Aldundiak eutsi egingo dio euskara sustatzeko bideratutako diruari 2013an

Leire Kortabarria 2012ko abe. 20a, 19:33

Dirulaguntza politikan lehentasun berriak ezarri ditu Euskarako Zuzendaritzak. Lankidetza hitzarmenak indartuko dira. Udalentzako, helduak alfabetatzeko eta euskarazko hedabideentzako laguntzak handitu egingo dira.

Euskarari bideratutako diru partida bera izango da datorren urtean. Alor horretan ez da murrizketarik izango. 2013ko aurrekontuetan 3,3 milioi euroko partida izango du Euskarako zuzendaritza nagusiak hizkuntza normaltzeko proiektuak diruz laguntzeko. Laguntza politikan norabide aldaketa areagotu egingo da.

Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak zenbait aldaketa iragarri ditu. “Aldundiak lehentasun berriak ezarriko ditu euskarari dagokionean, ildo jakin batzuk bultzatuko baititugu. Kontuan izan beharra dago, halaber, baliabideak mugatuak direla”, adierazi du.

Euskalgintzako eragileekin lankidetza areagotu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hitzarmen bidez adostutako proiektuak, beraz, indartu egingo dira.

“Diru laguntza bidez lantzen ziren ildo batzuk beste ildo batzuetatik garatuko dira aurrerantzean”, azaldu du. Udalek, diru-laguntza gehiago jasoko dituzte, helduak alfabetatzeko diru gehiago bideratuko da, eta euskarazko hedabideak sustatzeko ildoa indartuko du Euskarako zuzendaritzak.

Zuzendaritzaren aurrekontua murriztuko ez bada ere, aipatutako ildoak indartzeko, diru-laguntza batzuk murriztu egin behar izango dira, zinemagintza sustatzekoa kasu; beste laguntza batzuk, berriz, egingo dira izan dira, liburuak merkaturatzeko zegoena esaterako.

Udalek, helduen euskalduntzea eta euskarazko hedabideak

Udalek baliabide ekonomiko gehiago izango dituzte euskararen aldeko politika publikoak abian jar ditzaten. Ekitaldi honetan indartutako ildo honek indar handiagoa izango du. Azken batean, esparru sozio-ekonomikoko laguntzak Aldundiak zuzenean eman beharrean, laguntza horiek udalek kudeatzeari garrantzia eman nahi zaio.

Euskaldundu edota alfabetatu nahi duten helduentzako laguntzak handitu egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta udalak arduratuko dira laguntza horiek kudeatzeaz.

Euskarazko hedabideak indartzeko hautua ere egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Sektorea berregituratzeko asmoz, baliabide gehiago eskaini nahi dizkie. Euskarazko hedabideentzako partida %25 handituko da 2012arekiko. Herri eta eskualde mailako aldizkarientzat, toki telebistentzat eta IKTen bidez zabaltzen diren hedabideentzat laguntzak handituko dira, beraz.

Horrez gain, hitzartutako proiektuak indartu egingo dira. Aurtengo aurrekontuaren aldean, %14 Zigor Etxeburuaren esanetan, “proiektu batzuk hobeki garatzen dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta gizarte eragileen hitzarmen adostuen bitartez, lankidetzan”. Honako eragile hauekin hitzarmenak iragarri ditu: UEMA, Euskaltzaindia, Galtzagorri, Elhuyar, Mintzola, UZEI, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Aztibegia, Bai Euskarari Ziurtagiria, Soziolinguistika Klusterra, UEU, Universitas Vasconum, Kontseilua, Gipuzkoako Bertsozale Elkartea, Eusko Ikaskuntza, Topagunea, Urtxintxa Elkartea eta Jakin.

Aparteko laguntzak: Berria eta Kontseilua

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurtengo ekitaldian aparteko diru-laguntza bana emango dizkie Berria-ri eta Euskara Gizarte Erakundeen Kontseiluari, beraien egoera eta izaera estrategikoa dela eta. Berria egunkariak 50.000 euroko laguntza jasoko du. Gipuzkoako Foru Aldundia prest dago, euskarazko hedabideen eginkizun estrategikoaz jabeturik, hedapen orokorreko euskarazko egunkari nagusia den Berriari laguntzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak garrantzi berezia aitortzen dio, euskararen normalizazioa eragiteko Kontseilua egiten ari den lanari. Lurraldearen interes orokorraren alde egiten du. Horregatik, funtsezkoa da Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekiko lankidetza abiatzea eta bere egitasmoak garatzeko baliabideez hornitzea. Kontseiluak 40.000 euroko laguntza jasoko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak