Eta badirudi estatistika datuek ondo islatzen dutela Debagoieneko errealitatea. Izan ere, enpresek, handi eta txikiek –baita 10 langile baino gutxiago dituzten enpresek eta komertzioek ere–, kontuan dituzte teknologia berriak, eta gero eta gehiagok erabiltzen dituzte euren jarduerako zati integral eta oso garrantzitsu gisa. Erretratu azkar batek honakoa diosku: Debagoieneko komertzio, establezimendu, enpresa eta erakunde gehien-gehienek dituztela IKTak eta gero eta gehiagok dituztela webgune korporatiboak; eta horiek euskaraz daudela. Baina Internet eta IKTak gauza askotarako erabiltzen dituzte Debagoieneko enpresek: bezeroekin harremanetan egoteko, marka-irudia indartzeko, hornitzaileekin kontaktuan egoteko, produktua on-line saltzeko…
Facebook, Youtube…
Import Arrasate (www.astore.es) da horren adibide bat. Bertako Komunikazio koordinatzaile Rikardo Idiakezek dioenez, enpresaren egunerokoan erabat txertatuta daude IKTak. "Txertatzeaz gain, teknologia berrienei adi bizi gara eta etengabeko hobekuntzarako egin beharreko egokitzapenak egiten saiatzen gara. Nola Ternuan hala Astoren webgunea eta sare sozialetan gaude: Facebook, Twitter, Youtube... Halere, ulertzen dugu badugula zeregina hobetzen eta erreminta berriak ezagutzen eta aplikatzen, eta arlo honetan ere berrikuntza garaian gaude. Aurki berrituko eta indartuko ditugu gure kanalak".
Enpresa gisa, Idiakezen esanetan, IKTek "lanerako erreminta hobeak eta komunikaziorako gaitasun handiagoa eskaintzen" dizkiote Import Arrasateri.
Oso bestelako enpresa batek ere probetxu handia ateratzen die IKTei. Bergarako KB argazki-denda eta estudioari (www.kbphotoestudio.com) "dezenteko zabalkundea" eman dio bere webgunea eta bloga egiteak. Bertako Ion Anduezak euren esperientzia kontatzen du: "Egiten genituen lanen –ezkontzak, estudioak, jaunartzeak…– laburpentxoak blogean sartzen hasi ginen, bezeroaren baimenarekin. Eta, adibidez, bezeroak umearen argazki batzuk kanpoan dituen senideei erakutsi nahi izanez gero, blogean sartzeko eta argazkiak ikusteko esaten zien. Horrela, esan daiteke bezeroak joan direla gure webgunea zabaltzen, eta horrek bisita gehiago erakarri ditu. Eguneko estatistikak begiratuta, 100 bisitatik gora izaten ditugu".
Webgunea argazkigintzaren gaineko albisteak, bitxikeriak, KBn ematen dituzten ikastaroak… ateratzeko ere erabiltzen dute. "Negozio gisa, tresna inportantea" dela esaten du Anduezak.
Bezero motaren arabera
IKTak enpresaren elementu estrategiko eta eguneroko bihurtu dira eta, kasu askotan, kontsumitzaile arruntak ez du haien lana igartzen, baina bai enpresek. Bergarako Lazpiur enpresak (www.lazpiur.com) automatizazio mekanikorako soluzioak egiten ditu, eta Gorka Buruaga informatikoak honakoa diosku: "Webgunea eta Youtuben kanal korporatiboa dugu, besteak beste. LinkedIn sare sozialean ere bagaude. Batez ere, oso produktu berezia denerako, interesgarria da. Facebook, adibidez, gure sektorea eta gure bezero mota kontuan hartuta, ez zaigu hainbeste interesatzen. Horrez gain, periodikoki mailing-ak egiten ditugu gure bezeroekin, produktu berriak iragartzeko; Interneten gure notiziak ipini eta eguneratu egiten dugu gure webgunea".
Hain agerikoa ez den funtzionamenduaz gain, Eustat-en datuek diotenez, enpresa askok erabiltzen dituzte IKTak administrazioarekiko izapideak edo tramiteak egiteko. Estatistika erakundearen arabera, Internet eduki eta administrazio publikoekiko tramiteak egiten dituzten enpresak bereziki ugariak dira Debagoienean (%97,3). Hurrengo datu onenak Gernika-Bermeo eskualdeak (%93,7), Bizkaian, eta Kantauri arabarrak (%92,2) dituzte. Donostian, enpresen %88,4k egiten dituzte tramite horiek Internet bidez.
Udalekin hartu-emanak
Gaur egun udal gehienek dute webgune propioa, baita Debagoienean ere. Gehienek herriaren eta udalaren aurkezpen-txartel gisa erabiltzen dute –alde turistikoa azpimarratuz, herrira nola ailegatu azalduz…–; baita herriko albisteak emateko, kultura eta kirol agenda argitaratzeko eta udal zerbitzuen zein udalean sortzen diren lanpostuen berri emateko ere, besteak beste. Nahiz eta oraindik ez den gauza orokorra, udal batzuek administrazioarekiko tramiteak egiteko aukera ere ematen dute; adibidez, Elgetako Udalak (www.elgeta.org) jasotzen du aukera hori. Erabili nahi duenak udaletxera jo behar du eta sarrera-gakoa eskatu. "Orain hilabete batzuk jarri genuen martxan aukera hori, eta oraindik jende gutxik eskatu du, baina egin nahi duenak klabea eskatu besterik ez dauka", esaten dute udal arduradunek.
Herritarrek Internetez udalarekin parte hartzeko aukera gehiago ere badute. Esaterako, udal aurrekontuak egiteko, herritarrak gonbidatu zituen udalak zertan inbertituko luketen esatera; bestalde, norberak bere galdera bidaltzeko aukera dauka udal webgunea erabilita; sarean dago ere Elgeta Danon Artian egitasmoa; udalaren Twitter eta Facebook profilen estekak edo loturak ere bertan daude…
Hiriburuetako udal webguneak izan ziren izapideak on-line egiteko aukera ematen hasi zirenak. Hala, udal batzuek isunak Internetez ordaintzeko bidea ere ematen dute.
Moden gainetik begiratu
IKTak, interaktibitatea, berehalakotasuna… balio garrantzitsuak dira, baina, betiere, norberarendako egokienak eta modu egokienean erabili behar dira. Horretarako, abiapuntu on bat hauxe da: "Norberak zer egiten duen eta zer egin nahi duen zehaztea". Hori da Aitor Labandibar adituaren iritzia eta aholkua. Oiartzungo Kam enpresako kidea da bera. Enpresei eta erakundeei IKTak inplementatzen laguntzeko eta nola erabili aholkatzeko sortu ziren enpresetako bat da Kam. Erakunde askorekin egiten dute lan, baita Debagoienekoak ere. 10 urte daroate lan hori egiten eta, Labandibarren esanetan, IKTetan moden gainetik begiratzen jakin behar da: "Orain moda baldin bada langileek poltsikoko telefono inteligenteak izatea, enpresetan horrek ere eragina du. Sare sozialak modan baldin badaude, orain badirudi dena horiekin konpontzen dela. Baina, niri galdetzen badidazu nondik hasi beharko luketen enpresek, nik, lehenengo, zer egiten duten eta zertan hobetu nahi duten pentsatzea gomendatuko nieke, eta hobetu nahi duten hori IKTekin nola hobetu dezaketen. Seguru IKTekin enpresa hobetzeko moduren bat egongo dela: software bat dela, sare sozialak erabiltzea dela, teknologia berriren bat salmentetan edo produkzioan lagunduko diona…"
Modei itsu-itsuan kasu egitea ez da beti ona izaten: "Adibidez, batek plastikozko tapoiak egiten baditu, jende arruntak ez ditu horiek erosten, eta kasu horretan sare sozialetan buru-belarri sartzeak beharbada ez du zentzu handirik", esaten du Aitor Labandibarrek, adibide gisa.
Bat dator Euskal Herrian, orokorrean, IKTak oso sartuta daudela, baina ez berdin sektore guztietan: "Gaur egun, enpresa txikienak ere badauka bere webgunea. Orain hamar urte, webgunea zertarako galdetzen ziguten; gaur egun ez da hori gertatzen. Sektore jakin batzuetan berrikuntza eta teknologia berriak bereziki txertatuta daude. Beste batzuek, enpresa txikiagoek, adibidez, aldaketak ez dira horrenbestekoak. Nire esperientziaren arabera, teknologiarekin, salmentekin…lotuta dauden enpresek ikusten dute IKTen beharra: biltegiarekin konektatzeko, saltzaileen lana samurtzeko…".
Euskarak, funtzio propioa
Euskarazko webguneen datu onena, Euskadi osoan, Debagoienak dauka. Dena dela, euskara gero eta gehiago hartzen dute aintzat Euskadiko erakundeek eta enpresek. Hala, Kam-eko Aitor Labandibarrek dioenez, "gehienek webgunea euskaraz ere egotea eskatzen dute. Udalek ele bitan egotea eskatzen digute; ikastetxeek ere bai. Enpresak, segun eta ze zonaldekoak diren, baina, orokorrean, bai, gehienek eskatzen dute webgunea gutxienez ele bitan egotea; gero, enpresek ingelesez-eta egotea ere nahi izaten dute".
IKTak eta euskara modu arrakastatsuan uztartzeko aholkularitza ematen dute hainbat enpresak; tartean, Arrasateko Emun kooperatibak. Emunek ikerketa bat hasi zuen 2011ko azaroan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza-politika Sailburuordetzak diruz lagunduta. Ikerketa hori #sarekohizkuntzak zen. Helburua hau zen: enpresa pribatuek sarean izan beharko lituzketen hizkuntza irizpideen gaineko hausnarketa egitea. Gero, iazko azaroan, Donostian egin zen Euskarazko Teknologia Berrien Azokan, Xaren, parte hartu zuen Emunek. Bertan, Txerra Rodriguez Emuneko teknikariak hitz egin zuen, eta #sarekohizkuntzak ikerketako ondorio batzuk azaldu zituen. Esan zuenez, bi hizkuntza erabiltzen dituzten enpresek hizkuntza bakoitzeko sare sozialetako kontu bat ala kontu bakarra erabiltzea, hori izan zen eztabaida nagusia esandako ikerketan. Bada, Emunen gomendio orokorra hau da: "Gure ustez, enpresak sare sozialetan duen jarduna oso zabala ez bada euskara eta erdara kontu bakar batean uztartzeak ikusgarritasuna ematen dio euskarari. Aldiz, enpresak sare sozialetan duen jarduna oso zabala bada hizkuntza bakoitzarentzat kontu bat erabiltzea proposatzen dugu".
Euskara hutsezko kanalei dagokienez, gomendio batzuk ematen ditu Txerra Rodriguezek: "Mezuak errepikatu eta itzuli behar dira? Gure ustez, ez. Kasu batzuetan ezinbestekoa izango da horrela aritzea. Baina, gure ustez, euskara hutsezko kanalak nortasun propioa izan behar du. Adibidez, beste kanaletan agertuko ez diren mezuak agertu daitezke euskarazkoan". Eta, bigarren gomendioa: "Euskarazko kanala sustatu behar da. Euskarari enpresa edo entitatearen komunikazioan funtzio propioak ematea aurrerapausoa da, dudarik gabe. Baina ezin dugu ahaztu gure hizkuntzak oraindik orain ez duela egoera normalizatu bat, ezta sare sozialetan ere. Horregatik, gure ustez euskaldunen artean euskarazko kanala sustatzeko lana egin behar da, ez dadila geratu bigarren plano batean".
-----------------
Ikastetxeak: IKTendako sektore "interesgarrienetariko" bat dira, Kam aholkularitzaren esanetan; besteak beste, erabiltzaile asko dituztelako eta Internet irakaskuntza-tresna delako.
-----------------
Enpresa pribatua: Euskadiko enpresa gehienek dute webgune korporatiboa (irudian, Lazpiurrena); baina IKTak barruko jarduerarako eta funtzionamendurako ere erabiltzen dituzte.
-----------------
Erakunde publikoak: udal gehienek informazioa emateko erabiltzen dute webgunea. Batzuek tramiteak on-line egiteko eta parte hartzeko bide batzuk ematen dituzte.