Ariketa fisikoaren gainean kontzientzia zabaltzen dihardu Alberto Garai kirol-medikuak, 25 urte bete dituen Arrasateko kirol-medikuntza zerbitzuan, Athlonen. Bere esanetan, "sofatik altxa eta zapatilak jarri" behar dira, baina betiere "norberaren genetika eta mugak" ezagututa.
Hala, 50eko hamarkadan Ingalaterran egindako ikerketa batek, bere motan lehenengoetarikoa, autobus-gidariak eta autobusetako zaintzaileak jarraitu zituen, eta beti jesarrita zeuden gidariek autobusetik gora eta behera ibiltzen ziren goardiek baino %35 bihotzeko gehiago izan zituztela topatu zuen.
Beste muturrean, ordea, neurriz kanpo eta mediku-kontrolik gabe egiten bada, ariketa fisikoak muskuluetako, tendoietako eta hezurretako lesioak, tentsio-jaitsierak, hipogluzemiak eta bihotzekoak ekar ditzake.
Gakoa hau da, Alberto Garai kirol medikuak dioenez: "Oso garrantzitsua da pertsonak bere ezaugarriak ezagutzea, gorputza ezagutzea, bere mugak. Eta garrantzitsuena, prebentzioa". Horretarako, kirola egiten dutenei zein kirola egin ez baina egiteko asmotan dabiltzanei mediku espezializatuarengana jotzea gomendatzen die.
Arrasaten, Kirol medikuntzak 25 urte bete ditu, 23 urte eta erdi Musakolako Kiroldegian eta urte eta erdi pasatxo instalazio berrietan, Loramendi kalean, Arrasaten. Han dihardute Alberto Garaik, Oihana Uribetxeberriak eta Iosu Iriartek.
Zer egiten duzue hemen? Ze zerbitzu eskaintzen duzue?
Urtean zehar ia 2.000 pertsona pasako dira hemendik. Gure helburua herritarrengan bizimodu osasungarri eta aktiboak sustatzea eta bultzatzea da.
Hitz potoloak dira horiek
Bai horixe, baina kirola eta ekintza fisikoa ustartuz, osasuna mantentzea eta hobetzea da gure helburua. Kontutan izan behar dugu gaur egun gaixotasun garrantzitsuenetariko bat sedentarismoa dela, horrek eragin ditzakeen gaixotasunekin.
Gaixotasuna dela diozu. Zer da, bada, sedentarioa izatea?
Ekintza fisikoa ez egitea. Lanera oinez joaten bazara eta asteburuan pasiatzera edo mendira, ez zara sedentarioa. Sedentarioak eguneroko gauzak justu-justu egiten ditu, eta askotan herri erdialdera autoz joaten da.
Nola lortu zuen helburuak?
Prebentzioa eta ohitura egokiak bultzatuz. Kirol kultura landuz, ohitura bihurtu arte. Formakuntza ere oso garrantzitsua da. Kontutan izan behar da adin guztietako kirolariekin egoten garela, gurasoekin, entrenatzaileekin… hauek oso garrantzitsuak dira umearen hazkuntzan, formazioan…
Formazioa badugu? Kultura hori badoa errotzen?
Bai, baina kosta egiten da.
Zertara etortzen da jendea zuen kontsultara?
Guregana azterketa medikoak egitera etortzen dira, lesioak tratatzera eta aholku bila.
Aholku bila?
Bai. Galdera askorejin datoz: lesioak nola ekidin, kirolean nola hasi, nola planifikatu denboraldia, ze taupadetan, ze iraupen eta ze intentsitatean, ze kirol komeni zaion, nola elikatu, nola hidratatu kirolean, luzaketak egokiak diren… Eta baita bestelakoak ere: kirol arroparen inguruan ere galdetzen digute, ze zapatila, plantillak, protesiak, ze makina erosi etxean kirola egiteko…
Informatuta dago jendea?
Jendeak gero eta informazio gehiago dauka, baina era berean desinformazioa ere handiagoa da. Honelakoak gertatzen zaizkigu: bateren batek errotula azpiko kartilagoan desgastetxoa dauka; bizikletan ibiltzeko, lauan ibiltzeko eta 15 egunera bueltatzeko esaten diogu; bada, handik gutxira, Interneten begira egon dela-eta deitzen digu, ebakuntza beharrezkoa dela irakurri duelako… Baina ebakuntza noiz behar da? Bizimodu normala egiten badu, ez du behar izango. Hau da; askotan ez dakigu kritikoak izaten hainbeste informazio jasotzen dugunean.
Lehen azterketa medikua aipatu duzu, hain garrantzitsua da?
Bai, hasierako puntua da pertsona ezagutzeko, helburuak, dudak, ilusioak. Oso garrantzitsua da pertsonak bere ezaugarriak ezagutzea, gorputza ezagutzea, bere mugak.
Eta garrantzitsuena, prebentzioa. Patologien bat aurkitzen badugu ondo baloratu, eta gaixotasunen bat balego, kirolaren bitartez gaixotasun horreri nola aurre egin aztertuko dugu.
Zer egiten duzue azterketa mediku batean?
Elkarrizketa batekin hasten gara informazioa jasotzen. Zertarako etorri den, ze helbururekin, kirola egiten duen, nola egiten duen, ze kirol… Gero, aurrekari familiarrak eta pertsonalak lantzen ditugu: gaixotasunak, hausturak, lesioak, kirol lesioak, kirol ohiturak, elikadura ohiturak, ohitura sozialak… Eta segidan, zuzenean azterketarekin hasten gara.
Lehenik, lokomotozio aparatua aztertuko dugu, hau da, gorputz egitura. Hanken zapalketa, bizkar-hezurra, giltzaduraren mugikortasuna eta malgutasuna. Ondoren, zineantropometria, neurketa batzuen bitartez gantz portzentaia aztertu; bihotz eta arnas aparatuaren balorazioa, auskultazioa, tentsio arteriala eta elektrokardiograma geldirik.
Azkenekoa esfortzu-proba izango da.
Eta bukatzeko berriz eseritzen gara, emaitzak komentatu, aholkuak eman ekintza fisikoa antolatzeko, iraupena, intentsitatea, mugak, taupadak, planifikazio orokorra, luzaketak… eta dutxara. Txostena egiten dugu eta bidali.
Esfortzu froga derrigorrezkoa da? Zertarako egiten duzue?
Gaur egun 13-14 urtetik gorako denei egiten diegu. Helburua ekintza fisikoa imitatzea da. Hau da, zuk kirola egiten duzunean askotan nekatu arte egiten duzu, topera. Ba gu, esfortzu-proban, tope horretara heltzen saiatzen gara bihotza eta tentsio arterialaren erantzuna aztertuz, gehiago ezin arte. Horretarako elektrokardiogramaren 12 lerroak aztertzen ditugu eta aldi berean, tentsioa hartzen joaten gara, hasieratik esfortzua amaitu arte. Informazio asko eta garrantzitsua lortzen dugu prozesu honetan.
Berri txarrak ere emango dituzue
Batzuetan azterketa medikua bukatu eta beste espezialista batzuengana bideratzen dugu jendea. Urtean zehar hiru-lau pertsonak bihotzetik operatu beharra izaten dute eta beste hiruzpalau pertsonari konpetizioa edo kirola intentsitate handian egitea debekatzen zaie. Eta beste batzuei aldiz, bakoitzaren ezaugarriak aztertu ondoren, kirolez aldatzea aholkatzen zaie.
Kirol aldaketa hori ondo hartzen dute?
Ba egia esanda, batzuetan ez, eta normala da. Adibide bat jarriko dizut: hemen mendizale asko dugu, eta adinarekin hainbeste aldapa gora eta behera belaunak izorratu egiten dira. Orduan belaunak indartzeko, giltzadurak babesteko, konpentsazio lana jartzen dugu lesioa gainditzeko edo ekiditeko. Eta txip aldaketa hori asko kostatzen da.
Askotan pentsatzen dugu horrelako zerbitzu bat kirolarientzako bakarrik dela…
Hau guztientzako zabalduta dago, kirolari eta ez kirolari. Kirolik egiten ez baduzu, baina hasteko asmoarekin bazabiltza, leku aproposa da hau. Edo zalantza asko duzula, nola hasi, zer egin, ze kirol, nola jarraitu… Gainpisua duzula edo tentsio arteriala altu, eta familiako sendagileak kirola egiteko aholkatu dizu, hemen gaude laguntzeko prest! Ateak zabalik ditugu, duda guztiak erantzuten saiatuko gara.
Orokorrean, kirola ondo egiten dugu?
Nik uste dut orokorrean horrela dela; gure bailaran, bai. Gero eta garrantzi handiagoa ematen diogu beroketari, luzaketari, hidratazioari, elikadurari, plangintzari eta atsedenari. Kirola ondo planifikatuta egiten badugu onuragarria da. Onura fisiko eta psikikoak lortuko ditugu.
Kirola nola antolatu behar da, nola planifikatu?
Guk aholkuak eta planifikazio orokorra ematen dugu. Planifikazio zehatza egiteko, onurak lortzeko eboluzioa kontutan eduki behar da. Horregatik prestatzaile fisikoarekin jartzen dugu jendea harremanetan; gauzak ondo egiteko, zentzuz eta orden batekin, helburuak lortzeko. Lehen komentatu dugu kirola onuragarria dela, baina gauzak ondo eginda.
Jendeak gero eta gehiago eskatzen du prestatzaile fisikoa; ni lan honetan hasi nintzenean, pentsatu ezinekoa zen. Orain jendeak berak eskatzen du.Esaten diet: 6 hilabete edo urte betean probatu, ikusi nola planifikatzen dizun ekintza fisikoa, eta horren arabera ikasi egiten duzu. Gero berriz behar baduzu, bueltatu.
Gaur egun kirol asko egiten da, baina askotan muturrean gabiltza, ez gabiltza gure limitetik kanpo?
Horrela gertatzen da, bai. Beste horrek egiten badu, nik zergatik ez?, pentsatzen dugu. Eta bakoitzak bere mugak, bere genetika dauka, eta limitean gabiltzanean arriskuan jartzen dugu gure burua. Denok ez gara jaio Everestera igotzeko, batzuk Pirinioekin konformatu beharko dira, beste batzuk Kurtzebarri eta Besaiderekin, eta besteok trenbidean paseatzen ibili beharko gara.
Presio txikiko ariketak ere egin behar dira, batez ere emakumeek
Gero eta gehiago daude modan, baina askok oraindik ez dute Gimnasia Abdominal Hipopresiboaren (GAH) berri askorik. Hain justu, kirol gehienen kontrako efektua dute ariketa horiek: abdomenaren gainean presioa ez egitean datza GAH; alderantziz, kirol gehienak abdomenarekiko hiperpresiboak dira.
Zoru pelbikoa, abdomen aldeko organoak eusten dituen muskulu sorta, nasaitu egin daiteke eta organoak mugitu egin daitezke. Saioa Baena fisioterapeutak Arrasaten ematen ditu abdominal hipopresibo eskolak, Abian fisioterapia zentroan. Bere esanetan, erditzearekin, menopausiarekin baina, baita, abdomena asko presionatzearen ondorioz kaltetu egin daiteke zoru pelbikoa, eta tonua galdu: "Korrika, aerobika… egin daitezke, baina ariketa hipopresiboekin konpentsatuta". Prebentzioaren garrantzia azpimarratzen du.

Zoru pelbikoa lantzeko modu bat da GAH. Hasieran, erditze-osteko gimnasiara mugatzen zen, emakumeak abdomeneko muskuluen tonua berreskuratu zezan. Baina, gero, abantaila asko zituela ikusi zen: "Patologia funtzional askotan laguntzen zuela konturatu ziren: zefaleak, min torazikoak eta abdominalak, oreka arazoak, tortikolisa, eskoliosia, lumbagoa…", esaten du Saioa Baenak.
Erditze ostean "oso ondo" datoz ariketa horiek, "baina prebentzioa oso garrantzitsua da", azpimarratzen du Saioa Baenak. "Gimnasia abdominal hipopresiboa egiteko ez dago adinik. Jende asko umea eduki aurretik animatzen da. Haurdunaldi ostean eta menopausian ere oso ona da".
Saioa Baenak dioenez, "egunean 30 minutu eginda" nahikoa da. Berak astean behin ematen ditu eskolak, eta 10 emanaldi egiten ditu, "ikasteko, baina gero, etortzen jarraitu dezake jendeak".
Betidanik ezagutu ditugun abdominalak ariketa hiperpresiboak dira. Saioa Baenak honako gomendioa egiten du: "Kirola egin dezakezu; korrika, spinninga… baina horien eragina konpentsatu egin behar da, zoru pelbikoaren tonua landuta. Izan ere, kirol mota askok zoru pelbikoa jaustea eragin dezakete. Adibidez, emakumea txixa galerekin baldin badabil, ariketa hiperpresiboak kontraindikatuta dauzka".