta doazen zaborrak tratatzea, sikatzea, kapsula batzuetan itxi eta inerteen zabortegi batera eroateko. Horra iristen dena zenbat eta txikiagoa izan, kutsadura gutxiago sortuko dugu gure lurrean eta askoz hobea izango da %80 birziklatzea herrietan, %40 birziklatzea baino. Baina, gainera, Zubietako erraustegiak errauts toxikoak ere sortuko lituzke eta horiek ere zabortegietara eroan beharko lirateke, zabortegi berezietara, gainera, hondar toxikoenak. Ez da egia erraustegiekin zabortegiak beharrezkoak ez direnik.

Interes ekonomikoak daude errauste planta egitearen atzean?

Bai, jakina, lobi indartsuak daude horien atzean, eraikuntza eta energia alorretakoak. Enpresa hauek lotura estuak dituzte hainbat alderdi politikorekin, hori liburuan azaltzen dut. Errauste plantarekin irabazten dute hura kudeatuko luketen FCC edota Zerbitzu bezalako enpresak. Iberdrola ere oso interesatuta dago errauste plantatik sortzen den energia saltzeko. Eta, era berean, EAJ eta PSE-EE ere interesatuta daude.

FCC eta Zerbitzu aipatu dituzu. Oro har, hiri hondakinen kudeaketara dedikatzen diren bi enpresa dira, baita atez ate batuko balitz ere.

Bai, hala da, hori ez da txarra. Aurkezten badira, baldintzak betetzen badituzte, horrekin ere negozioa egin dezakete. Bestalde, aipatu nahi dut atez atekoak lanpostuak sortzen dituela. Hernanin 15 bat lagun dabiltza lanean, hondakinak biltzen, bulegoan lanean, kamioekin… Bergaran ere sortuko dira lanpostuak eta aberastasun bat sortuko da herrian. Azken kontu bat: atez atekoa, errauste plantarik barik, merkeagoa da.

Zergatik ez zaio galdetzen herriari zer nahi duen?

Usurbilen eta Zestoan galdetu zaie. Zestoarrek erabaki zuten ez zutela nahi. Ez PSE-EEk ez eta EAJk ez diete inoiz galdetu herritarrei ea nahi duten errauste plantarik. Atez atekoaren gainean galdetu? Ez. Galdetu behar da, egitekotan, zela kudeatu hiri hondakinak: erraustegirik nahi den edo ez, eta ezta birziklatzea hautazkoa den edo ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak