Graph Search aurkeztu du Facebook-ek, erabiltzaileen arteko informazioa are gehiago gurutzatzeko

Jon Berezibar 2013ko urtarrilaren 16a

Espekulazio ilada luzea ekarri duen aurkezpena zen Facebook-ek atzorako iragarrita zeukana. Azkenean aurkeztu dena Facebooken zerbitzu gehigarri bat izan da, Graph Search, bilatzaile bat antzeko gustu ala beharrak dituzten erabiltzaileak elkarren artean konektatzeko.

Mark Zuckerberg-ek berak egindako aurkezpenean Graph Search delakoa “Facebook-en hirugarren zutabea" izango litzateke, albisteen feed-a eta erabiltzailearen beraren ekarpenak osatzera datorrena.

Facebook-ek erabiltzen eta ustiatzen duen informazio kopurua izugarria da. Egunero sare sozialean milioi bat erabiltzaile berrik egiten du alta, 240.000 milioi irudi baino gehiago daude igota, erabiltzaile aktiboak mila milioitik gora dira eta erabiltzaileen arteko konexioak bilioia gainditzen dute. Informazio hori guztia gurutzatu nahi du aurrerantzean Facebook-ek erabiltzaileak eta hauen jarduerak elkarren artean lotzeko.

Bilatzailean galderak bota daitezke eta bilatzaileak galdetutako horrekin zerikusia izan dezakeen informazioa duten erabiltzaileak erakutsiko ditu. Erabiltzaileen profilak eta eurekin lotutako edukiak gurutzatzen ditu bilatzaileak. Bilaketen emaitzetan erabiliko den informazioa erabiltzaileak publiko egindakoa izango da, aurkezpenean argitu zutenez.

Momentuz probatarako fasean daukate Graph Search baina interesa dutenek itxaron-zerrenda baten eman dezakete izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak